1971ko urriaren 12an ospatu zen Arrasateko Udalatx mendian Jan Da Lo kuadrillaren ekimenez bertan ipini zen gurutzearen inaugurazioa. Jendetza igo omen zen, gazte eta heldu, ogibide eta gizarte-maila askotakoak. Hamar egun lehenago eraman zuten gurutzea, hamar metro luze eta 250 kiloko zutabea eta besoak, 70 lagunen artean, Udalatx malkartsuan gora. Ikustekoak dira argazkiak. Kontraste handikoa izan da gurutze horren akabera: talde anonimo batek isilpean moztu eta desagerrarazi egin du.
Ez da gure herrian eraitsi duten lehenengo gurutzea; Ernai taldeak bere gain hartu ditu batzuk, justifikazio honekin: «Eraitsitako gurutze bakoitza askatasunaren alde eroritakoak oroitzeko ikur bihurtu dugu». Beraz, diskurtso antifaxista darabilte jokabide hori zuritzeko.
Hala ere, Udalatxeko gurutzearen kasuan ezin da inondik inora erabili diskurtso hori, hain zuzen ere frankismoaren azken urte haietan diktaduraren kontrako mugimenduak lotura handia izan zuelako euskal Elizarekin, eta giro horretan bete-betean zegoen murgildua Arrasate 1971n. Aurretik ere, 1960an ahotsa altxatu zuten ehunka euskal apaizek gutun kolektibo batean diktaduraren aurka, «Euskal Herriaren eskubideen alde», eta euskararen aurkako politikari «genozidioa» iritziz. Herria zegoelako zen Eliza hura, eta gero, Vatikanoko II. Kontzilioa bereganatuz euskal Elizak balio sozial eta demokratikoak garatu zituen eta horrek izugarrizko eragina izan zuen gure herrian.
Garai hura oso garrantzitsua izan zen gure alderdiarentzat. 1977an Iruñean egin zen Batzar Nagusian Xabier Arzalluzek bultzatu zuen EAJ ez-konfesional izendatzeko erabakia. Frankismoak Espainiako Eliza katolikoarekin zuen lotura estua (nazional-katolizismo kontzeptuak izena ematen ziona), eskarmentu eta txerto galanta eskaini zion gure herri jipoituari.
Baina ez-konfesional izateak ez zuen esan nahi kristautasunak bultzatu zituen balio nagusiak baztertzen zituenik euskal gizarteak, ezta 70eko urteetan ere, nahiz eta sekulartzen hasi. Justizia soziala, adibidez, Kontzilioaren muinean dagoen ikuspegia dugu, eta ezin liteke ulertu mugimendu kooperatiboa sentsibilitate berri hori kontutan ez badugu. Ez da, beraz, antzinako kontua, gaur egungo gure gizartea justuagoa eta orekatuagoa egiten duten zenbait faktore eta eragileren jatorria baizik.
Hortaz, hona paradoxa: 1971n Udalatxen gurutzea ipini zuten gazteek balio demokratiko, sozial eta abertzaleak zituzten zalantzarik gabe. Benito Lertxundik 1971n argitaratu zuen kantan bikain ageri dira: «Herria, askatasuna, justizia, pakea, egia, maitasuna». Zeintzuk dira antifaxistago, beraz, gurutzea ipini zutenak ala gurutzea eraitsi dutenak? Nik ez dut zalantzarik.
XXI. mendeko euskal gizartea anitza da eta mendebalde osoa nozitzen ari den kultur eta balio eraldaketak ari da jasaten. Kontsumismoa eta indibidualismoa gure-gureak ditugun balio komunitarioak ordezkatzen ari dira eta nire ustez gure herriaren biziraupenarentzat arrisku handiko prozesua dugu berau. Izan ere, gure herri txikiak eta euskara hizkuntza gutxituak etorkizuna izango badute, komunitate sendo baten eskutik izango dute soilik.
Gure gizartean oso errotuak dauden balio komunitarioek jatorri kristaua dute neurri handi batean. XX. mendeko kristautasun aurrerakoiak landu zituen berberak hain zuzen ere. Egia da Eliza katolikoaren zati garrantzitsu batek izaera erreakzionarioa duela. Egia da Eliza katolikoak bere baitan gertatu diren gertakari lazgarri asko argitu eta erreparatu gabe dauzkala. Baina ez da zilegi eta ez da ona, nire ustez, elementu negatibo horiek erabiltzea gure izaeran, gure identitatean, gure kulturan eta gure ondarean kristautasunak duen aztarna oro ezabatzeko.
Oso argigarria iruditu zait hainbat euskal ikastetxetan hedatzen ari den kontsigna Eguberrietako ospakizunetan erlijio kutsua duten elementu guztiak ezabatzeko. Berriro ere esango dut Eusko Alderdi Jeltzaleak aspaldi bereganatu zuela izaera ez-konfesionala, eta beraz gure gizarteko gainerako erakunde publiko eta pribatuek bide beretik jotzea ez zait batere gaizki iruditzen. Baina ikuspegi laiko edo ez-konfesionalak ez datoz bat, inondik inora, ikuspegi antierlijiosoekin. Ikuspegi antierlijioso horrek gure nortasunaren osagarri funtsezkoei erasotzen die, gure elkarbizitzari kolpe latza ematen dio eta gure etorkizunari bidea ixten dio.
Nire iritziz, dogmatismo eta intolerantzia handiegia dago gure gizartea «ezkerretik» eraiki nahi duten askoren partetik. Gehiegi du pentsamendu bakarretik eta gizarte kontroletik. Gainetik, ikuspegi horrek indarrak zatitzen dizkigu, gure herria eraikitzeko eta gure hizkuntza salbatzeko ezinbestekoak ditugun espazio sozial zabalak murrizten dituelako eta batzuk soilik erabakitzen dituzten auzietan sortzen direlako liskarrak eta enfrentamenduak. Horrela ez dago estrategia nazional bideragarria eraikitzeko modurik.
Gure gizartean eta mendebalde osoan agenda politiko berria hedatu da eta zilegitasun osoa duten hainbat kausa gure debate publikoa eraldatzen ari dira. Kausa feminista, klima aldaketari aurre egiteko kausa, desberdinkeria sozialak gainditzeko kausa, eskuin mutur populistari aurre egiteko kausa... denek merezi dute gure ahalegina. Baina kausa horietako bakoitza auzi nagusitzat hartzeak eta, gainera, bere defentsa era dogmatiko eta estremistan egiteak ez dio batere mesederik egiten kausari berari, hori alde batetik; eta, bestetik, oztopatu egiten du gure herriaren eta gure hizkuntzaren biziraupenak une kritiko honetan behar duen zentraltasun osoa. Gaurkotasun betea dute aipatutako kantan Benitok esandako hitzek: «Zenbat gera? Lau, bat, hiru, bost, zazpi?». Ez ditzagun bihurtu gurutze-bide gure herriaren hainbat bidegurutze, eta izan dezagun indarrak batzeko jakinduria eta gaitasuna. Eguberri on guztioi.