Liburu-iruzkingilea

‘Gure’ oinarri moral eta politikoa, handi-handika, iruzurra da

2024ko ekainaren 25a
05:00
Entzun

Talde etniko menderatzaileek eraiki zuten nazio-estatua Europan. Politikak kulturarekin eta kulturak politikarekin bat egitean fundatzen dira nazio-estatuak. Printzipioz, demos-ek eta etnos-ek, guztiek, bat egin behar izango zuketen, baina ez zen horrela izan. Kultura nazionalaren ikur nagusia hizkuntza izan da. Nazio-estatuaren sorreran funtsezkoa.  

Hizkuntza dugu nazioaren funtsa eta koska. Eta gakoa? Batzuentzat gakoa —nazioa bizirik izanen bada— estatua eraikitzea da. Nago baina, abertzaleen kasuan, politikari stricto sensu-z gagozkiola, estatua ez ote den fetitxe bihurtu. Erran nahi baitut, abertzaleek hizkuntza jo dute euren bereizgarri gorena, tamalez baina, euskararen egoera ez dago egun, nazioa eraikitzeko beharrezko den funtzio komunikagarriaren mailan.

Euskaldunok/abertzaleok —ere— gure ondoko nazio-estatuen maila ekonomikoa ederto profitatzen dugu.Nazionalismoaren ALDE eta AURKA liburuaren ildoan ari naiz. «Gure» —abertzale gisa paratu dut neure burua— oinarri moral eta politikoa, handi-handika, iruzurra da, eta politikaren alorrean fartsa ere zenbaitetan. Hots, euskaraz bizitzeagatik ez gara naroagoak, ez irusagoak.

Euskara —nazio-hizkuntza— ez da bizitza publikoaren adierazle bizia. Euskara ez da abertzaleek aldarrikatzen duten nazio-adierazle nagusia. Teorian bai, praktikan ez. Eusko Legebiltzarrean 40 urtez izandako praxia lekuko. Nafarroako Parlamentuan zer erranik ez. Iparraldeaz ez dago deus erraterik. Alabaina, abertzaleen nazio-estatuak gaur egungo hiru lurralde administratibo horiek bildu behar lituzke. Duela 50 urte, ezkerreko abertzaleek (ETA-HB) eskuineko abertzaleei (EAJ) egozten zieten euskara jendartearen eliteetatik erauzi izana. 50 urte iragan ostean ezkerreko euskal intelligentsiaren ildoan euskararen garapen moduko bat erdietsi da. Halarik ere, euskarak ez dauka jendartean/euskal soziologian behar bezalako proiekziorik, ez gutxieneko indarrik, nazioa euskaraz gauzatzeko.

Nazioartean dauden nazio-hizkuntza egoera batzuk aztertu ditu saiogileak. Kanadako Estatuarena, kasurako. Quebeceko frantsesaren bilakaera hizpide, hauxe: bertako frantses hizkuntzak ez du estaturik, baina komunitate linguistiko sendoa da quebectarra. Alta bada, frantsesa bereziki eliteen hizkuntza da: kazetariena, politikariena, ekonomialariena... Izan ere, balizko herri quebectarrarentzat, baita iraganean independentzia aldarrikatu zutenentzat ere, frantsesa ez da begiko hizkuntza, hizkuntza-nazionalismoa ez dute begiko. Hizkuntza-nazionalismoaren aldeko grina ez da quebectarrarengan ageri. Hizkuntza-nazionalismo begikoa ingelesa da —hizkuntzen amalgama zabalean—. Funtsean, bai ingelesa bai frantsesa hizkuntza inperialistak izaki.  

Nazionalismo linguistikoaren lorratzean. Hizkuntzaren definizio sozialak eta kulturalak huts egiten du, argi eta garbi. Non? Bada, hizkuntza minorizatuei buruzko testuinguru soziopolitikoetan eta jendartean. Euskara hizkuntza minorizatua da eta gure nazio-identitatea bermatzeko behar beste garatu gabea. Neurri batean gure izate kulturala espainola edota frantsesa baita. Eta, geroz eta gehiago, kultura anglofonoaren parte bilakatzen ari gara.

