Donostiako Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea

Gurekin egiten dutena

Igor Lozano Lazkano
2025eko martxoaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ba al dakizue frantses batzuk harritu egiten direla mugaren alde honetan ere euskaldunak bagaudela jakitean? Ba bai, harrigarria bada ere, behin, Donostian, frantses batzuei entzun nien sinetsi ezinik beren buruari galdetzen: «Saint-Sébastien est au Pays Basque?». 

Agian, Gorka Torre eta Intza Gurrutxaga epaituko dituen epailea, Frantziako batek jakin nondik, Baionako epaitegira iritsi berria da, eta hura ere harritu egiten da Gurrutxaga euskalduna bai baina frantsesa ez dela jakitean; agian (segi dezagun amesten), konprenitzen duenean euskaldunok Frantzian eta Espainian gaudela, epifania moduko bat izango du: euskaldunok bere baitan behar garela izan, ez garela zerbaiten zati, eta zatikatuta bagaude, zatikatu egin gaituztelako dela. Eta Espainia eta Frantzia, biolentziaz, gure gainean jarri eta beraien nazioak asmatu baino lehenagotik garela, hemen, euskaldunok. Eta, akaso, epaituko dituen biei begira pentsatzen du, ChatGPTk esan zidan moduan: «Frantzia eta Espainia arteko Bidasoko mugak aurrez batua zegoen euskaldunen komunitatea banatzen duela». Hori , bidenabar, logika hutsa da, makina batek ere ebatzi ahal duena. 

Hala ere, ziurrenik, zaharragoa izango da epailea, zaharregia adimen artifizialaz fidatzeko. Jo dezagun urte asko daramatzala lanean eta aski ezaguna zaiola euskaldunon afera, hala bada, agian, euskararen aldeko bi militanteak epaitzen ari dela, 1970ean Sartrek Burgosko prozesuen harira frantsesei Euskal Herria kolonia bat zela jakinarazi zienekoa oroituko du (badakit kolonia hitza erabiltzeak beldurra ematen diela batzuei, kontuak eskatu Sartreri). 

Noski, horrelakorik ez da gertatuko eta biak epaituko dituzte euskararentzat justizia eskatzeagatik. Gainera, nahiz eta euskaraz deklaratzeko itzultzaile bat eskatu duten biek, Torrek frantsesez deklaratu beharko du (azken bi epaiketetan, behintzat, ez diote itzultzailerik jarri) eta Gurrutxagak (nahiz eta bera EAEko biztanle izan eta bertan euskara ofiziala den) ziurrenik espainolez egin beharko du, ondoren frantsesera itzultzeko: horraino umiliatzen gaituzte. 

Gurrutxagak ze hizkuntzatan hitz egin beharko duen, ordea, oraindik ez dago guztiz argi eta bada aukera gipuzkoarrari euskaraz deklaratzeko eskubidea bai aitortzeko. Agian, hobe euskaraz egiten uztea, behintzat, bietako bati ezta bat berari ere baino. Hala ere, kasu horretan, bi euskaldunek epailearen aurrean, lurraldearen zati desberdinetan jaio izanagatik, eskubide desberdinak izango lituzkete; non eta Baionan, gipuzkoarrak lapurtarrak baino eskubide gehiago. 

Dena dela, argi dago epaileari ez zaiola gure zapalkuntza epifania erlijioso batean bezala begi bistakoa egingo, eta gaur hain ahaztua dagoen Jean-Paul Sartrez inor ez dela oroituko epaiketa gelan. Euskaldunok gogoratu genezake, ordea, hark guri buruz esana eta haren existentzialismoaren oinarri ere badena: «Gurekin egin zutenarekin egiten duguna gara»; kasura, gure herriarekin (eta hizkuntzarekin) egin zutenarekin (eta egiten dutenarekin) egiten duguna izango dela gure herria (eta gure hizkuntza). 

Egin dezagun bada zerbait, jadanik zerbait egiten dutenen alde. Jarrai dezagun bi militanteen eredua eta erakuts diezaiegun gure babesa. Aldarrikatu dezagun euskararentzat justizia Baionako epaitegiaren kanpoan, apirilaren 6an, goizeko 11:30ean. Bertan ikusiko dugu elkar!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.