Batzuk konturatu ez badira ere, haize freskoa dabil euskal bazterrotan. Konturatu ez direla esan dut, baina nago konturatu ez izanaren plantak direla. Izan ere, begi-bistakoa da Espainiako eta Hego Euskal Herriko gobernuek, PPk, PSOEk eta baita EAJk ere arazo itzelak dituztela beren betiko hizkera, keinu eta estrategiak aldatzeko. Jabetu egin dira euren ohiko botoak hartzeko erabilitako amuek orain arte izan duten erabilgarritasuna gal dezaketela. Zuzenbidean esaten den bezala, frogaren karga alderantzikatu egiten dute. Gure herriari bakea ekarri eta normalizazioaren alde urratsak egin dituen alde bakarra, hau da, ETA eta ezker abertzalea, urratsak egin ez dituen alde gisa agerrarazi nahi dute jendaurrean. Etengabeko giro tenkatu eta hitz bortitzak nagusitzen dira betikoen mihietan, gal dezaketenaren beldur direla nabaritu arte. Hala ere, haize freskoak beti aurkitzen du zirrikituren bat zulorik beltzena ere haizatu eta giroa garbitzeko, eta hor kokatzen da Bilduk azken hauteskundeetan izandako arrakasta. Edozein akziok ondorioak dakartza, eta euskal errealitatean eman diren aldaketek eragina izan dute eta aurrerantzean ere izango dute politikaren eremuan.
Baina, bien bitartean, inolako urratsik egin ez dutenek jarraitzen dute betiko matrakan tematuta, betiko diskurtsoan kateatuta, aldaketen aurrean mugitu ezinda. Gal dezaketenaren beldurrak zamatik helduko balie bezala. Eta, euskal herritarrak bere buruari galdetzen dio nola litekeen errealitate objektibotzat har daitekeenari buruz halako ikusmolde ezberdinak egotea. Izan ere, denbora joan da ETAk su-eten iraunkor eta egiaztagarria eman zuenetik. Denbora joan da su-eten hori benetakoa dela eta egiaztatua izateko gogoa dagoela agerikoa denetik. Eta, Euskal Herriko gatazkaren parte denez gero, urratsak egin behar dituen Espainiako Gobernua geldi egoteaz gain, eskakizun berriak plazaratzen ditu etengabe, giroa baretzeko inolako keinurik egin gabe, ezta espetxe-politikan ere.
Bada sasoia nahikoa dela esateko. Ez diogu inori gure ametsak zapuzten utziko. Gehiegi maite dugu hainbeste sufrimendu ezagutu duen gure Euskal Herria, betiko gurpil zoroan gera dadin uzteko. Eta urratsak egin behar dira zolitutako zauriak sendatzen hasteko. Baina Espainiako gobernu eta haren enparauek sinetsarazi nahi digute hemen ez dela aldaketarik izan! Eta Euskal Herrian bizi den herritarra kalera irten, lagunekin egon, bere herritik paseoan ibili eta ikusi zein entzuten duena ez dator bat ukazioaren ordezkari horiek esaten dutenarekin. Toki berean bizi al gara? Ustez denen onerako izango den bake eta normalizazioaren gainean eraikitako errealitate berria gauzatzeko aukera, ez al da aprobetxatu behar? Hain ezberdin pentsatzen dugu, eta ikuspegi hain ezberdinak al ditugu gure inguruan gertatzen dena hain era kontrajarrian interpretatzeko? Ez, ez da hala. Berdin interpretatzen dute, baina bortizkeria nagusi zen giroan eraikitako hamaika interes kolokan jarri izanak beldurra eta egoera berrira egokitzeko zailtasunak agerrarazi ditu betiko Espainia beltza irudikatzen duten horiengan.
Erantzukizunez jokatzeko unea da eta, euskal gizartean gatazkari amaiera emateko borondatea eta nahia nagusi den honetan, argi hitz egin behar zaie mugitu nahi ez dutenei. Argi adierazi behar diegu mugitu behar direla, zabalik egon behar direla gatazka luze honetako korapiloak askatzen laguntzeko eta, horretarako, euskal jendarteari entzun behar diotela. Bilduko kideon eskua beti izango dute luzatuta elkar ulertzeko, elkarrekiko begirunearen gainean harreman berriak eraikitzeko. Ez dugu ahaztu behar biktima guztien aitortza, eskubide indibidual zein kolektibo guztiak egikaritzeko aukera, espetxe-politikaren aldaketa, ilegalizazioekin amaitzea... gakoak direla korapilo horiek askatzeko eta ukazioaren fronteek —politiko, mediatiko zein kulturalak— bake eta normalizazioaren aldeko borondatea dutela erakutsi behar dute. Frogaren karga alderantzikatu nahi duten PP, PSOE bai eta EAJren zenbait sektoreri aurre eginez, karga hori zuzendu egin behar dugu. Oztopatzaile lanetan dabiltzan horiei euskal jendarteak ikusarazi behar die euskal gatazkari behin betiko amaiera emango dion konponbidean laguntzaile izateko erantzukizuna dutela. Horiek dira uneak eskatzen dituen benetako exijentziak.
Dena dela, haize freskoak bere bidea egiten dirau. Bazterrak haizatzen, giro kutsatuak garbitzen, freskotasuna zabaltzen. Eta alferrik da haizeari harresiak jartzea; izan ere, gainetik ez bada, ertzetatik edo are azpitik ere pasatuko da giroa berrituz eta osasuna sakabanatuz.
Haize freskoa dabil
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu