Gutun irekia 'Corrugados auziaz' eta haren trataeraz

Nagore Alkorta Elorza
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Corrugadosen harira, Azpeitia eta udala zurrunbilo mediatiko batean kokatu gaituzte eta hainbat kontu argitzeko beharra sentitzen dut.

Hasteko, berresten dut Azpeitiko Udalak interes handia duela Corrugados Azpeitian irekitzeko. Horrela adierazi dugu publikoki. Horrela jakinarazi diegu Jaurlaritzari, Aldundiari eta Cristian Lay-ri.

Inplikatutako erakundeon bilera bakar bat egin aurretik, eta enpresak txosten teknikorik, negozio eta bideragarritasun planik aurkeztu ez duenean, gaia hedabideetara eraman zuen EAJk. Geroztik lan gehiago eginarazi digute komunikabideei erantzuten, benetan enpresa martxan jartzen baino.

Sentsazioa daukat egin ditudan adierazpenak ez direla izan sailburuarenak bezain irmoak. Esan gabe doa zailduago dagoela bera komunikabideen ibilian. Halere, hedabideetan bere mezua denbora gehiagoz eta ozenago egoteak ez du esan nahi arrazoia duenik.

Nahiago nuke gaia diskrezioz lantzen ariko bagina. Ez bainaiz gustura sentitzen katramila mediatiko honetan. Arlo juridikoan dut formakuntza; 13 urtez izan naiz Gipuzkoako udal bateko idazkaria. Umiltasunez, baina uste dut badudala ezagutza prozedura administratibo eta urbanistikoetan. Idazkariaren funtzioa baita udalen erabakiei berme juridikoa ematea.

Corrugadosek 2014an idatziz jakinarazi zion udalari jarduera bertan behera utzi zuela. Orain, abian jarri nahi dutela esan digute; beraz, zentzuzkoa da ingurumen-baldintzak eta hirigintzakoak betetzea eskatzea.

Ingurumen-betekizunak Jaurlaritzaren eskumenekoak dira. Erakunde errespetuagatik, datu objektibo bat besterik ez dut emango: 2008an eman zitzaion Ingurumen Baimen Bateratua, 6 hilabeteko egikaritze-epearekin, ezarritako baldintzak bete eta berrikusteko betebeharrarekin. Baldintzak osotasunean beteta aritu zela dioen dokumenturik ez du udalak. Eta ez dakigu, dokumentuan zehaztu gisa, 4 urtera ikuskapenik egin zen; 8 urtera zuen iraungitze data. Ez dugu gai horretan sartu nahi, baina udalaren ikuskatzeko ahalmena eta eskumenaren baitan jarraipena egitea dagokigu.

Hirigintza arloan, gaia hobeto ezagututa, uste dut iritzia eman dezakedala. Urtarrilaren 27ko 14/2009 Dekretuan, behin betiko onartu zen Zarauzko Eremu Funtzionalaren LPParen 1. aldaketa, Azpeitia,Trukutxo eta Amueko eremuei dagokiona:

I. eranskinean, Amue jasota dago dentsitate handiko bizitegi-garapen berriko lehentasunezko eremu gisa, eta Trukutxo, 5. Jarduera Ekonomikoak Berriro Garatzeko Lehentasunezko Eremu gisa, berariaz aipatuta bertan instalazio siderurgikoaren proiektua sartu dela.

II. eranskinean Ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazioa, mota honetako gogoetak jasotzen dira:

Proposatutako lurralde-plangintzaren aldaketaren oinarria da lurralde-antolamenduan garapen jasangarriaren printzipioa txertatzea, lurraldearen harrera-gaitasuna, behar sozioekonomikoak eta ingurumen- eta hirigintza-ikuspegia kontuan hartuta. Oinarrizko irizpide horietatik abiatuta, eta EAEko, Espainiako eta Europako ingurumen-politikaren printzipio gidariekin bat etorriz, Corrugados Azpeitia enpresaren galdaketa-instalazioak birkokatzeko premiei erantzuten zaie, eta, aldi berean, egungo araudiarekin eta ingurumen-balioekin bat datozen ezarpen-baldintza modernoak bilatzen dira.

Ezarpen berrirako ingurumen-irizpide estrategiko gisa, abiapuntuko premisak dira babes bereziko espazioei edo inguruneei ez eragitea; bizitegi-guneetatik urruntzea.

Trukutxo eremua proposatutako eskariari erantzuteko gai dela baieztatu da, aipatutako bideragarritasun eta ingurumen-irizpide estrategikoen arabera, interes publikoaren mendeko printzipioen arabera eta dagokion Ingurumen Inpaktuaren Baterako Ebaluazioan (IEBE) aurreikusitakoaren arabera. Posible da Azpeitia hirirako Amue eremua berreskuratzeko. Lurralde-plan partzial bat udalaz gaindiko antolamendua bilatzen duen hirigintza-tresnatzat hartzen da, eta, ondorioz, nahitaez eragin behar dio, Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean haren zehaztapenak gailentzen baitira.

Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak, EH Bilduk eta EAJk 2013an aho batez onartutakoak, arau-hierarkiagatik ezin zitekeenez bestela izan, zehaztapen horiek jaso zituen. Ondorioz, horiek aplikatu beharreko arauak dira.

Jarrai nezake argumentu juridikoak ematen, baina gutunak ez du gehiagorako ematen; hedabideetan adierazpen bitartez eztabaida juridikorako aukerarik ez dagoen bezalaxe. Horregatik, sailburuak publikoki debate juridikoarekin jarraitu nahi badu, gutxienik eskatzen diot egin dezagula baldintza berdinetan: errespetuz, aurrez aurre eta beharrezkoa den denbora tartearekin.

Bitartean, errespetua eskatzen diot. Azpeitiko Udalarekiko bere eskumenetatik harago joanez udalen autonomia zalantzan jartzea larria delako. Eta udal teknikari eta ordezkari politikoon zintzotasuna eta ardura publikoa zalantzan jartzea ez da onargarria. Eta Azpeitiarekiko, Corrugadosen itxiera dramatikoa izan zelako, langileek eta beren familiek, azpeitiarrek, sufritu zutenarekiko errespetua behar delako.

Ez dut amaitu nahi elkarlanerako eskua luzatu gabe. Prest gaude, beharrezkoak diren baldintza guztiak beteta, Corrugadosen irekieraren alde egiteko. Benetan borondaterik eta proiektu industrialik badago, jar gaitezen lanean. Eman diezaiogun bultzada Azpeitiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.