Hainbeste bidegabekeriaz nazkatuta

Jon Gurutz Olaskoaga
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Auzitegi Gorenaren 61eko salak emandako auto izugarriak, boto bakarrarengatik onartu badute ere, gogoeta labur batzuk eginarazten ditu ezinbestean:

Lehenik, auto horretan logika politikoak, unean uneko abaguneak lortu izana arrakasta, berriro ere, beste edozein parametroren aldean, hala nola juridikoaren aldean. Espero izatekoa zen, nolabait, mendez mende botere politikoaren sirena-ahotsekiko hain sentibera izan den erakunde batetik. Harritzekoa izan da, ordea, gehiengo zorrotz eta doi-doia —bederatzi zazpiren kontra—,hain ezohikoa auzitegi goren horretan. Auzitegi Konstituzionalak bestelako erabaki bat har dezakeelako itxaropena, berriz, txanpona nola botatzen duen, horren arabera egongo da; bidezkoa da onartzea, ordea, organo horretan justiziaren gailurreko beste edozeinetan baino handiagoa izan dela irizpide independentzia. Nolanahi ere, euskal auziei dagokienez —ikus erabakitzeko eskubidearen legeari buruzko sententzia— orain arte agertu bezain arin jokatu beharra dauka Auzitegi Konstituzionalak inguruabar hauetan, maiatzeko hauteskundeak ez daitezen faltsutuak izan hasiera-hasieratik, aurreko autonomia hauteskundeetan gertatu zen bezala Lopez lehendakari bihurtzeraino.

Bigarrenik, gure ustez, aurrez aurreko kolpe bat izan da autoa, eta erabakigarria, bai euskaldunen arteko elkarbizitzan eta bai Espainiako Erresumaren erakundeekiko harremanean. Nola epaitu liteke biztanleriaren zati handi bat mututasun politikora behartzen duen jarrera bat, jada ez bada borroka armatuarekiko edo terrorismoarekiko elkar aditzearen aitzakiarik? Prebentzioa, zigorra, sinesgarritasunik eza eta abar argudio metajuridikoak dira, eta helburu alderdikari eta sektarioei erantzuten diete. Bidezkotasunaren aldetik, berriz, alderdien liskar politikoei eta onura lasterreibegirakoak dira; kasu honetan, estatu eremuari dagozkio berriro ere.

Hirugarrenik, eta hareatza politikoa behar bezala zanpatuz gero, herritar xumeoi kezka ikaragarri bat sortzen digu ikusteak zer pauso eman dituen klase politikoaren zati batek: batik bat, ordezkari sozialistek eta popularrek. Egunez egun, gero eta nabarmenagoa da andeatzea. Lehen begiratuan ikusten da alderrai dabiltzala: esate baterako, euskal kutxek bat egitearen aurka zeudenek berek cavaz ospatu zuten Kutxaren eta BBKren bat-egitearen porrota, eta horiexek ari dira orain gobernutik bat-egitearen alde, nahiz etahotz irizten dioten. Klase inkoherente bat da, irizpide demokratikorik batere ez duena ia; horren erakusgarri ederra da ezker abertzalea onartzearen kontrako iritzia eman izana etengabe, eta, ezbairik gabe, horrek eragina izan du 61eko salaren gehiengoaren erabakian.

Laugarrenik, Espainiako hainbat auzitegiren epaiengatiko eskubide zibilen urratze aspaldikoak ez ezik, egonarri eta sumindura neurritsu halako baten mukurua izan da auto hori ere. Ezin irudikatuzko mailaraino iristen ari da epaileen ospe galera, eta itxaropen bakarra geratzen da: Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak gaitzestea eta zuzentzea autoa; Espainiako Erresumaren kontra emandako azken hiru sententzietan gertatu bezala, berme juridikoen eta torturak ez ikertzearen inguruko hiru horietan gertatu bezala.

Azkenik, autoak zer ondorio ekarriko dizkie hark zuzenean erasandako Euskal Herriko hainbat gizarte mailatakoei? Nekez frogatu daiteke bide politikorik dutenik beren eskubide demokratikoak baliatzeko, egun-argitan debekatu baitiete alderdi ordezkariak izatea. 61eko salakoek baino kultura demokratiko handiagoa agertuko ahal dute, eta halako erabakimenez ekindako bideari tinko jarraituko ahal diote.

Batik bat eta lehen-lehenik, nazka orokorraren erdian, oraingo inguruabar hauetan badirudi tunelean ez dela irtenbiderik, eta badirudi mundu bihozgabe batera deituak gaudela, zeinean gailen baita balizko boterea, edonolako bitartekoak erabilita lortutakoa. Lehen begiratuan antzematen da atsekabea, eta haren ihesi dabiltza estalpearen gozamenaz liluratuta daudenak ere. Horien artean, nabarmentzekoa da ohiko hainbat foro eta elkarteri gehitu zaizkiela terrorismoaren biktimen hainbat elkarte, eta nazka eragiten hasiak dira horien erradikaltasuna eta demokrazia arrasto apurra.Kontuan hartzea komeniko litzateke, eta zorrotzago jokatzea inolako ekitaldi eta txostenik egin aurretik gutxieneko eskakizun batzuk betetzen ez dituztenekin batean.

Zuzenbide estatuari, argudiatua bezain zitalki ezezaguna izaki praktikan, aurpegia garbitu beharko liokete, ezaugarri izan dadin gutxienez; lehen munduko herrialdeen ilarako azken bagoira lerratzeko zigorpean, gauregun beren buruzagien arbitrariotasuna pairatzen dutenetara gerturatzeraino. Hor konpon, Mari Anton.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.