Gure herriko lehengaien alde

2017ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Eguberria dator, janari gozoz betetako mahai baten bueltan gertukoekin biltzeko garaia. Senideekin solastatzeko, abesteko, zirikatzeko edota oroitzapenak partekatzeko garaia. Geure herriak bizitasunez koloreztatzen zireneko haurtzaroko oroitzapenak, oso aspalditik garatutako nekazaritza kulturari lotutakoak. Mahaian gelditzen den oroitzapen zaharrena baino zaharragoa. Etxean, zein mendi edo zelaietan, egindako lan astun eta luzeen inguruko pasadizoak, bizilagunen arteko elkartasuna edota bizipoza islatzen duten beste batzuekin gurutzatzen dira. Ez da sekretua garai hartako nekazaritza errealitate dinamiko hori ez dela egun Nafarroako gure herrietan duguna. Azkenengo hamarkadetan sistema globalaren bortxaz, administrazio desberdinen laguntzaz eta baita, zenbait nekazari eta abeltzainen borondateaz ere, landa inguruneetako kultura hori ia errotik desagertu da. Nekazarion produktuak merkatu global espekulatzaileen menpe jarriz, ekoizpen eta transformazio prozesuak indibidualizatuz, nekazari eta abeltzain desberdinak norgehiagokan jarriz, ekoizpen baliabideak pribatizatuz eta kontzentratuz etab.

Baina kontua ez da iragana idealizatu eta oraina mespretxatzea ere, gure aitona-amonek gustura erabiliko baitzituzten gaur ditugun zenbait aurrerapen teknologiko. Edota lurraren aniztasuna, bere dinamismo naturala eta gizakiok harekin dugun erantzukizunaerakusten digun sarearen (Internet) ekarpenak ezin ditugu arbuiatu ere. Gainera, bizi dugun honetan, oraindik belaunaldiz belaunaldi jasotako irakaspenak mantentzen ditugun ehunka nekazari eta abeltzain bagara Nafarroan. Gure produktuak kontsumitzaileari zuzenean saltzen dizkiegunak, lurraren eta kontsumitzaileen osasuna errespetatzen dugunak, mendia eta erribera zaintzen ditugunak, gure herriei bizitza, kultura eta izana eskaintzen diegunak.

Baina merkatu bihozgabe honetan lehiatzea dagokigula esaten digute esparru askotatik. Nahiz eta guk ez ditugun enpresa handiek dituzten mekanismoak, iragarki zein lobby-ekin «merkatu librearen» arauak baldintzatzeko. Horregatik, elkarlanaren bidez sortu ditugu, adibidez, jatorria eta kalitatea ziurtatzen dituzten zigiluak. Eta EHNE-Nafarroako nekazari eta abeltzainok ere Bizilur sortu genuen orain urte batzuk. 30 bat nekazari eta abeltzain biltzen dituen ekimena, bertako guztiok salmenta zuzenaren bidez saltzen ditugu gure produktuak, familiarteko tamainako enpresak ditugu, gure herrietako kulturatik jaso dugu gure lan egiteko grina eta guk ekoizten ditugun lehengaiak geuk transformatzen ditugu. Gainera, plazara ateratzeko irrikan ere bagaude, gure produktuak zuei erakusteko eta eskaintzeko. Eta horrela egingo dugu datorren abenduaren 23an ere, Iruñean, 10:00etatik 14:00etara, Karlos III.a eta Orrega kaleen arteko bidegurutzean egongo gara, entzierroaren estatuaren ondoan, pastak, ogia, eztia, gazta, jogurta, esnea, ardoa, haragia eta barazkiak eskaintzen.

Honengatik guztiagatik, EHNEk eta Bizilurrek gizartea gonbidatu nahi dute Eguberri hauetan ere etxeko produktuen alde egin dezan. Lurraldearekin, kontsumitzailearekin eta ekoizlearekin justua den produktuaren alde, hain zuzen. Herriak egunero pasadizoz eta bizitasunez betetzen dituen produktu hauen alde egitera deitzen dugu.

Bildu gaitezen berriro eta trukatu ditzagun oroitzapen eder horiek, eta, aldi berean, bete ditzagun mahaiak gure produktuekin. Nafar nekazariak eta abeltzainak bizipen eder horiek sortzen jarrai dezaten, etorkizuneko mahaietan lurrari lotutako pasadizo berriak kontatzen jarrai dezagun. Horregatik, 23an plazara gure erosketekin gure herriak eta lurra babestera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.