Hamaika egiteko ari gara, eta hamaika egiteko ditugu

Maider Carrere Ainhoa Beola Amaia Agirresarobe Idoia Aiastui
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Asteburuan, Emakume Abertzaleon V. Topaketa Feministak egingo dira Leitzan. Topaketa horiek momentu oso berezian datoz Euskal Herriko emakume abertzaleontzat, gutxienean hiru arrazoi tarteko:

Euskal Herrian urte luzez bizi dugun gatazka konpontzeko bidean gaude. Prozesu demokratikoa abian da, eta emakumeon parte hartzea jendartea eraikitzeko garaian ezinbestekoa izan bada, momentu honetan ere emakume abertzaleon hitza eta parte hartzea ezinbestekoa ditugu.

Aipatzekoa da, inork ahantz ez dezan, Nazio Batuen Erakundearen 1325 ebazpena, zeinetan beste gauza askoren artean emakumeon parte hartzea bake prozesuetan zein prozesuaren ondorengo berreraikitzean ezinbestekoa dela aldarrikatzen duen eta estatuei emakumeen ordezkaritza handitzeko eskatzen dien erakundeen maila guztietako erabakiguneetan. Hala badio, eta munduko beste hainbat herritan parte hartze hori bultzatzen ari bada, nahiz eta oraindik inplikazioa askoz ere gehiago orokortu behar den, hala behar du gurean ere. Topaketok beste herri batzuetan konponbidearen fasean emakumeek jokatu duten papera ikusteko, egindakoaz ikasteko eta gurean zer-nola joka dezakegun zehazteko aukera emango digute.

Beraz, fase politiko berri batean gaude murgilduta. Euskal Herrian aldaketa politikoa inoiz baino egingarriago eta egin beharrekoago dugu, eta aldaketa horretan, gaurdanik adostu eta zehaztu behar dugu zer-nolako Euskal Herria eraiki nahi dugun. Independentziarako bidea aspaldian hasia dugun arren, Euskal Herria independentea eta feminista eraikitzeko egin beharreko urratsen inguruan hausnartu eta estrategiak zehazteko aukera ere emango digu Leitzako guneak.

Kapitalismoak patriarkatuaren eskutik bultzatu, sustatu eta indartu nahi izan duen sistema ekonomikoa bera ere krisi sakonean dago Euskal Herrian eta munduan. Porrot egin duen eta galzorira baino ez garamatzan sistema honen alternatiba garatzea eta gauzatzea dagokigu, jendarte eredu demokratikoa lortuko baitugu emakumeoi herritar gisa dagokigun hitza eta erabakia parekotasunetik abiatuta garatzen dugun neurrian. Euskal Herriko emakumeon eta gizonen artean eraikitzen den sistema berriak mota guztietako desberdintasunei aurre egiteko bideak zabalduko ditu, elkartasunez gizarte honen gabeziei erantzunez oinarritik abiatuko den gizarte eraldaketa sakonarekin. Eredu ekonomiko berriak, beste ezaugarri askorekin batera, eredu ekonomiko feminista izatea oso garrantzitsua da benetako alternatiba eraiki nahi badugu, eta eredu berri horren ikuspegi feministaren ekarpena egitea emakume abertzaleoi dagokigu, independentzia feminismotik eraikiz.

Euskal Herriari zor zaion bakea eta normalizazioa, emakumeon kontrako jazarpen eta biolentzia oro ekidinez ez ezik, geure eskubide zibil, politiko eta ekonomikoen aitortzatik etorriko baita. Horri buruz pentsatu, eztabaidatu eta proposamen zehatzak lantzeko aukera izango dugu asteburuan.

Emakume Abertzaleon Topaketa Feminista hauek, beraz, gure herrian bizi ditugun hiru erronka nagusienak ikuspegi feministatik aztertzeko eta proposamenak egiteko baliatuko ditugu. Aldaketa politiko eta sozialak emakume abertzaleon ekarpena ezinbestekoa duelako benetako aldaketa izan nahi badu.

Eta esandakoa gutxi balitz, Leitzan asteburuan egingo diren topaketek hori guztia elkarlanean eta auzolanean egiteko testuingurua eskaintzen digute. Norbere esperientziatik, jatorritik eta ibilbidetik abiatuta, elkarrekin, indarrak batuz, hausnartu eta estrategiak zehazteko aukera.

Hiru erronka nagusi horiekin batera bestelako tailer eta eztabaidaguneak ere eskainiko dizkigu, eta baita elkarrekin ondo pasatu eta gozatzeko aukera ere.

Ezin zaio gehiago eskatu.

Eskaintza zabal honen aurrean eta arrazoiak bere horretan azalduta, artikulu hau sinatzen dugunok deia egin nahi dizuegu Euskal Herriko emakume abertzaleei, antolatuta zaudetenoi eta ez zaudetenoi ere, asteburuan Leitzako topaketetan parte hartzera. Euskal Herriak inoiz baino gehiago behar duelako gure ekarpena, emakume abertzaleon ekarpena. Eta balia dezakegun biderik onena elkarrekin egitea delako, gure bidea ahalik eta zabalena egiteko eta denon laguntzaz, mugimendu feministek hasitako bidea amaigabe bihurtzeko; haien helburuak gureak direlako eta lortu arte ez garelako geldituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.