Ekainaren 9an, Espainiako selekzioak Eurokopan parte hartu zuen bezperan, estatuko bankuak erreskatatzeko, milaka milioi euro bideratuko direla jakin genuen. Espainiako estatuak iruzur fiskalean lehenengo postua duen artean, abiadura handiko trenerako eta autobideetako kilometro gehien duena ere bada, langabezia tasarik handiena duena eta hazkunde ekonomiko txikiena aurreikusten zaiona. Urte askotan, zenbait enpresa, politikari eta eraikitzaileren interesei men egiten dien politika xahutzaile eta espekulatiboak direla medio, gure poltsikotik datorren diruaz aberastu da jende asko. Gogoratu ditzagun Urralburu, Otano eta bestelako lagunak, beste askok gero jarraitu duten ibilbideari ekin ziotenak. Zenbat udaletako kutxa dago hutsik alkateek eraman duten ezin txarragoa den kudeaketagatik? Zenbat diru xahutu da existitzen ez diren buruzagitzatan, CANeko organo paraleloetan, komisioetan, dietetan, soldatetan, oparietan eta bestelako ordainetan?
Harriduraz ikusten dugu orain egun kudeatzen duten botere ekonomiko eta politikoek utzi diguten ondarea, zorrak eta hipotekak oraingo eta hurrengo belaunaldientzat. Halaber, bagaude batzuetan bestetan baino oihartzun handiagorekin behin baino gehiagotan gauzak gaizki egiten edo beste era baten egin daitezkela esaten genuenok. Urte askotan, gizarteko hainbat erakunde, kolektibo eta taldek, sindikatuk, ekologistek edo auzokidek, zenbait aditu eta akademikoren babesarekin, salatu dugu gure agintariek zalantzazko errentagarritasun soziala duten azpiegitura publikoetan egin xahuketa. Besteak beste, Itoizko urtegia, Nafarroako Kanala, AHTren proiektua, Urantziako zirkuitua, Noaingo aireportuaren handitzea… Nafarroan. Bere garaian ere, Expoaren xahuketa ere salatu genuen, komunitate bakoitzean abiadura handiko geltoki bat eta aireportu bat izateko obsesioa, edo urte osoan gehienetan hutsik dirauten eraikin monumentalak eraikitzeko grina… Porlanaren eta hormigoiaren aldeko gutxi batzuen politikak gizartearen gehiengoari aberastasunik ez dio ekarri; hemerotekak horren adibideekin gainezka daude. Agian, ekarriko zion norbaiti, betikoak ote diren susmoa dugu… Interes orokorraren aitzakiaz, batzuek negozioa egin eta, are okerrago dena, bide beretik jarraitzeko asmoa ageri dute.
Nola liteke 3.270 milioi kostatu eta gutxi batzuendako diseinatu trenarekin jarraitu nahi izatea? Nola liteke AHTren proiektuari lehentasuna ematea Nafarroako Gobernuak hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak eta halako eskubideak murrizten dituen artean? Zergatik ez digute egia esaten? Nola liteke Sustapen Ministerioak 40.000 milioi euroko zuloa izatea? Nola liteke Espainiako estatua iruzur fiskalaren lehenengo lekuan egotea? Zergatik dira ohikoak ustelkeria, sudurkeria eta kutunkeria Administrazioan? Zergatik barkatzen zaie Bankiako bankariei, Botin, Correa, Camps, Urdangarin edo antzekoei? Zergatik onartzen da iruzurgile handiei amnistia fiskala ematea? Zergatik onartzen da multinazionalek eta enpresa taldeek zerga gutxiago ordaintzea? Zergatik esaten da beti gerrikoa estutu behar dela, langileek, erdiko klaseek eta behartsuenek bakarrik estutzen dutenean?
Benetako politika demokratikoa egiten ez den artean, gehien dutenek besteak baino gehiago ordainduz; nekazaritza, abeltzaintza, herri, eskualde eta landa eremuetako tokiko ekonomia sustatzen ez den heinean; lurrean bizitza mantentzen duen ingurumen sistema suntsitzen segitzen den bitartean; milaka etxebizitza hutsik daudelarik berriak eraikitzen badituzte eta gehiago dutenak saritzen jarraitzen baditugu, desberdintasunek aurreraka egingo dute. Aberatsak aberatsago, eta pobreak pobreago.
Horregatik deitzen dugu eskubide sozialak defenditzera, publikoa den guztia deuseztatu eta gure arbasoek lortutako guztia porlan eta hormigoiaz lurperatzen dabiltzalako. Horregatik deitzen dugu Nafarroako Gobernuaren murrizketen aurka Herri Ekimenak iragarritako manifestazioan parte hartzera. Heldu den ekainaren 23an Antoniutti parketik 17:30ean aterako da.
Testu hau honako hauek sinatzen dute: Ester Montero González eta Txemi Perez de Eulate Bermejo (Ekologistak Martxan), Juan Martín Rekalde Salinas (AHTaren aurkako Tafallako taldea), Javier Castejón Iriarte ( AHT Gelditu!), Juan del Barrio (Lurra), Martin Zelaia Garcia (Sustrai Erakuntza), Pablo Lorente Zapatería (Erriberako plataforma).
Gure lurrak eta behartsuenak ere erreskatea merezi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu