Guztien krudelkeriaren kontra

2022ko azaroaren 17a
13:39
Entzun

Joxe Mari Larretxea errefuxiatua bahitzea agindu zuela aditzera emateko adierazpen izugarriak egin zituen joan den azaroaren 6ko El Pais-en Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak. Poliziek egindako bahiketak, hilketak eta gerra zikina justifikatu zituen elkarrizketa horretan, eta portaera horiek, planteamendu politiko guztiak alde batera utzita, argi eta garbi gaitzetsi behar dira, etika ororen kontra baitoaz. Gertatutakoaren larritasuna ikusita, hausnarketa batzuk egin nahi ditut, Euskal Herrian bakea lortzeko lagungarri izango ditugulakoan.

Lehenik eta behin, argi eta argi geratu da, beraiek esanda, denok genekiena: Espainiako estatuak hainbat eta hainbat urtetan funtsezko giza eskubide guztiak urratu zituen ETAren kontrako borrokan. Hor ditugu Poliziak, Guardia Zibilak eta Brigada Politiko Sozialak egindako tortura eta izugarrikeria guztiak, manifestazioetan hildakoak, herriko jendearen kontrako errepresio gogorra, diskriminaziorik gabeko atxiloketak,… Errealitate gogor hori hemen dugu eta Espainiako agintariek, hamarkada luzeetan polizien torturen eta basakerien aurrean «gehiegikeriak» besterik ez zirela ziotenek, beste aldera begiratzen zutenek eta portaera horiek justifikatzen zituztenek, egindako ikaragarrikeriak onartzeaz gain, barkamena eskatu beharko diote Euskal Herriko jendeari, indar armatuen bortizkeria pairatu zutenei bereziki. Onarpen eta barkamen horiek guztiz beharrezkoak dira, guztion elkarbizitzan oinarritutako Euskal Herri libre eta baketsu bat lortu nahi badugu.

Bigarrenik, Barrionuevoren adierazpenen kontra izandako erreakzioak aztertu nahi ditut. PSOEko ordezkari batzuek, Denis Itxasok eta Eneko Anduezak batez ere, esandakoak gustatu zaizkit,ideologia guztien gainetik GALek egindakoa izugarrikeria izan zela eta ez zuela inolako justifikaziorik izan argi esan dutelako. Halaber, biktimen elkarte batzuek esan dutena izan dut gogokoa, sufritu duten guztiei zor diegun errespetuaren kontrako adierazpenak izan baitira Barrionuevorenak.

Hala ere, eta gaiaren garrantzi itzela kontuan hartuta, euskal gizartean kontrako erreakzioa, ezta alderdi politikoena ere, ez dela oso handia izan iruditzen zait. Nik ez dakit, egia esan, gure historiaren fase berri honetan zer gertatzen ari zaigun euskaldunoi, baina Barrionuevoren adierazpen izugarriek ez gaituztela behar bezainbeste sumindu pentsatzen dut. Badakit, herri eta komunitate garen aldetik, oraindik triste eta etsituta gaudela aurreko fasean bizi izandakoarengatik; baina, benetan diot, ez gara Barrionuevok esandako izugarrikerien garrantziaz jabetzen.

Hirugarrenik, ezker abertzaleak izandako erreakzioa aztertuko dut bereziki. Espainiako estatuak «bere urriaren 18ko adierazpena» egin behar duela esan du Arnaldo Otegik. Bada, ez nator Otegik esandakoarekin bat. Adierazpen horrek aurrerapen batzuk ekarri zituen arren, ez du bakearen gaia erdigunean jartzen eta gutxi da gure herriko jende askorentzat. Gainera, ETAk, azken urteetan batez ere, egindako ekintza krudelak ez ditu behar bezala gaitzesten, eta ekintza batzuek (Yoyes, Jose Mari Korta, Inazio Uria, Lopez de la Calle, Miguel Angel Blanco…) gaitzespen berezia merezi dute, ezker abertzaleak adierazpen horretan agertzen ez duena.

Hitz batean, egiazko bakea lortzeko benetako urratsa egin behar dute bi aldeek: poliziak egindako torturak gaitzetsi behar dituzte Espainiaren aldeko sentsibilitatea dutenek, eta ETAk, hasieran mugimendu askatzailea izan zela ukatu gabe, une batetik aurrera, azken urteetan bereziki, giza eskubideen kontra egindako urraketa guztiak gaitzetsi behar ditu ezker abertzaleak, sektore gogorrak batez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.