Urte asko dira nazioarteko selekzioen arteko lehiaketarik (Olinpiar Jokoak, Mundialak...) ez dudala jarraitzen. Indiferentzia, nekea, atsekabea... eta amorru punttu bat ere eragiten didate. Eta ondorioz, ez ikustea da geratzen zaidan alternatiba.
Honen arrazoia ez da kirola ez gustatzea edota lehiaren aurkakoa izatea. Gure selekzioari, euskal selekzioari, parte hartzen ez diotela uzten baizik. Hain justu beste selekzio batzuek (Espainiako zein Frantziakoek) ukatzen digute ofizialki parte hartzea. Eta euskal selekzioa ez da debeku hori jasaten duen bakarra: Katalunia, Galizia, Korsika, Bretainia...
Euskal selekzioaren aldeko mugimendu desberdinak ezagutu izan ditut gaztarotik, nagusiena ESAITek egindako lana izanik. Estrategia desberdinak jarraitu izan dira. Baina oraindik ez da lortu euskal selekzioen ofizialtasuna. Eta euskal kirolariek oraindik ez dute euskal selekzioarekin lehiatzeko aukerarik. Urtean behin, asko jota, lagunarteko sinbolikoak jokatzeko ez bada, noski...
Uda honetan jokatu den Eurokoparen harira, «normalizazioa» izan da askotan entzun ditudan hitzetako bat. Pauso positibotzat hartu da, Euskal Herrian ere, jendea Espainiako kamisetak jantzita ibiltzea, beldurrik gabe, pantaila handiak jartzea hirietan La Roja-ren partidak ikusteko... Ados. Baina normaltasunaren beste erdia falta da: euskal selekzioa ere ofizial izatea, nazioarteko lehiaketetan parte hartu ahal izatea, eta euskal selekzioaren zaleok ere, kamiseta berdeak jantzita, pantaila handietan gure selekzioaren partidak ospatu ahal izatea.
Ez dugu aparteko ezer eskatzen. Gure bizilagunek dituzten eskubide berberak izatea soilik. Gure sentitzen dugun selekzioak jokatzeko eskubidea izatea eta guk animatu ahal izatea. Hori egin ezean, normaltasuna erabat hankamotz geratzen baita, normala ez den zerbait normalizatzen ariko baikinateke...
Bi aldeen arteko kontu bat dela hau dena, bi aldeek adostu beharrekoa, izan da entzun ditudan beste argumentuetako bat. Baina ez dute esaten bi alde horien arteko harremana ez dela berdinen artekoa. Euskal Herriaren eta Espainiaren artekoa ez baita Espainiak Italia, Portugal, Suedia edota Txekiarekin duen harremanaren parekoa. Gure kasuan, alde bat bestearen gainetik baitago. Alde batek bestearen eskubideak ukatzen baititu. Arrain handiak txikiak jaten dituen bezala. Espainia baita euskal selekzioaren parte hartzea debekatzen duena. Aspaldiko doinuak dira: bandera, hizkuntza, kultura zein selekzio bakarra.
Eta kuriosoa da nola espainiar zaleek guri etengabe eskatzen diguten euren eskubideak errespetatzeko. Ados. Baina eurek noiz errespetatu behar dituzte gure oinarrizko eskubideak? Euskal selekzioak ez baitu beste selekziorik debekatzen. Alderantziz baizik. Espainiakoa da beste selekzioak debekatzen dituena. Espainiar sentitzen direnek euren selekzioa animatu dezakete, lehiaketetan normal parte hartu baitezake. Euskal herritar sentitzen garenok ez daukagu aukera hori, ukatua zaigulako.
Ondorioz, ironikoa da Espainiako selekzioa jarraitzen, animatzen ez dugunoi edota Espainiaren garaipenak ospatzen ez ditugunoi anti-espainolak izateaz akusatzea. Errealitatean, eurak baitira anti-euskaldunak, gure selekzioa debekatzen diguten heinean.
Espainiako Estatuak zergatik ez du egiten Erresuma Batuak bezala? Non Eskozia eta Gales, esaterako, euren selekzio propioekin lehiatu daitezkeen inolako arazorik gabe, estatu independenteak ez diren arren. Zergatik han posible dena ez da hemen aplikatzen? Zergatik ez du Espainiak berdin egiten eta denoi eskubide berdintasuna bermatu, arazoa konponduz? Borondate politikoko kontu bat da. Politikoki konpondu beharrekoa. Ezin dugu pisu dena kirolariengan (soilik) jarri... Eta gizarte gisa ere, aldarrikapen honen harira gehiago mugitu beharko ginatekeela iruditzen zait.
Ez dakit zehazki ze bide-orri jarraitu beharko genukeen. Baina badakit zein ez den bidea: egungo egoera normaltzat jotzea, eta gure selekzioa debekatzen duen selekzioa animatzea. Eta zentzu honetan, erabat ulergaitza egiten zait (ustez) euskal selekzioaren alde dagoen jendea Espainiako selekzioaren garaipenak ospatzen ikustea. Herri txiki oso euskaldunetan ere bai. Duela 30 urte zein gaur egun. Hori justifikatzeko hamaika aitzakia asmatuz (entrenatzaile euskalduna dute; Realeko zein Athleticeko jokalariek jokatzen dute; gertukoak dira...).
Ez dakit nola azaldu hori. Agian (ustez) euskal selekzioaren aldekoak diren horiek ez dira horrela benetan, eta La Roja-rekin ezkutuan mantentzen saiatzen diren euren espainiartasuna azaleratzen (eta azeleratzen) zaie? Edo hainbeste galdu dugu iparra, non benetan euskal selekzioaren aldekoak ere gure selekzioa debekatzen duen selekzioa animatzeraino iritsi diren? Espainiar sentitzen den jendeak Espainiako selekzioa animatzea normala da. Baina zenbat dira halakoak herri txiki euskaldunetan? Batzuek betikoa esango dute: kirola eta politika ez direla nahastu behar. Baina, zoritxarrez, politikak denean eragiten du, eta kontu honek oso gutxi du kiroletik, erabat afera politikoa den heinean.
Ez da nire asmoa bakoitzak zein selekzio animatu behar duen esatea. Ezta gutxiago ere. Baina zer pentsatu handia eman behar ligukeen gaia da. Hausnarketa sakona eskatzen duena. Gure selekzioa debekatzen duen selekzioa animatuz inoiz ez baitugu euskal selekziorik izango.