Benjamin Netanyahuk, eskuin muturreko gobernu berri baten buruan, iragarri zuen uztailaren 1etik aurrera Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean dauden lurralde palestinarren % 30 «legez» anexionatzeko asmoa zuela. Netanyahuk eta bere aliatuek nazioarteko zuzenbideari egindako eraso berri honek ondorio oso kaltegarriak izan ditzake palestinarrentzat, garbiketa etnikoaren prozesu berri bat baita. Baina garrantzitsua da ulertzea iragarritako anexioa aldaketa taktiko bat besterik ez dela: 1967ko gerraz geroztik Israelgo Gobernuak egiten ari den hedapen eta anexio prozesu etengabea areagotzea, alegia.
Nola egin dute? Inbasioen, harresien eta hesien bitartez, misilen bidezko erasoak eginez, zibilen hilketak eginez, epaiketarik eta torturarik gabeko espetxeratzeak erabiliz, ura eta lurrak lapurtuz, etxeak eta zerbitzuak suntsituz eta milioika pertsona itolarri ekonomikoan sartuz. Jokabide hori gaitzetsi eta zigortu beharrean, Mendebaldeak hainbat hamarkadatan ahalbidetu du Israelek horretan guztian oinarritutako negozio bat egitea. Munduko merkatu askotan teknologia saltzeak eta biztanleria zibila okupatzeko eta kontrolatzeko jardunbideek (armamentu, bideo eta ziber-zaintza, detektagailuak, entrenamendu militar eta poliziala, eta abar) onura handiak dakarzkiote Israelgo ekonomiari.
Israelek Mendebaldeko polizia indarrei esportatzen dien homeland security eredua agerian geratu da azken asteotan AEBetako kaleetan. George Floyd hil zuen chokehold izeneko teknika eta populazio zibilaren aurkako material militarraren erabilera Palestinako lurralde okupatuetan garatzen diren praktika ugarietako batzuk dira, ondoren atzerriko bezeroei entrenamendu ikastaroetan saltzen zaizkienak. AEBek eta Europak ez dute Israelen okupazioa errazten sionisten armak eta errepresio teknikak erosiz bakarrik. Izan ere, Mendebaldeko zenbait enpresak, Caterpillar, JCB edo G4S kasurako, urte asko daramatzate etekinak ateratzen okupazioaren eta anexioaren negozioan zuzenean parte hartuz.
Gremio horretan etikarik gabe sartu den azken enpresa CAF da, trenbideen euskal fabrikatzailea. Iaz, CAFek 1,8 mila milioi euroko balioa zuen kontratu bat irabazi zuen Jerusalem mendebaldea okupatutako lurraldean legez kanpoko kokaguneekin lotzen duen tranbia sare bat (JLR) hedatzeko eta martxan jartzeko: Israelen anexio-estrategiaren elementu integrala, hain zuzen. JLR delakoa hain da legez kanpokoa, ezen Alstom, Siemens, Systra, Bombardier eta Macquarie bezalako multinazionalak, hasiera batean proiektuaren lizitazio prozesuan parte hartu zutenak, erretiratu egin ziren, eta bi partzuergok bakarrik eutsi zieten beren eskaintzei. Gainera, Shapir, CAFeko bazkide israeldarra, kokaguneen legez kanpoko negozioan laguntzen duten enpresen datu-basean dago.
Milaka lagunek «apartheid israeldarraren trenetik jaisteko» deia egin diote CAFi azken asteetan. LAB, ELA eta ESK sindikatuek, Podemos eta EH Bildu alderdi politikoek eta Amnesty International erakundeak bat egin dute protestekin. Erresuma Batuan, giza eskubideen defendatzaileak gobernuari presio egiten ari zaizkio CAF Britainia Handiko abiadura handiko tren linea bat eraikitzeko kontratutik kanpo utz dezan, enpresa horrek Israelgo kokaguneen negozioari eman dion babesagatik.
Azken asteetan gaitzespen hitzak entzun ditugu anexio-planaren aurka Europako hainbat gobernuren eta Europako Batasunaren aldetik. Baina hitz hutsek ez dute balio. Bada garaia gure gobernuek duten erantzukizuna beren gain hartzeko eta neurri zehatz eta sendoak hartzeko, nazioarteko legezkotasunaren eta palestinar herriaren eskubideen defentsan.
Euskal Autonomia Erkidegoko gobernua akzioduna da CAFen, eta eragin zuzena izan dezake enpresak lurralde okupatuen okupazioarekin eta anexioarekin konplize izateari utz diezaion. Halaber, Eusko Jaurlaritzak debekatu egin behar du Ertzaintzako langileak Israelera itzultzea entrenamendua jasotzeko.
Espainiako Gobernuak are gaitasun handiagoa du zerbait egiteko. Lehen urrats gisa, debekatu beharko luke segurtasun indarrek Israelen entrenatzea eta estatu sionistarekin armak salerostea. Eta Israelek bere anexio mehatxua uztailetik aurrera gauzatzen badu, harremanak eten beharko lituzke giza eskubideekiko eta nazioarteko arauekiko halako mespretxu maila erakusten duen herrialde batekin.
Gure gobernuen erantzukizuna palestinarren lurren legez kanpoko anexioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu