Pirritx eta Porrotx pailazoen «agerraldi publiko eta mediatikoak ETA erakunde terroristako presoei babesa eskaintzean oinarritzen diren bitartean», EITBko programazioan inolako tarterik ez eskaintzeko eskatu dio Carlos Urkijok Maite Iturberi, irakurtzen dut.
Eskerrak bake prozesuan gaudela! Bake prozesu honen ahulezia agerian geratu zait berriro ere. Presoak etxera? Bai, dudarik gabe (eta adierazpen horrekin nire betiko ametsa— telebistako izarra izatea, hain justu—zapuzten ari naizela konturatzen naiz, neuk ere «ETA erakunde terroristako presoei babesa» eskaintzen diet eta). Bai, tinko borrokatu behar dugu presoak eta iheslariak etxera ekartzeko. Baina, zertarako balioko du gure etxea kartzela bihurturik baldin badago? Kartzela bihurturik, hau da, lege antiterroristen mende. Izan ere, Urkijo jaunak adierazten duenez, ETAko militanteak ez ezik ezker abertzaleko guztiak ere terroristak gara. Hori dela eta, estrategia eta lege antiterroristen jomuga gara. Horrek esan nahi du epaiketarik gabe kondenatuta gaudela. Gure egoera kondenatu batena da: zigorra ea noiz etorriko zaigun zain.
Terroristak al gara?
Zentzu zabalean, botere politikoa lortzeko biolentzia erabiltzen duena terrorista da. Definizio horren arabera, terrorismoa botere politikoa bezain zaharra da. Baina nazismo ondoren terrorismoa nazismoarekin berdintzen da. Berdintze horren egileak judu sionistek izan ziren (eta lehenengo «terrorista naziak» izateko ohorea palestinarrei egokitu zitzaien). Sionistek sortu zuten, bada, terrorista naziaren kontzeptua eta Estatu Batuetako inperialismoak zabaldu zuen ideologia hori mundu osoan zehar demokrazia eta askatasuna defendatzeko.
Ideologia antiterroristaren arabera terrorismoa, nazismoa bezala, gaizki absolutuaren haragiztatzea da. Eta gaizki absolutuaren kontra borrokatzeko dena zilegi da. Gaizki absolutu horren metafora biologikoa minbizia da. Minbiziko zelulek bezala terroristek ez dute bizitzeko inolako eskubiderik. Minbiziko zelula gaiztoen kontra bezala terroristen kontra edozein suntsipen estrategia erabil daiteke, gaitz absolutua zabal ez dadin. Denak balio du, gerra prebentiboak barne, gaizki absolutua erauzteko. Terrorista onena hilik dagoena da (sionistak eta yankiak maisuak dira axioma hori betetzen).
Estrategia antiterrorista neoliberalismoaren ardatz bihurtu da. Boterea duenak terrorista nor den izendatzeko ahalmena du. Estrategia horren bidez boterea, praktikan, absolutua bilakatzen da. Neoliberalismoaren izaera totalitarioa erakusten du estrategia horrek. Totalitarismo «demokratikoak» totalitarismo faxistak eta stalinistak perfekziora daramatza. Haiek bezain odoltsua eta gupidagabea da, baina aurrekoek lortu ez zutena berak lortzen du: demokrazia eta askatasunaren izenean aritzea. Kontuan hartzen badugu totalitarismo horren erdigunean merkatuen mafia ezkutatzen dela, konturatuko gara ze arriskutsua eta gupidagabea den totalitarismo berri hori.
Pirritx eta Porrotx pailazoen kontrako jazarpena ez da gaurkoa, aspaldikoa ordea. Gogoratu baino ez dugu behar Etxezarretak, Donostiako Udaleko zinegotzi ohiak, haien kontra burutu zuen jazarpen erdeinagarria. Orain, bake prozesuan bete-betean (?) sarturik, berrirototalitario espainolen jomuga bihurtu dira. Etxean daude Pirritx eta Porrotx, baina lege antiterroristen mende daudenez, ez dute ez eskubide politikorik ez eskubide zibilik (lan egiteko eskubidea!!!). Etxean daude ezker abertzaleko ia bi mila hautagai ohiak, baina, legedia antiterrorista dela eta, ez dute eskubide politikorik nahiz zibilik (Txupinera izateko eskubidea, adibidez). Etxean daude preso ohiak, baina terroristak omen direnez, haiek ere beren eskubide politiko eta zibilakmurriztuta dituzte. Abertzale arruntak ere etxean gaude, baina, lege antiterroristen mendean gaudenez, gure eskubide politikoak nahiz zibilak arrisku bizian daude.
Guztiok gara Pirritx eta Porrotx.
«Ez gara terroristak, demokratak baizik», xuxurlatzen dute batzuek Estatu antiterroristan sartu nahian. «Lehen, bai, baina orain, damuturik— damu osoz! — , demokrata garbiak bihurtu gara», gaineratzen dute. Aitorpen horrekin, errealitatea ez ikusi nahian burua hego azpian ezkutaturik, demokrazia neoliberalaren paradisuan libre izango direla uste dute.
«Ez gara terroristak, eta inoiz ez gara terroristak izan», beste batzuek. «Ez dugu zertan damutu. Herriaren eta askatasunaren alde borrokatu dugu. Sufrimenduak, jazarpenak, torturak, kartzela, deserritzea jasan ditugu. Inoiz ez dugu dirua edo boterea bilatu. Horregatik, akatsak akats, gure borrokaz harro gaude».
Bake prozesuan arazoa ez dira ustezko terroristak, estrategia eta lege antiterroristak baizik. Horregatik prozesu hori ez da aurrera joango, estrategia eta lege horiek indargabetzen ez badira. Legedia antiterrorista indargabetzeak amnistiaren bidea irekiko du. Horrela, amnistiaren bidea irekita, bake prozesua burutu ahal izango da. Baina legedia eta estrategia antiterroristak indarrean jarraituz gero, amnistiaren helburua ezinezkoa irudituko zaigu eta, gure buruari aitortu gabe, ahaztu eta baztertu egingo dugu... eta bake prozesuak porrot egingo du.
Presoak etxera!, bai. Amnistia osoa!, ere bai.
Guztiok gara Pirritx eta Porrotx!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu