Azken egun hauetan, Eurokopa dela eta, espainiar sutsu horien aldetik euskal herritarrek bizi behar izan duguna ez da txantxetakoa izan. Hamabost eguneko bonbardeo mediatikoa sufritu behar izan dugu. Selekzio gorriak irabazten zuen bakoitzean (eta jokatu duen guztietan atera da garaile) a zer-nolako tabarra. Eta zer esan finalaren aurretik eta atzetik pasatu behar izan duguna. Izugarria, lotsagarria, kalifikatibo guztiak eskas. Pantaila erraldoiak hiriburuetan, Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Donostian, Barakaldon... herri gehienetako tabernetan telebista guztiak piztuak gorriaren irudiekin, irrati-telebistako eguneroko tertulietan, notizietan, abar eta abar, berdin. Piperpotoaren irudiak gora eta behera nagusi. Guztia aprobetxatu dute, kirola eta futbol selekzio gorriaren garaipenaz baliatuz, herri honen kultura eta balioak desitxuratzeko edo eta zalantzan jartzeko, alegia, hau ere Espainia dela azaltzeko. Eta bide batez, konkista mediatiko baten bidez, beraien mezu politikoa indartzeko eta zabaltzeko. Besteak beste, helburu hori baita oro har kirolarekin eta bereziki selekzio gorriarekin lortu nahi dena, gu ere selekzio gorriarekin identifikatzea eta gureaz paso egitea.
Eta egun hauetan gure herrian ikusitakoa batzuk harriduraz hartu badute ere, hori gerta zitekeela logika baten barruan zegoela uste dut, besteak beste, selekzio gorrian dauden futbol jokalarien goi maila ikusita irabaztea ez delako inongo sorpresarik izan, niretzat behintzat. Eta are gutxiago horrela gertatzen bazen, ondoren aprobetxatuko zutela egin dutena egiteko. Jakina baitzen, beste behin, horretarako behar zuten laguntza eta konplizitatea eskura izango zituztela, medioak, dirua, abar eta abar. Nola ez ba, futbola, kirola baino ez da eta gainera ez da politikarekin nahasi behar eta!
Beraz, zentzu horretan uste dut, gure barruan hausnarketa bat egitea ere ez legokeela soberan, inoiz ez baita berandu gertatutakoa aztertzeko eta hortik ondorioak ateratzeko. Eta sentsazioa baino ez da baina uste dut oraingoan jokoz kanpo harrapatu gaituela, eta urak gainezka egin ondoren hasi garela presaka eta korrika presa egiten.
Ondorioz, gure begien aurrean gertatu denak balio beharko liguke, ikasgai modura, aurrerantzean guztion aldetik euskal selekzioari duen garrantzia emateko. Bestela, gero beranduegia izan daiteke, gure haurrak eta nerabeak, Espainiako eta Frantziako kamisetak soinean jantzita kalean eta ikastoletan ikustean, gure gizartea egunetik egunera pluralagoa dela eta aldatzen doala esatea.
Beraz, Eurokopa dela eta gurean bizi behar izan dugun egoera anti-natural hori ekiditeko, jarri ditzagun bakoitzak orain arte jarri duguna baino zerbait gehixeago eta bidera dezagun gure instituzio guztietatik abiatuta eta lehentasunak markatuta gure kirol politika horretara zuzendua. Eta horretan ezin ahaztu, gure alderdi politiko abertzale guztien ardura, besteak beste, ofizialtasunaren arazoa, juridikoa baino gehiago, politikoa delako. Eta horrela eginez gero, ziur nago, egun beste egoera baikorrago batean aurkituko ginatekeela.
Beraz, nazioartean euskal selekzioaren ofizialtasuna lortu nahi badugu eta nahi dugu, inkesta ezberdinek hori diote behintzat, nire uste apalean arlo guztietan lan gehiago egin beharra dago, arlo instituzionalean, kirol arloan, klubetan, kalean, ikastetxe eta ikastoletan... ez baitago beste biderik egoera trakets honi buelta eman ahal izateko eta behingoz gure selekzioaz disfrutatzeko.
Ea ba ausardia pixka batekin zezenari adarretatik heltzeko gai garen. Ez da aukera faltagatik izango, zeren Eurokopa bukatu arren euskal selekzioaren aldeko aldarriak hor jarraitu behar duelako, besteak beste, Iruñean abuztuaren bukaeran 22 urte azpikoen artean ezkerparetan munduko txapelketa jokatuko delako eta oraingoan ere, zoritxarrez, euskal pilota selekziorik gabe izango delako. Gure herrian, gure kirolean eta euskal pilotariak lehiatu nahi badute atzerriko nazio bat ordezkatu beharrean aurkitzea ere, lotsagarria eta salagarria ezta? Ba, hor ere zerbait esan edo egin beharko litzateke eta gure aldetik behintzat saiakerarik gabe ez da geldituko.
Beraz, nahi izanez gero, fronteak egon badaude gurearen ofizialtasuna aldarrikatzen jarraitzeko, eta nolabait, kolore berdeak gorriari itzala egin ahal izateko.
Gora euskal selekzioak!