Tumbeiro (zerraldo) deitzen zieten XVI. eta XIX. mendeen artean Atlantikoko beste aldera 12 eta 20 milioi arteko esklabo afrikar eraman zituzten itsasontziei. Sotoetan pilatuta eta kateatuta garraiatu ostean, enkantean ateratzen zituzten ondasundunen aurrean. Bertoko populazioa amaitu ostean, eskulan gehiago behar zuten. Zenbatesten da heren bateraino hel daitekeela itsasaldian hildako esklaboen kopurua, gaixotasunek, deshidratazioak eta desnutrizioak jota. Hala ere, negozio esklabistak errentagarria izaten jarraitzen zuen.
Ezin dut ekidin tumbeiro-en irudi hau irudikatzea guztiok itsasontzi berean gaudela entzuten dudan bakoitzean, kai onera heltzeko norabide berean arraun egin behar dugula, baita honetatik guztiok batera atera behar dugula ere...
Ez dakigu beren giza salgai partikularrarekin ontzia konpartitzen zuten esklabista europarrek guztiak itsasontzi berean zeudela aipatzen zieten, baina nahiko posiblea da beren harrapatzaileekin batera portu onera heltzeagatik oso pozik ez egotea. Are gutxiago, zein etorkizun esleitu zieten jakitekotan. Beren kai ona ez zegoen Brasilen edo Kariben, baizik eta kontrako norabidean.
Erronka komunaren aurrean guztion batasunaren mezuak, ideologia eta klase sozialen gainetik, behin eta berriro zeharkatzen du gure burmuina, gure patuei buruz erabakitzen dutenekin adiskidetze saiakera etengabean. Langilearen nahia eta etorkizuna enpresaren helburuekin lerrokatzeko saiakera bera da, baina maila makroan, non hiritarrak, botereguneek guztion ongizatearen izenean emandako aginduak barneratzen dituen.
Hamaika aldiz erabilitako auzolana lelopean, Euskal Herriko mendebaldeko hiru probintzietako biztanleoi komeni zaiguna zer den erabakitzen jarraitzen dute. Next Euskadi nolakoa izan behar den. Erabaki zuten, besteak beste, gure lehentasuna abiadura handiko tren bat zela, lurraldearen deseratze, zarrastelkeria ekonomiko eta ingurumenaren hondamendiaren gainean eraikita. Edota eredu energetikoa fracking eta gas-erauzketan oinarritu behar zela (gure energia-kontsumoa gutxitzeko posibilitatea guztiz baztertuta, jakina!). Ez ziren hain irmoak, ordea, osasun eta arreta sozialen zerbitzua eta hezkuntza sistema publikoa indartzea erabakitzeko. Edota ekonomiaren sektore estrategikoetan enpresa publikoak sortzeko, zerbitzuak pribatizatu, esku pribatuetara dirutza bideratu eta bankuen kontrol publikoa desagerrarazi egin ordez. Orain, Arabako mendilerroak errotaz jostea beharrezkoa dela erabaki dute; baita ere, ezinbestez, hidrogenoaren euskal korridorea sortzea ere, berdez mozorrotutako korporazioen interesak elikatzeko erregai berria.
Europar funtsak lortzeko proiektu asko (guztion dirua banatzeko prozedura bitxia...) zein lehentasun eta interesen menpe dauden, badakigu. Zertan gastatu erabakitzen dutenek ordezkatzen dute ordezkatzen dutena, eta ezin zaie besterik eskatu. Baina ez daitezela etor trufaka. Eztabaida publikoa eta herri antolatuak erabaki gakoetan eragina izateko aukera euskal oasiaren errealitate birtualean lausotuta mantentzen dira, propaganda ofiziala, burokrazia, iluntasuna eta ate birakarien pisuaren azpian lurperatuta. Eta, hau gutxi izango balitz, erantzuteko ahalmen txikiarekin. Zeren eta, gehiago ala gutxiago, guztion itsasontziaren mezua barneratua baitauka populazioaren eta ezkertiartzat hartzen den espektro soziopolitikoaren zati handi batek, honek ekartzen duen elite ekonomikoaren diskurtsoaren onarpen akritikoarekin.
Itsasontzi berean egotearen betiko leloa askotan erabili da historian zehar, erreala ala sortua den etsai komun baten aurrean interes ezberdin edo kontrakoak dauzkaten kolektibo eta klase sozialak bateratzeko, betiere klase nagusiaren mesederako. Adibiderik argiena gerra inperialistak eta inperioen arteko gerrak dira, non, esaten ohi denez, elkar ezagutzen ez duten pertsonek elkar sarraskitzen baitute, elkar ezagutzen duten baina elkar hiltzen ez duten pertsonen probetxurako. Herri-klaseak, langileak eta nekazariak, milioika sakrifikatuta, burgesia nazionalen sasiko interesak defendatzeko, I. Mundu Gerrako garaian Zimmerwald-eko ezkerrak ausarki salatu zuenez.
Herriak gerretan ontziratzea ezinbesteko bitartekoa izan da besteren baliabideak lapurtzeko eta industria militarra elikatzen jarraitzeko (Euskal Herrian ere presentzia nabaria daukana), baita krisi politiko eta ekonomikoen aurrean arreta desbideratzen saiatzeko ere. Abertzalekeria, ontziratze-dei lagungarri bezala.
Etsai berri baten aurrean, orain birus moduan, guztiok norabide berean arraun egiteko deiak areagotzen dira. Hori bai, ez daude prest lema partekatzeko, ezta itsasontziaren gunerik onenean dauzkaten suite-ak ere. Eta, zer esanik ez, itsasontzia hondoratzekotan, salbamendu-ontziak beren erabilera esklusiborako dira. Haien auzolan partikularrak ez dira horrenbeste eskuzabaltasunera heltzen. Titanic hondoratzen zen bitartean entzuten zen musika lasaigarriaren antzekotasuna daukate.
Ez dezagun engaina geure burua. Gu liluratzen saiatzeko erabilitako sirena-kantua, ondo kudeatzea lortzen ez duten pandemiaren aurkako neurrietatik harago doa. Testuingurua aprobetxatzea bilatzen du beren aginduekiko otzantasuna eta mendekotasuna indartzeko, komunitaterako onura bezala aurkeztuta. Beren klase-diskurtsoa hegemonikoago bilakatzen saiatzen da, askatasunak murriztuz eta beren boterea eta pribilegioak babesten dituen bake soziala finkatuz. Itsasontzia aurrera eragiten duen tripulazioaren eta norabidea erabakitzen duten kapitainaren eta ofizialen arteko interes kontrajarriak ezkutatzen ahalegintzen da. Potemkin korazatuan marinelek errealitate gordin hori ulertu zuten eta lema-aldaketa egitera ausartu ziren, ontzia beste era batean gobernatzeko eta beste kai batera eramateko.
Hemen eta orain, jakitun egon gaitezen saltzen diguten klasearteko itsasontzi harmoniatsua Noe-ren arka bezain ametsezkoa dela.
Guztiok itsasontzi berean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu