Erretiratua

Guztien arteko bakea eta adiskidetzea

2024ko apirilaren 4a
05:00
Entzun

Artikulu sakon eta mamitsua plazaratu zuten Gogoan - Memoria Duinaren Alde elkarteko kide batzuek BERRIAn 2024ko otsailaren 2an, Bilbon urtarrilaren 13an izandako presoen aldeko manifestazioari eta, oro har, bakeari eta elkarbizitzari buruz beren iritzia emateko, eta haiekin adostasun eta desadostasun batzuk adierazi nahi ditut, Euskal Herrian egiazko bakea eta berradiskidetzea lortzeko lagungarri izango ditugulakoan.

Lehenik eta behin, kritika gogorra egiten diote ETAri, hainbat eta hainbat urtetan kontrol zehatza eta gupidagabea ezarri baitzien presoei. Guztiz bat nator haiekin puntu honetan. Euskal presoen kolektiboko kideek urte luzeetan ez zuten beren erabakiak libreki hartzeko askatasunik izan. Preso politikoak omen ziren eta, horregatik, goitik agintzen zietena egin behar zuten. Adibide gisa, birgizarteratze-neurrien bideari heldu nahi izan ziotenek sufritu zutena aipa dezakegu. Militante haien kontrako pintadak agertu ziren herrietan, iraindu zituzten, mehatxuak egin zizkieten, traidoretzat jo zituzten eta kontzientzia-eragozle izateko eskubidea ukatu zieten. Hor dugu kasu larriena, Yoyesena, erakunde armatua uzteagatik krudelkeria handiz hil zutena. Puntu honetan, beraz, erabat ados nago idazkiaren sinatzaileekin eta ez naiz gehiago luzatuko.

Bigarrenik, presoek, kalera ateratzeko, damua adierazi behar dutela eta biktimei barkamena eskatu behar dietela planteatzen da idazkian. Puntu honetan ez nago idazkiaren sinatzaileekin hain ados eta pentsatzen dudana adieraziko dut. Bai, egia da ETAko presoek min handia egin dietela biktimei eta pertsona askori, baina, adibide bat ipintzearren, hainbat eta hainbat hamarkadatan torturatu zuten Polizia Armatuak, Guardia Zibilak eta Brigada Politiko Sozialak ere sufrimendu handia eragin zieten gure herriko pertsona askori eta, nik dakidala, ez dute oraindik barkamenik eskatu eta ez dute damurik adierazi. Bi aldeetan izan da sufrimendu ikaragarria gure herrian eta tortura izan da giza eskubideen urraketa handienetako bat. Beraz, ñabardura inportante bat egingo dut: alde batekoek zein bestekoek barkamena eskatu behar diote elkarri, gure herrian egiazko bakea eta berradiskidetzea izatea nahi badugu.

Hirugarrenik, bortxa betiere deslegitimizatzeko planteamendua egiten da idazkian. Puntu honetaz hitz egitea oso zaila da, oso lur irristakorrean sartzen baikara, eta nire iritzia adierazten saiatuko naiz. Bai, egia da, ikuspuntu etiko, moral eta filosofiko batetik abiatuta, indarkeria armatuaren erabilpena beti kuestionagarria izan daitekeela, betiere krudela eta bihotzik gabekoa dela, pertsonak modu txarrean gogortzen dituela eta gizartean oso ondorio gogor eta tristeak eragiten dituela. Badakit ere indarkeria armatuaren kontra egon ziren pertsonak izan zirela diktaduraren kontrako borrokan eta Setien gotzaina izan daiteke adibide argi bat, orduan ere hura bezalako pertsonak egon baitziren frankismoaren kontrako borroka baketsuan. Hori guztia egia da, baina, zinez esan al dezakegu borroka armatua beti berdin epaitu behar dela? Agian, gaia ikuspuntu etiko hertsi batetik planteatuta, bai, baina, berdin pentsatu behar al dugu Carrero Blanco hil zuen ETAri eta Yoyes eta Miguel Angel Blanco hil zituen ETAri buruz? Nik, egiatan, ezetz uste dut, orduko ETAk, bitartekoa zalantzan jartzeko modukoa izan arren, diktadura anker baten kontra egiten baitzuen borroka. Yoyes eta Miguel Angel Blanco hil zituen ETAk, bi adibide aipatzearren, bidegabekeria besterik ez zuen egin. Inolako zalantzarik egon ez dadin, ni neu aspaldi jarri nintzela ETAren kontra, guztiz kontra, esan behar dut, baina gogoeta hauek egin behar ditugula iruditzen zait.

Laugarrenik, pertsona bati boikota egiteko eskaera izan dela agertzen dute artikuluaren egileek eta, boikot horren guztiz kontra dauden arren, paradoxikoa dela ezker abertzalea horren kontra agertzea. Guztiz bat nator haiekin eta Imanolek sufritutakoa aipatuko dut.

Bukatzeko, barkamena elkarri eskatzea eta egiazko damua adieraztea, baina alde guztiek, dira nire planteamenduak, horrela lortuko baitugu egiazko bakea herri honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.