Hizkuntzaren eta kulturaren kontzepzio dualista aipagai: kultura-kontzeptua eta nazio-kontzeptua gurutzatzen direnean, euren arteko harremanetan, biak nahasten ditugu. Aburu hori hartu diot Odriozolari. Politikaz, ekonomiaz, gerraz ari zaigu... Honetaz ohartarazteko: kulturak hizkuntzan eragiten du, baina hizkuntzak ez du kulturan eragiten. Arestiko burutazioa heldu zait gogora: kultura terminoa —edota haren kontzepzioa— ez dugu egokiro erabiltzen. Hartaz, abertzaletasunaren kontzepziotik erraz zuritzen dugu hizkuntzaren errealitate soziala, gure kasuan, euskararena. Nazio-estatuaren politikak hizkuntza eta kultura nazionalizatu zituen, lurralde eta historia nazionala sozializatu zituen legez.

Galdera: guk, nazio-identitate garatu gabeko abertzaleok, nazio-estatua eraiki zutenen eredua imitatu behar al dugu?

Nazionalismoaren on-gaitzak. Iraganean, arraza nazionalismo-identitatearen osagaia hegemonikoa izan zen legez, izan daiteke ere hizkuntza egun. Anartean, nazionalismo espantsionistak politika genozida eta garbiketa etnikoak burutu ditu. Haatik, estatu horiek diotenez, beraiek ez dute jatorrizko herri-identitatearen aurka inolako afrunturik egin. Alegia, gizataldeen hizkuntza eta kultura, nazio-bereizgarri naturalak, komunitate baten izaera eta idiosinkrasiak «berez desagertuz joan dira».

Oharra: aburu hori nazio-espantsionistena da. Aburu soila balitz gaitz erdi, estatu-nazioen propaganda hagitz sarkorra baita.

Zenbat buru hainbat aburu. Nazio-estatu bat nahi dutenek, ezkutuko hainbat aburuz osatzen dute beren diskurtsoa, baita eguneroko praxia ere. Nazionalismoari buruzko juzguak labainkorrak eta konplexuak dira, baita nazio-identitate-estatua osatu gabekoentzat ere. Demagun honezkero ez dugula arraza edota erlijioaren osagaien beharrik «gure» nazio-identitate hegemonikoa osatzeko. Alta bada, politikak ordezkatu du erlijioa. Arrazaren ordez, hizkuntza aldarrikatzen dugu osagai gisara. Ederki. Ba ote? Euskara «gure» nazio-hizkuntza, edo berau helburu, euskarak aski indarrik al du giza homogeneotasunari ekiteko, nazio-hizkuntza-identitate osatzeko? Berez, ez.

Hots: euskal —euskaraz bizi nahi duen— jendarteak ez du ahalmenik egitasmo hori gauzatzeko. Zein da orduan, gailentzen den asmoa? Nazio-estatua osatu beharra.

Labur zurrean trenkatu beharrez: estatu zapaltzaileen nazio-alienazioaren mekanismoek, agian, ez dizkigute «begi-bistaratzen» balizko euskal-nazio-estatu horren mekanismoak. Mekanismo horiek ez ote dira «beharrezkoak» izanen euskaraz bizi nahi duen euskalduna endekatzeko? Galderak besterik ez ditut. Arrapostuak zailak dira ematen. Edonola ere, erlijioa izan bada giza idiosinkrasiaren osagai funtsekoa, «sinesmena» berebiziko euskarria da oraindik ere. Egungo «politika» halakoxe izaki, ez dut ikusten —errealitate arrazoituaren ondorioz— giza beregainik sortzeko modurik. Euskaldun oso modukoa, alegia.    

Artikuluaren bertsio luzea helbide honetan dago: https://blogak.eus/begizolia/nazionalismoaren-tesia-eta-antitesiaren-sintesia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.