Gure osasunak zuen buruak baino gehiago balio du

2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Langileen osasuna okerrera egiten ari den honetan, berriro ere ate-joka daukagu apirilaren 28a, Segurtasunaren eta Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna.

Milaka lan istripu gertatzen dira, lan arloan txertatua dagoen gaitza da. Estatistiketan gertatu den jaitsiera apalak egiazkoak eta eraginkorrak diren neurriak hartu izanarekin baino zerikusi handiagoa du testuinguru ekonomikoak enpleguan duen eraginarekin (kaleratzeekin, enplegua erregulatzeko espedienteekin, lan munduko sektore-berregokipene- kin). Laneko gaixotasunei dagokienez, aitorpen maila kaskarra eta eskandalagarria dela salatu behar dugu. Europako Batasun osoa erreferentziatzat hartuko bagenu, lan istripuetan gertatu ohi den hildako bakoitzeko, laneko gaixotasunek eragindako 18 heriotza gertatu ohi dira. Hala ere, Euskal Herrian, aipatu parametroa alderantzizkoa da. Aurtengo apirilaren 28a lan erreforma berriaren testuinguruan datorkigu. Horren barruan jasotzen dira kaleratzeak errazten dituzten eta prekarietatea hedatzen duten neurriak eta enpresarien erabateko boterea. Neurri horiek guztiek eta enplegu galerak langilearen osasunari eragiten diote zuzenki eta larriki; lana galtzen dutenei eragiten die, eta enpresetan lanean jarraitzen dutenei ere eragiten die, lan eta osasun baldintzak okertuz. Enplegua galdu dutenen artean antsietate, depresio, loezin eta nerbio-alterazio sintomak eta psikofarmakoak hartzeko mediku aginduak ugaritzen dira; eros-ahalmen txikiagoa izateak, bestalde, osasungarriak ez diren elikatze-ohiturak sustatzen ditu, areagotu egiten ditu digestio-aparatuaren arazoak, edota menpekotasun, suminkortasun, azal eta zirkulazio arazoak. Azken horiek gaixotasun kardiobaskularrak eta miokardio infartuak edo bihotzekoak eragin ditzakete; frogatua dago suzidioak ereareagotzen dituztela. Lana galtzearen beldur izateak, era berean, kalte handiak (estresa, segurtasun eza eta egokitzeko arazoak, gihar eta hezurduraren ondoeza handitzea, eta abar) eragiten dizkie osasun fisikoari eta adimen-osasunari.

Lan erreformaren aplikazioak, halaber, nahiz eta justifikatuak egon —20 eguneko iraupena gainditzen ez duten laneko bajak— arrazoi objektiboengatiko kaleratzeak baja-kopurua urritzea ekarriko du berekin; ez, ordea, gaixotasun kopurua. «Presentismoa» orokortuko da, hau da, lanera gaixorik joatea, eta ondoezik lan egin beharrak berekin dakar osasuna eta lan egiteko gaitasuna galtzea. Litekeena da istripuak eta gihar eta hezurduraren lesioak areagotzea, lan egitearen ondorioz gaitasun fisikoa urritzen delako, eta gaixotasun infekto-kutsakorrak kutsatzea, langileek gaixorik lan egiten dutelako.

Sei hilabete barru, gaitasun berriez hornituko dira mutualitateak, «ezintasun iragankorra eraginkortasun handiagoz kudeatzeko». Oso litekeena da jatorri arrunteko baja-prozesuetan altak emateko ahalmena arautzea. Horri gehitzen badiogu iraupen motzeko bajetan langilea kaleratua izan daitekeela, esan beharrik ez da areagotu egingo direla presioaren, beldurraren, kaleratzeen eta osasunaren gaineko ondorioak.

Pertsona gehienok bizirauteko lan egin behar dugunez, argi dago erreformaren ondorioek (ezegonkortasuna, segurtasun eza, babesgabetasun handiagoa, kaleratua izateko beldurra, enplegu eta laneko baldintzak aldatzea, malgutasuna, kontratu kaskarragoak, eta abar) eta egungo langabezia mailak langileriaren osasunari eta lan osasunari eragiten dietela zuzenean. Eta hori sufrimenduarekin, gaixotasunekin eta heriotzekin ordaintzen den bidesaria da. Ezbeharren estatistika ofizialetan jasotzen den beherakadaren atzean badira bi arrazoi nagusi: langileek enplegua galtzeko duten beldurra, eta, horrekin batera, enpresek, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eta patronalek osasun-minen laneko jatorria ukatzen jarraitzea.

Egoera horiek guztiek langileria osoari ekarriko dizkiote ondorioak; noski, lehenago eta indar handiagoz, lan merkatuan egoera kaskarragoan daudenei: emakumeei, gazteei, iraupen handiko langabeei, etorkinei... Hortaz, lan eta gizarte eskubideen murrizketa larri hau langileriaren segurtasunaren eta osasunaren aurkako erasoa da, eta gure bizi-kalitatean atzera egitea dakar berekin; egoera guztiz onartezina da.

Gero eta beharrezkoagoa egiten da geure Lan Harremanetarako eta Gizarte Babeserako Esparrua sortzea, hori baita era bakarra eraso horietatik guztietatik babesteko: bertan erabaki eta sortu behar dira zeintzuk izango diren gure lan harremanak zuzenduko dituzten arauak; ezarpenetatik askeak, osasungarria, kalitatezkoa eta segurua den enpleguaz, pertsonen osasuna lehenetsiko duen babes eta prebentziorako sistema publiko batez, patronalen mutualitaterik gabe. Laburtuz, eredu publikoaz, unibertsalaz, parte hartzaileaz eta kalitatezkoaz ari gara, gure osasuna merkataritza-interesen menpe jarriko ez duen ereduaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.