Gure odolaren gainbehera

2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Odola falta da Euskal Autonomia Erkidegoan. Esan nahi dut: ez omen dago odol emaile nahikorik. Hori gutxi ez balitz, odol emaileak zahartzen diren heinean, belaunaldi berriek ez dute ardura zibiko horren erreleboa hartzen. Antza denez gazteek ez lukete, Ripper jeneralaren hitzak erabiliz, euren «gorputz-fluido preziatuak» banatu nahi. Edo hobeto esanda, selektiboak dira banaketa egiterakoan. Eta odol bankuan larri daude odol eskasiagatik.

Ez odola bakarrik, denbora ere estima altuan dugu, eta ondorioz auzolana krisian dago. Nola dakit hori? Eusko Jaurlaritzak azken legealdian Euskadi-Auzolana kanpaina burutu duelako. Eusko Jaurlaritzak zure alde kanpaina bat gauzatzen badu, akabo: desagertzeko zorian zaudenaren seinale (Ikus, adibidez, euskararen edo gure mendietan despistatu den edozein animaliaren kasuak)

Orobat, espezie mehatxatutzat jotzen dira jada ekintzaile, boluntario, militante eta parte hartu zein hurkoari laguntzeko ohitura txarra duten guztiak. Bejondeiela. Gogo falta orokorraren poderioz laster batean desagertuko dira, eta auzolanaren gurutze astun eta eskergabetik askatuko dira behingoz.

Aipamen berezia merezi dute edozein herri erakunde xumeren (pilota talde, kultur elkarte) gobernu organoetan dihardutenek. Gizajoak, behar egiteaz gain, iseka publikoaren helbururik kutunena osatzen dute. Dena inspirazio une batean herriko dantza taldeko zuzendaritzan parte hartzeari baietz esateagatik.

Zigorra hain da larria non, organizazio libertarioetan ankerkeria ere banatzeko tradizioa betidanik izan duten, agintaritza postuak txandaka esleituz. Honek abantaila nabariak ditu: batetik, alderdikide guztiek agintaritza postuetan barregarri geratzeko aukera dute; bestetik, lagun maiteak ardura postuetan dihardutenean gupidagabe kritikatzeko parada ematen du. Bizipoza. Txandakatzearen irizpideak, ordea, eragozpen txiki bat dauka: aldika edozein ergelek erakundearen gidaritza hartzen duela alegia. Zorionez, kasurik gehienetan inork ez du aldea sumatzen.

Guztiarekin ere, militantzia eta parte hartzearen bidetik, badira bedeinkatuak izan diren zorioneko gutxi batzuk. Eta horiek bai, horiek parte hartze eta aurpegia ematetik esperientzia aberasgarria ateratzen dute. Nola egiten duten ez dakit. Baina horrelako kasuak psikiatria testu liburuetan identifikatuta daude.

Izan ere, auzolanean aritzea betidanik izan da sasiz eta arantzaz beteriko bidea. Arantzen artean pozoitsuena talde lana da, zalantza izpirik gabe. Auzolanak berezkoa du talde lana eta, dakigunez, talde lana Egiptoko hamaikagarren izurria da: kideekin ados jarri, eztabaidatu, bilerak antolatu, azalpenak eman. Latza. Hala ere, denek goraipatzen dute talde lana. Zer edukiko ote du? Zerbait iluna. Konbentzituta nago. Eliteen azpijokoa akaso... Baina sozialista zein kapitalista, ateo zein fededun, denek laudatzen dute izadiak asmatu duen denbora galtzerik handiena. Susmagarria.

Eta, nola ez, sare sozialek ere badute zer esana parte hartzearen aferan. Sare sozialetan askeak gara gure frustrazioak plazaratu eta alaitasunez zartakoak banatzeko. Gure tradizioak, ostera, kontrakoa agintzen du: iraina egitea baino, jasatea hobea ei delako. Baina ez. Onerako edo txarrerako, gure genetika ez da nahikoa berezia eta gizarte gehienen bekatuak partekatzen ditugu. Hortaz, sare sozialak beste edozein tokitan bezala erabiltzen ditugu. Hots, txarto. Beraz, Auzolaning praktikatzen dutenek herrikideek ezarritako penitentzia bete eta sare sozialetan irainak etsipenez jasan behar dituzte. Lehen tabernako larruketa estandarra zena ziberespazioaren zabortegi amaigabean garatzen da egun. Gozamena.

Ekaitz perfektua, beraz, auzolanaren biziraupenerako: gogo gutxiko eta katu errazeko tropa. Oparotasun ekonomikoaren edo heldugabetasunaren ondorioak izango dira. Batek daki. Ez gaude laguntzeko prest eta dena berehala nahi dugu. Zerbitzatzeko nozioa esperantzarik gabe higatuz doa eta auzolana, arestian gure gizartearen ikurra zena, hilzorian dago. Jadanik ez dugu lurra lantzen. Eta gure odolean behar luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.