LABeko Ekintza Sozialeko Gipuzkoako arduraduna eta LABeko Idazkari Antirrazista

Guztiontzako etxea

Gontzal Santo Domingo Treceño eta Txefi Roco Sanfilippo
2024ko azaroaren 5a
05:00
Entzun

«Klase sindikalismo feminista eta antirrazista ezinbestekoa dugu, egunerokotasuneko arlo guztietan elkarrekin antolatuta egon behar dugulako, kapitalaren erasoei aurre egin ahal izateko». (Pastora Filigrana).

Eskuin muturraren oldarraldiak bete-betean harrapatu gaitu. Faxismoak begi-puntuaren xedean jarri du bere neurrira eraikitako bestea, ezarritako muga hertsietatik kanpo kokatu izan duten gorputz, lurralde, herri eta komunitate oro.

Ezjakintasuna eta ezinegona, urduritasuna eta kezka, beldurra eta gorrotoa. Nahasketa korapilatsu bezain arriskutsu hau da gure kaleetan sumatzen den giroaren isla amaigabea.

Euskal Herrian ere, ezberdintasuna mehatxu bilakatzen duen arrazakeria egon badago, eta gure auzo, herri, instituzio, lan zentro eta burmuin guztiak zeharkatzen ditu. Izan ere, kapitalaren atzapar luzeek bahitutako esparru guztiek arrazakeria daramate bere DNAn.

Gure herrira, batez ere, herrialde pobretuenetako langile klaseko pertsona migratu eta arrazializatuak datoz, bizi baldintza duinak eskuratzeko zailtasun eta traba burokratikoz beteriko prozesu administratiboa jasan behar izaten dutenak. Hau da, besteak beste, Atzerritarren Legearen edota Europako Migrazio eta Asilo Ituna deritzonaren inposizioak bere horretan jarraitzeak dakarrena.

Inguratzen gaituzten instituzio juridiko eta legal ezberdinak ez dira espazio neutralak, eta horrek egoerarik okerrenetan bizirauten duten kideei zaurgarritasun eta babesgabetasun handiagoa eragiten die.

Gutxieneko berme materialen ukatzeak kale egoeran bizirautera bultzatzen ditu gure herrikide asko, haien egunerokotasuna ezbeharren aurkako borroka hutsa bilakatuz; eta honek, jakina, ukaezinak diren gatazkak dakartza.

Ezin dugu beste aldera begiratu. Auzokideak garen heinean, irekitasuna, elkar-ezagutza eta entzute nahia, egokitzeko gaitasuna, pribilegioetatik askatzeko nahimena eta erosotasunetik irteteko konpromisoa dagozkigu. Elkarrekin bizi nahi dugu eta elkarrekin gure Herria eta nazioa eraiki. Hori ezin da izan gurera datozenak gureaz ikastea soilik, haiena ikasi eta bietatik jasotzea baizik, etorkizunari begira, elkarrekin zerbait berria eraiki dezagun.

Gobernuen eta dagokien administrazioen partetik borondate politikoa eta ausardia beharrezkoak ditugu, gero eta pertsona gehiagok bizi duen pobretze egoera eta etxebizitza larrialdiaren kausak errotik geldiaraziko dituzten neurri zehatzak ezarri ahal izateko eta, beraz, guztiok baldintza duinetan etxebizitza eskuratu ahal izateko eskubidea bermatzeko.

Argi eta garbi esan nahiko genuke, interpretazio hauskor eta manipulazio interesatuak albo batera utzita, guretzako langileok bizitza bizigarriak izateko ezinbestekoak ditugun baldintza eta bermeek osatzen dutela hizki larriz aldarrikatu nahiko genukeen segurtasuna.

Ustezko segurtasun ezaren aitzakiapean, jatorri anitzeko herritarrek eraikitako Trintxerpe bezalako Pasaiako barrutian, edota kultur aniztasunak oinarritutako Egia bezalako Donostiako auzo ezagunean, jarrera arrazista eta xenofoboei hauspoa ematen dieten manifestazio jendetsuak ikusi ahal izan ditugu. Eta kezkaz bizi ditugu.

Argi dugu zoritxarrez balio atzerakoi eta erreakzionarioak baliagarriak direla beldurrari eta ezinegonari erantzun azkar eta erosoak eskaintzeko. Gure eskubideak zanpatzen dituztenei aurre egitea eta pribilegioei uko egitea baino erosoago zaio askori egoera prekarizatuagoan eta babesgabean dagoenarekin lehiatzea. Faxismoaren ongarri den kultura izan bada, baina ez gaude prest bataila emateari uko egiteko. Behetik gora, egoeraren jatorria eta benetako erantzuleak direnak adieraztea ezinbestekoa da langile jendeak eta herri sektore zabalek arrazakeriaren amua irentsi ez dezagun.

Horregatik, besarkada antifaxista bero bana bidali nahi diogu, hitzez eta ekintzez, gure herria zinezko Harrera Herri izan dadin lanean ari den lagun eta eragile orori eta, egun hauetan bereziki, inor atzean utziko ez duen Donostiaren alde euren konpromiso nekaezina adierazten ari diren Kaleko Afari Solidarioetako (KAS) boluntario guztiei. Zuekin gaude! Elkartasuna ez da delitua!

Feminismo antirrazistan oinarritutako kontrabotere sindikalismo berria da inokulatu diguten pozoi honi guztiari aurre egiteko antidotoa, dena iraultzeko tresnarik eraginkorrena.

LABen, gure esparrutik, pertsona guztion bizi eta enplegu duinen alde borrokatzen jarraitzen dugu. LAB eta Euskal Herria, oro har, guztiontzako etxea izatea nahi dugu, eta norabide horretan lanean ari gara, elkarrekin (des)ikasteko konpromiso irmoz, darabilgun praktika oinarri hartuta.

Kalean ikusiko dugu elkar. Gora KAS! Elkartasuna da herrien arteko samurtasuna!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.