Tere Maldonado.

Hamar tesi hezkuntzaz ('baina' gisa adierazita)

2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
1.- Hezkuntzan eta edonon, berrikuntza komenigarria edo desegokia izan daiteke, ona edo txarra, desiragarria edo arbuiagarria. Segun eta. Ez da modu sistematikoan helburu bihurtu behar. Etengabe berritzea, berritze hutsagatik, oso kaltegarria izan daiteke. Aurretik inork egin ez izanak ez du ezer berez on bihurtzen, ezta artearen alorrean ere, zer esanik ez gainontzekoetan. Batzuetan, berritu baino komenigarriagoa da beste batzuek aurretik egin dutena imitatzea eta errepikatzea. Berritasunaren gurtza modernitatearekin agertzen da eta kapitalismoarekin sartzen da negozioen mundura. Kapitalismoaren beharrizanek urrezko zekor bihurtu dute berrikuntza, eta guztiok gurtzen dugu esaneko, pedagogoek eta hezkuntza burokratek bereziki. Hezkuntza Sailean berrikuntza pedagogiko izeneko departamentu bat eta berritzeguneak bazter guztietatik egotea, berritzearekiko debozio akritiko eta zentzugabe horrek baino ez du azaltzen. Hezkuntza Sailak eta tartean dauden gizarte-eragileek pentsatubeharko lukete (kritikoki, noski) ea amaierarik gabeko berrikuntza ez ote den zentzugabekeria bilakatzen ari, amildegirantz ihes egitearen antzekoa, eta euren buruari galdetu horrela jokatzea ez ote den oinarririk gabeko sineskeriaren emaitza.

2.- Egin behar dugun edozer askoz hobeto egingo dugu motibazio-dosi handiekin. Ikasi eta irakatsi ere bai. Baina ikasteko eta irakasteko orduan, motibazioa bitartekoa da, ez helburua. Batzuetan, motibatzen ez gaituzten gauzak egin behar ditugu. Irakasleak ez dira motibazio coach-ak, ezta aisialdiko monitoreak ere, irakastea dute lan eta betebehar. Ikasleak ez dira beti motibaziorik gabeko bakarrak.

3.- Hezkuntza-sistemak ezagutza gutxiago transmititzen du gaur egun duela zenbait urte baino. Ikasle gehienek gauza gutxiago ikasten dute eta okerrago mintzatzen dira. Historiako belaunaldirik prestatuenaren klixea faltsua da. Ikasleei, gauza handirik jakin gabe ikasgaiak edo kurtsoak gainditzea ahalbidetzea, bakar-jokoan tranpak egitea bezala da, ergelkeria. Agintariek eta hezkuntza-komunitateak fenomeno horri buelta emateko modua aurkitu behar dute, tranparik gabe.

4.- Ez du zentzurik ulertu gabe gauza asko buruz ikasteak. Iraganean, ikaskuntzan oroimena gehiegikeriaz erabili zen. Baina memoria beharrezkoa da hezkuntzan eta bizitzan. Eta gauza batzuk bakarrik buruz ikas daitezke (Afrikako hiriburuak, biderkatzeko taulak, phrasal verbs eta beste asko). Oroimena adimenari laguntzen dion tresna da. Poemak eta abestiak buruz jakiteak pozez horni dezake bizitza.

5.- Eskolan edo institutuan, edukiez gain, beste gauza batzuk ikasi behar dira, hala nola trebetasunak, ohiturak, prozedurak eta gaitasunak (ikastorduetatik kanpo ere ikasten dira). Adibidez, oso komenigarria da arreta finkatzen ikastea, estimulu batetik bestera salto egiten ez egoteko beti, etengabeko asebetetze-txuteak bilatuz. Hori lortzeak izugarrizko atsegina ekarriko digu, nobela, saiakera, poesia liburu bat irakurtzean, film edo dokumental bat ikustean lortzen dena bezalakoa. Eta barruko bakea.

6.- Irakaslea ez da ikaslea baino gehiago, biek zor diote elkarri gizaki orori zor diogun errespetua. Baina irakasleak ikasleak baino gehiago daki, irakasleak ematen duen ikasgaiaz dakien guztiaren zati bat pasatu behar die ikasleei. Ikasleek eta gurasoek konfiantza izan behar dute irakaslearen egiten jakitean, eta pazientzia ikaskuntzaren fruituak ikusteko, inoiz ez baitira berehalakoak, iraunkortasuna eta heltze-prozesua behar dute.

7.- Natura, historia, teoria zientifiko, teorema matematiko edo kontakizun mitologikoak jakitea, ikastea eta ulertzea bizitzan egin ahal ditugun gauza atsegingarrienetako batzuk dira. Egite horiek ezin dira bideo batean grabatu, ezta sareetan zintzilikatutako mila argazkitan islatu ere. Guztion eskubide izan beharko lukete, eta ez gutxiengo baten pribilegioa.

8.- Biztanleriaren alfabetatze digitala beharrezkoa, desiragarria eta saihetsezina da. Teknologiak sekulako aukerak eskaintzen ditu bizitza errazteko. Baina fanatismo teknologikoa mozolokeria da. Hiper-digitalizazio bizkorra presaka eta baldintza material eta subjektiborik gabe, kaltegarria da; arindu beharrean, lan-gainkarga handitzea dakar; konpondu beharrean, arazoak sortzen ditu, eta antsietatea eta etsipena ere bai. Ondorioz, irakaskuntzaren kalitatea murrizten da.

9.- Ikasketa-zentroek publizitaterik gabeko guneak izan beharko lukete legez. Eskola-orduetan nerabeak mota guztietako produktuen publizitate-iragarkien eraginpean jartzea debekatuta egon beharko litzateke; seguru asko, adingabearen eskubideak urratzen ditu, eta erakunde publikoek zaindu beharko lukete hori ez dela gertatuko. Baina eginbehar hori inork ez duenez betetzen, ikasleen zein gurasoen elkarteek eta irakaskuntzako sindikatuek lehentasunezko helburutzat hartu beharko lukete ikastetxeetan erabiltzen diren ordenadore eta gailu elektroniko guztietan Internet bidezko publizitate komertziala erabat desagertzea.

10.- Ezinbestekoa da irakaskuntzari prestigioa ematea, baloratzea eta hobeto ordaintzea. Egunetik egunera arazo eta traba gehiago dituzten irakasleen lana erraztu egin behar da. Premiazkoa da ratioak jaistea eta irakasleei denbora gehiago ematea euren artean koordinatzeko, familiei arreta emateko, eskolak prestatzeko, lanak eta ariketak zuzentzeko eta ikasle guztiei behar bezalako jarraipena egiteko. Lan burokratikoa arindu behar da. Horrek ere lehentasuna izan beharko luke ikasle, guraso eta sindikatuentzat.

Badakit, haizeak eramango dituhamar tesiak. Dena pikutara doanean, gorroto egingo dut «esan genizuen» esan behar izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.