Tere Maldonado.

Hamaika lelo egiari bueltaka

2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Joan ebanjelariak dioskunez, mundura egiaren testigantza egitera etorria zela esan zionean, Pontzio Pilatok galdetu zion Jesusi: «Egia? Etazer da egia?». Erromatar agintariaren egiari buruzko zalantzak askoz lehenago sortutako duda beraren lekukoa jasotzen zuen. Lauzpabost mende arinago, Atenasen mespretxuz sofista deituriko horiek esaten zuten nork bere egia duela, komeni zaigunari esaten diogula egia, azken batean. Tenore bereko mesfidantza helarazten zuen pintada batek Zorroagako Filosofia fakultate zaharrean, pasabide hotz batean: O, erakuts iezadazu egia! zioen, isekari. Bertan, in vino veritas leloaren jarraitzaile nahikotxo zeudela pentsa zitekeen, taberna une oro zein beteta zegoenikusita. Tira, oso taberna txikia zen. Eta agian ez zuten inolako egiarik bilatzen garai hartako ikasle eta irakasle tabernazaleek. Egiarekiko Pilatoren duda-muda hasia zen sartzen muinoko jauregiko zirrikituetatik (arrakala asko zituen eraikin hark), eta, postmoderno berri onaren etorrerarekin, pintadan islatu. Baina garai hartan jada fakultate horretako filosofo ezagun batek, Victor Gomez Pinek, Proust aipatu ohi zuen: «Zorionekoak egiaren ordua heriotzarena baino lehenago topatzen duten horiek».

Anitzak dira egiari buruz mintzatu diren mistikoak, poetak, abeslariak, filosofoak, atsotitzak. Elkarbizi izan dira egiaren gaitzespena zein bere izen ona. Adibidez, egia ona dela defendatzeko, aske egingo gaituela esan zuen ebanjelaria bera («ni naiz bidea, egia eta bizitza» esan zuela Jesusek bere buruaz, hori ere kontatzen du, alajainkoa!). Leninek zioen egia beti iraultzailea dela. Violeta Parrak ez zuen gitarra hartzen txalorik lortzeko; zioenez, egiaren eta faltsuaren artean dagoen aldea abesten zuen,«bestela, ez dut kantatzen», ebazten zuen, zorrotz. Egiari zor titulua ipini zion Julen Madariagak bere autobiografiari. Eta abar luze bat.

Hala ere, bestelakoak dira gaur egun lelo arrakastatsuenak. Esaterako, «ezer ez da berez egia edo gezurra, dena da begiratzen den kristalaren koloretakoa», Campoamor poeta asturiarrak esandako eran. Ildo berean sakonduz, askok zalantzan jarri dute zientzia egiaren egoitza pribilegiatua denik. Zientziaren handikeria, egiaren bizileku nagusia izan nahi izateagatik, totalitario, kolonialista, patriarkal eta logozentriko gisa salatu dute Pilatoren egungo jarraitzaileek. Bestaldetik, mitoa eta poesia ere, metaforen bidez, egiara hurbiltzen direla esan da (eta ni horrela delakoan nago, hots, hori egia borobila dela pentsatzen dut).

Duela 30 bat urte, postmodernitatea Zorroagan hankatxoa erakusten hasia zenean, Susan Haack filosofoa (besteak beste) adorez agertu zen eszenatoki filosofikoan egiaren defentsan. Urte askoan izan du zientzia ikergai; ondoren, arlo juridikora pasatu du bere interesa, eta zuzenbidearen filosofian dihardu oraindik. Zientziari bezainbat edo akaso gehiago, zuzenbideari interesatzen zaio egitateen egia argitzea, gizalegez posible deneraino behintzat; beti geldituko dira ebatzi gabeko kasuak, non egia osoa inoiz ez baitugu guztiz ezagutuko, baina horrek ez gaitu salbuesten lortzen saiatzetik. Merezi du gogoratzea aipatu Pilato izan zela eskuak garbitu zituena, errugabea edo, gehienez, hutsegite txiki baten erruduna zela uste zuen norbait heriotza-zigorrarekin kondenatzeko presio egin ziotenean.

Diziplina batzuetan bestetan baino zailagoa da egia argitzea. Pentsa historian (euskalduntze berantiarra, adibidez?). Nork bere kontakizunaren aldeko borrokaz harago, irabazleen bertsioa finkatzen dela esan da beti. Baina horrek ez du esan nahi edozerk balio duenik. Urrun gelditzen dira 80ko eta 90eko hamarkadetan gauza izugarriak gertatu ziren leku askotan abian jarritako egiaren batzordeak, Txilen, El Salvadorren edo Hegoafrikan kasu, hain zuzen, gertatutakoaren egia desestaltzeko. Kolonbian oraintsuago Etorkizuna dago egia badago dioen leloa ezarri omen dute. Bien bitartean, egia, justizia eta erreparazioa kontzeptuak elkartzen hasi ziren eslogan bakarrean.

Gaur, egia-oste garaietan omen gaude. Filosoforen batek esan du egia-ostea betiko gezur zahar bera dela: ezer berririk ez eguzkipean. Denborak epaituko du bere argitasuna, baina egia-ostea ohiko gezurra baino gehiago dela esaten dutenekin nago.

Agian, une hauetan, honako hau bereiz dezakegu: batetik, Egia maiuskulaz (zerbait substantiboa, trinkoa, potoloa, eskuetan sostengatu daitekeen altxorra, argitasuna dariona); bestetik, egiazkoa adjektiboa, letra xehetan, apalagoa, baieztapenei, teoriei edo kontakizunei aplikatzekoa. Lehenengoak ez du balio eta ez du funtsik: alde batera utz dezakegu, kezkarik gabe; bigarrenak, berriz, baieztapenen faltsutasun- edo egia-maila barrundatzeko aukera ematen digu. Continuum baten poloak dira: besteak baino egiazkoagoak diren teoriak daude, eta faltsukeriara besteak baino gehiago hurbiltzen diren baieztapenak ere bai. Hala ez balitz, nola eztabaida genezake ezertaz, nola salatu gezurkeria? Oker ez banago, hori esaten du, gutxi gorabehera, gaur egun errealismo zientifikoak, jada ez baita errealismo inozoa (ez da alferrik pasatu XX. mendea). Teoria zientifikoak, onarpen nahikoa lortu dutenak behintzat, errealitatearen deskribapen gutxi gorabehera egiazkotzat har daitezke, behin-behinekotasun osoz, noski.

Dena den, egiaren korapiloan fundamentuz sartzeko, Agustin Arrieta gure Errenteriako filosofoa irakurri behar da. Noizbait izan zen ikusia fakultate hartako tabernan, baina kalterik ez zion egin zirrikituetatik sartutako aire hotzak, ezta ardo merkeak ere. Leloetara bueltatuz, Serrat-ena falta zen: sekula ez da triste egia; ez daukana erremedioa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.