Gure nakardun botoiak

2016ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Patricio Guzmanen azken filma ikusi dut: El botón de nácar. Orain arte ikusi ditudan guztiak bezain hunkigarria eta sakona. Bere obra guztian, zeina luzea baita jada, Txilek ezagutu dituen aldaketa politikoak oso ondo islatzen ditu, batez ere Salvador Allenderen garaia eta geroago etorri zen Pinocheten diktadura. Bere Elogio de la luz-en, adibidez, desagertutako senideen gorpuen bilaketa lanak eta Atacama basamortuko paisaia magikoak modu ahaztezinean lotzen ditu. Goi-ordoki horietan zehar, ziur aski munduko tokirik lehorrenean, Pinocheten borrero kriminalek hainbat pertsonaren gorpuzkiak barreiatu zituzten, 3.000 edo 4.000 metroan dauden toki horietara gorpu horien bila inor ez zela joango ziur aski pentsatuz. Bilaketa hori maisuki irudikatzen du Guzmanek film horretan, emakume horien larritasuna, ia bukaera ez duten Atacama basamortu horren espazioetatik etengabeko eta ia itxaropen gabeko eta amaiezinezko bilaketetan. Orain dela urte gutxi batzuk, Txilera egin nuen bidaia batean Atacamako paisaia horiek bisitatu nituen eta oraindik hobeto ulertu nuen larritasun hura.

Patricio Guzman orain dela urte gutxi izan zen gure artean, Donostian, eta oso ondo gogoratzen ditut oraindik ere nolako azalpenak eman zituen Pinochetek erregimen militarrean egin zituen krimenen inguruan. Erregimen militarrak egindako krimenen aurrean gaur egungo Txileko gizarteak krimen horiei aurre egiteko duen ezintasuna, adibidez. Hemen, Txilen bezala, Euskal Herrian eta zentzu zabalean Espainiako estatuan, frankismoaren krimenak ahazteko batzuen nahia oso nabarmena da.

Egun hauetan memoria historikoa gaia dela eta, Donostiak izan dituen azkeneko lau alkateen arteko mahai-ingurura joan nintzen. Denboraren ikuspuntutik lehenengo bi alkateen azalpenak entzutean garai horietan ETA eta haren indarkeria zen hiri honetan izan genuen arazo bakarra. «ETAk hildako 100 pertsonen hiria da Donostia!», esan zuen alkate batek. Dirudienez, ez zekien (edo berdin zitzaion), hori baino gehiago, Donostia frankismoak hildako 400en hiria dela, Goikoa Jauregiaren aurrean dagoen monumentuak adierazten duen moduan, eta milaka erbesteratuena, eta kartzelatuena eta lan behartua egitera kondenatuak izan direnen hiria dela ere bai. Ez hori bakarrik, noski, Donostia da azken urteetan ehunka torturatuen hiria, Espainiako terrorismoak hildakoen hiria, errepideetan poliziaren kontroletan hildakoen hiria eta Espainiaren batasunaren izenean mota guztietako giza eskubideen bortxak sufritu zituztenen hiria. Baina hori horrela zela bakarrik hirugarren alkateak, Juan K. Izagirrek hitz egin zuenean jakin genuen.

Kontzesio handia omen zen, une batean bigarren alkateak esan zuenez, bere alderdiak sostengatutako gobernuak antolatutako eta finantzatutako estatu terrorismoak eraildako pertsonei erreferentzia egitea. Alkate horrek, bere aginte garaian bizitako anekdotak kontatzean, ETAren indarkeriaren aurrean bere iritziz izandako ahultasun batzuk azaldu zituen. Ahultasun horien artean ez zegoen, ez, estatu terrorismoan bere alderdiak izaniko parte hartze zuzena ikusirik zergatik ez zuen erabaki alderdi hori uztea. Dirudienez, bere desadostasuna adierazteko kritika batzuekin nahikoa zen, eta goi mailako ethical standards-en eskakizuna kasu hauetan badakigu, besteentzat.

Frankismoaren indarkeriaren aurrean batzuen aldetik dauden jarrerak berriro ikusteko, orain dela gutxi Donostiako San Telmo plazan frankismoaren biktimen inguruko ekitaldian ikusi nuen gertakaria adierazgarria da. Espazio horretara joan ziren politikarien artean —EAJkoak gehienak— une batean PPko politikari ezagun bat agertu zen, eta nire mahaian zegoen pertsona bat azkar zutitu zen eta politikari horren bila joan zen bere alderdiaren ideologia eta jatorri frankista kontuan izanik frankismoak eragindako masakreak eta oinazea leporatzeko asmoarekin. Baina ez zuen aukera izan: oso erne zeuden bake eta bizikidetza alorreko Eusko Jaurlaritzako goi kargudunek bidea moztu zioten, eta berriro gure mahaira ekarri zuten.

«Biktimen eta borreroen» artean gaur egunean maiz izaten diren topaketetan ETAren biktimak eta horiek hil zituzten komandoetako kideak elkartzea oso komenigarria da. Oso komenigarria da, halaber, Eusko Jaurlaritzatik eta EAJ, PSOE eta PP alderdietatik, egun batean bai eta bestean ere bai ezker abertzaleari eskakizun etikoekin betetako zerrenda bat aurpegiratzea, baina ez da komenigarria iragan frankistarekin leporaino dagoen alderdiko kide bati eta herri honek ezagutu dituen krimen masiboen erantzulea den —krimen horiek denak zigorgabeak, gainera—, inoiz barkamena eskatu ez duen alderdi baten kideari zerbait aurpegiratzea. Bakegintzak eskatzen du portaera hori, batzuek esaten dutenez. Eta Realpolitik-ak, zinismoak eta benetako bakegintzarekin konpromisoa ez duen jarrera batek, gehitzen dut nik.

Patricio Guzmanek bere azken filmean militarrek eraildako eta Txileko itsasoan agertu zirenpertsonen gorpuen kasuak azaltzen ditu. Haien desagerpena definitiboa egiteko, zaku batean, altzairuzko profil batekin, kasu batzuetan oraindik bizirik eta drogatuak, helikopteroetatik itsasoetara bota zituzten. Baina kasu batzuetan sistemak huts egin zuen eta itsasoak gorpuak lurrera itzuli zituen, eta horietako profil batean itsatsita zetorren nakardun botoi bat agertu zen. El botón de nácar filmean agertzen den poeta txiletar batek frankismoak egindako krimenetarako guztiz aplikagarriak diren bi esaldi ematen ditu: gorpuak desagerraraztea goi mailako errukirik gabeko jokaera bat da eta inpunitatea, zigorgabetasuna, bi aldiz erailtzea da. Txilera egin nuen bidaia horretan, Santiagon dagoen Villa Grimaldi izena duen eta Pinocheten erregimenaren izuen museoa den etxaldea bisitatu nuen. Hor ikusi nuena nekez ahaztuko dut nire bizitzan: arrosen lorategia edo altzairuzko profilak gordetzen diren museoa, adibidez, itsasora gorpuak botatzen zituzten helikopteroak Villa Grimalditik irteten baitziren.

Etxalde hura ikusi nuenean, eta orain ere bai, noiz Espainiak, noiz Espainiaren batasunaren izenean frankismo garaitik gaur arte «por Dios y por España»-ren izenean hil zutenek,ETAk baino mila aldiz gehiago hil zutenek, bere jarduera kriminal guztia inpunea, zigorgabe mantendu dutenek, beraien mugarik gabeko krimenengatik inoiz barkamenik eskatu ez dutenek, besteei dena leporatzeko lehenengo lerroan daudenek baino beraien ekintza kriminalenen gainean ahanzturaren oihal komenigarri bat bota dutenek, horiek bere Villa Grimaldi-a noiz egingo duten galdetu nion eta galdetzen diot oraindik neure buruari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.