Athleticek 2017-2018 denboraldian zehar Europan izan duen ibilbideak zalaparta handia sortu du, bai arlo futbolistikoari dagokionez, baita norgehiagoka hauen eragina jaso duten pertsona eta hiriengan ere. Batean zein bestean taldeko entrenatzaileak noizbait aipatu duen zigilua jartzea kosta izan zaigula iruditzen zait.
Zentzu horretan, ilusioz, esperantzaz eta nolabaiteko harrotasunez ekin genion Athleticeko zaleok aipatu lehiaketari. Ordea, etsipenez, beldurrez eta indarkeriaz zipriztinduta bukatu dugu. Eta horrelako sentimendu kontraesanezkoak ulertzeko, beharrezkoa iruditzen zait gogoeta egin eta zenbait galdera planteatzea, batez ere arlo futbolistikotik at dauden zenbait egoerarekin.
Hori esanda, hurrengo galdera hauek bururatzen zaizkit: indar erakustaldi hauek zer erakusten dute? Zein eredu zabaltzen da? Zein lekutan uzten gaitu? Nola aurre hartu?
Batetik, komeni da argitzea azken urteetan batez ere Europako txapelketetan gertatu izan direla horrelakoak, Espainiako ligako partida gehienetan ez bezala. Jokalari izanda, bizi izan nituen horrelako egoerak Bruselan edo Vienan, esaterako; aldiz, zale izanda, Marseillan birritan. Hiri horietako taldeak eta besteren bat (Moskuko Spartak) Bilbora etorri direnean ere indarkeriak presentzia nabarmena izan du Bilboko hirian, zein San Mames barruan.
Historian Lizentziatua eta aro garaikidearen jarraitzaile sutsua naizen aldetik, ulertzen dut oraindik horrelako jarrerak egotea bi mundu gerra piztu dituen kontinente baten barruan. Ulertu bai; ez, ordea, partekatu. Are gehiago kirola oro har, indibiduala zein kolektiboa, nazionalismoen erakusleiho bilakatu denean. Oraingo kirolzaleen gehiengoa kirolari edo modalitate jakin bateko jarraitzaile izateko arrazoi nagusia kirolari edo taldearen identitatea denean.
Eta, noski, egoera horretan nazionalismoa muturrera eraman nahi dutenak eroso eta pozik sentitzen dira. Protagonistak dira, komunikabideen foku guztiak bereganatuz eta «guda» hiri ezberdinak indarkeriaz nahiz enfrentamenduz josiz. Hots, indarkeriaren kultura zabalduz.
Eta hortxe gaude gu, futbolzaleak eta zaleak ez direnak, indarkeriaz jositako kultura hau jasaten, espektakulua zuzenean eta aho zabalik bizitzen. Egoera horien eraginez hildako pertsona bat eta hainbat zauritu egoteraino.
Nire ustez, prebentzioa ez da erraza, baina argi dago UEFAk zenbait erabaki hartu beharko lituzkeela, Europako zenbait hiri gudu zelai bilaka ez daitezen.
Eta guk zer egin genezake gizarte bezala? Bi jokamolde okurritzen zaizkit.
Batetik, UEFAk berak indarkeria ohiko tresna gisa erabiltzen duten taldeak Bilbora etortzea debekatzen ez badu, partida horiek beste nonbait jokatzea proposatzea (gerran dauden herrialdeekin gertatzen den legez).
Bigarrena eta agian inportanteena, anaikidetasunaren kultura sustatzea. Izan ere, askotan diogu futbolak ideologia anitzeko pertsonak anaikidetzea lortzen duela. Balia dezagun bada gaitasun hori eta estatuan zein nazioartean Anje Duhaldek bere abesti ospetsu batean esaten duena lau haizeetara zabal dezagun: «bakezaleak gara, bakea nahi dugu eta bakean bizi nahi dugu...».
Gure zigilua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu