Eusko Alderdi Jeltzalearen Bizkai Buru Batzarreko lehendakari hori: urriaren 11n, ETBko Egun on saioan izan zinen. Besteak beste, aipagai izan zenuen Guggenheim Urdaibai egitasmoa, proiektu hori gerarazteko asmoz urriaren 28rako antolatutako manifestazioaren harira.
Zure adierazpenetan antzemandako hutsuneak bete nahian, lerro hauek idaztea erabaki dugu. Izan ere, zuk elkarrizketaren une batean esan bezala, «egiak erdizka esaten dituzunean, gezurrak esaten ari zara».
1.- Manifestazioa «mugitu» duena Busturialdeko Guggenheim Urdaibai Stop plataforma izan da. Plataforma hori otsailean sortu zen, handik eta hemendik (zehazki, Guggenheim Fundazioaren patrono diren komunikabideetatik: Correo, Deia eta ETB) iristen ziren informazio-txataletatik zentzuzko zerbait atera eta horri erantzun bat emateko beharrak bultzatuta. Plataformaren inguruan askotariko jendea batu da, baita EAJri botoa eman izan diona edo ematen diona ere. Eta manifestazioarekiko atxikimendua agertu duen jendearen artean ere askotariko pertsonak daude, batzuk, ziurrenik, ez zuengandik oso urrutikoak. Funtsean, Administrazioak egin beharreko lana egiten saiatu gara: herriz herri joan eta herritarren artean informazioa zabaldu, musu-truk, guztion hobe beharrez eta ingurumenarekiko begirunez, alderdikeriak albo batera utzita.
2.- Zehaztuko duzu, mesedez, non eta noiz eman diren proiektuari buruzko azalpenak, eta noren aurrean? Izan ere, egitasmoaren inguruko xehetasunak tantaka eta desitxuratuta iritsi zaizkigu herritarroi, guztiak ere lehen aipatu komunikabideen bidez. Gainera, informazio gehiago eskatu arren, beti erantzun bera jaso dugu: «Ez, proiektu hori ez da existitzen», «Ez, ez dugu beste azalpenik emango», baita mespretxuzko irri eta begiradak ere. Eta ez, ez pentsa atez nahastu garenik: Bizkaiko Batzar Nagusietara eta Bizkaiko Foru Aldundira jo dugu, baita martxoaren 4an Gernikako Batzokian izandako bilerara ere.
3.- Zuen botere-postuetatik umiltasuna aldarrikatu, eta herritarrei umilkeria exijitzen diezue. Elkarlanean jardutea ez da agintariek mahai gainean jarritako proiektuei herritarrek baldintzarik gabeko baiezkoa ematea, baizik eta proiektuok elkarrekin diseinatzea. Plataformatik hasieratik eskatu duguna da, lehenengo, orain agintariok bulegoz bulego darabilzuen egitasmo hori bertan behera uztea, eta, bigarren, Urdaibaiko eta Busturialdeko udal, eragile eta herritarrekin batera esertzea eta eskualdearentzat zentzuzko egitasmo bat diseinatzea. Proiektu horrek bideragarria eta jasangarria izan behar du gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik, eta ez dio jaramonik egin behar Guggenheim Fundazioaren plan estrategikoari; aitzitik, herritarren eta ingurumenaren nahi eta premiei erantzun behar die.
4.- Muruetako ontziola txatarra dela diozu, «naturaren kontrako iraina». Bada, norbait izatekotan, EAJ da txatarra horren arduradun nagusia, alderdi horrek gidatu baitu sorreratik Urdaibaiko Patronatua, hau da, Urdaibaiko Biosfera Erreserba babesten duten legeak betearazteaz arduratzen den organoa; horrez gain, eremu horretako eraikuntza-lanei, lurzoruen erabilerari eta natura-baliabideen aprobetxamenduari buruzko txostenak egitea ere badagokio. Eta, hara non, ontziola martxan dago, eta enpresako beharginak Arteaga ontzia eraikitzen ari dira. Bestalde, Patronatuak eta gainerako administrazio publikoek ezikusia egin diete enpresa horrek 1970eko hamarkadatik aurrera eta XXI. mendearen hasiera arte egin izan dituen dragatuei eta baimen bako hedapenei; lan horien ondorioz, artifizialki lehortu da Biosfera Erreserbaren %4 (zehazki, 50 futbol-zelai), eta ez edozein eremu, gainera, baizik eta biosfera-erreserbako zaurgarriena.
5.- «Sostengua» eta «naturarekiko errespetua» agindu dizkiozu Urdaibaiko Biosfera Erreserbari. Badakizu zenbat zutoin sartu behar diren hezeguneko lurretan, Daliako museo-gunea Muruetakoarekin lotzeko egin nahi duzuen ia kilometro bateko airetiko pasabidea eraikitzeko? Badakizu zenbat metro kubiko lur atera behar diren? Badakizu kamioiek zenbat sartu-irten egin behar dituzten, zenbat kamioi-bide zabaldu behar diren? Guk bai. Guk badakigu hori guztia. Eta badakigu, ez zuen azalpenetatik ikasi dugulako, baizik eta arretaz aztertu dugulako Patronatuari ere ezkutu-ezkutuan aurkeztu diozuen proiektua, izenburuari bakarrik begiratuz gero ekologistetan ekologistena dirudiena. Topografoen laguntzarekin, kalkulu zehatz eta zorrotzak egin ditugu, agian zuen txostenetan oraindik azaldu ere egiten ez direnak. Horrela neurtzen da ingurumenarekiko kaltea, datuekin, ez mikrofonoen aurrean jaurtitako berba potoloekin. Eta kalte erreala aintzat hartu nahi bada, ezinbestekoa da proiektua bere osotasunean aurkeztea leku guztietan, ez zatika eta han-hemenka.
Hau da Urdaibaik eta Busturialdeak behar duten sostengua, merezi duten errespetua: etorkizuna herritarrekin batera diseinatzea, eskualdearen beharrak lehenestea eta, ingurumenari dagokionez, zuhurtasun-printzipioaren arabera jokatzea.