Zer da gizakia? Horixe zen Kantentzat galderarik garrantzizkoena. Oraindik ere galdera beraren inguruan bueltaka dabiltza filosofo eta zientzialariak.
Jakina, Kanten sasoian ia ezinezkoa zen galdera horri erantzutea, ezer gutxi ezagutzen baitzen giza natura. Ez zegoen nahiko informazio eta ezagupen gure naturaren gainean. Kontuan hartu behar da orain dela gutxira arte ia ezer ez genekiela ez burmuinaz, ez giza eboluzioaz, ez herentzia biologikoaz… Orain, argi dagoenean nola diharduen eboluzioak, galdera berri bat egin dezakegu: zerk egin gaitu gizakume?
Ezaugarri ezabaezina izenpean argitaratu berri duten liburu bikainean, giza espeziearen izaera zehatz-mehatz agertzen saiatu dira Juan Luis Arsuaga paleontologoa eta M. Martín-Loeches neurozientzialaria (El sello indeleble, Debate, 2013). Gezurra badirudi ere, gizakiaren definizio gogobetekorik ez dugu oraindik.
Gizakiaren iraganaz, orainaz eta geroaz mintzo dira egileak, giza portaeraz eta bere oinarri genetikoaz, adimenaz, hizkuntzaz, sexu harremanez… Gure nortasun ezaugarriak nabarmentzen dituzte, gainerako animaliengandik bereizten gaituena aipatuz. Duela sei edo zazpi milioi urte gure espeziea txinpantzeengandik banandu zenean, «animaliatasuna» eta «gizatasuna» bereizten hasi ginen.
Ikuspegia erabat aldatu da zientziari esker, eboluzioaren teoriaren eta genetikaren ekarpenei esker, bereziki. Darwinen aurkikuntzatik bi mende geroago, genomaren ezaguerak gure naturaren barne deskribapena eskaini digu. Burmuinaren ezagupen handiagoari esker, askoz gehiago dakigu giza naturari buruz.
Espezien jatorriak ibilbide historiko luzea izan du. Hautespen naturalak espezien batzuen biziraupena eta beste askoren desagerpena ekarri du. Bizia ez da jainkozko sorkaria, prozesu luzeen emaria baizik. Hautespen naturalaren bidezko eboluzio luze baten ondorio gara. Gu gara animaliaren eta gizaki zinez humanoaren artean luzaro bilatutako kate maila galdua, dio Konrad Lorenzek. Ez gara zerutik eroritako aingeruak, ezta makina edo konputagailuak ere. Zein dira, hortaz, bestelako animaliengandik bereizten gaituzten ezaugarriak?
Gizakia, lehenik, animalia berezia da. Orain dela bi milioi urte animalia estrainio bat agertu zen Lurraren gainean. Hitz egiten, lanabesak fabrikatzen, arte lanak produzitzen, hildakoak lurperatzen eta jainkoak asmatzen hasi zen. Jokaera berri horiei buruzko ikerketa gehienek gizakiaren «berezitasuna» nabarmendu dute.Gaur egun (ia) inork ez du zalantzan jartzen gizon-emakumeen abere oinarria. Gure aberetasuna konplexurik gabe geure gain hartzea da gure gizatasuna ulertzeko lehen pausoa.
Jakina, Homo Sapiens delakoak leku berezia du bizidunen artean, baina lotura estuak ditu gainerako animaliekin. Gizakiak, ahalmen eta bertute bikainak dituen arren,«bere behe mailako jatorriaren ezaugarri ezabaezina darama oraindik bere gorputz egituran» (Darwin). Gure izaera markatua dago.
Gu, gizakiok, gauza asko gara: fisika, kimika, biologia, soziologia, historia, antropologia… Eboluzio luze baten ondorena gara. Eboluzio mineral eta kosmikoa lehenik, biologiko eta lurtarra gero. Bilakaera horrek —etapa bakoitzak, mugarri bakoitzak—, ezinbestean, arrasto sakona utzi du gure izaeran. Animalia eboluzionatuak gara eta gure herentziaren marka daramagu geure jokabidean. Giza naturaren oraingo egiturak gizadiaren historia filogenetikoa laburbiltzen du. Bestela esanda, izan ginena gara.
Darwinen eboluzioaren teoriaz gero, gizatasunaren eta aberetasunaren arteko haustura guztizkoa auzitan jarri da. Ez gara uste nahiko genukeen bezain apartekoak. Eboluzioaren teoriak senidetu egin gaitu guztiok, landareak, animaliak zein gizakiak. Gainerako animalia eta izaki bizidunekinparekatu gaitu. Eboluzioaren ikuspegitik, izaki bizidun guztiok gara antzekoak (gure eta txinpantzeen geneen 98% inguru komunak dira). Beste arlo batzuetan, ordea, sakonki bereizten gara.
Non dago, hortaz, gizakiaren berezitasuna? Hizkuntza ez da, beharbada, giza gogoa esplika dezakeen gauza bakarra, baina nabaria da honen garapenean izan duen zerikusi handia. Hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko harremanei dagokienez, erdibideko jarrera hartzen du Arsuagak: «badaiteke hizkuntza ez izatea nahitaezkoa pentsatzeko, baina hura gabe pentsamendua ez litzateke gauza bera izango. Haren jatorrizko baliagarritasuna ez da agian pentsatzearena izan, komunikatzearena baizik. Hala ere azken funtzio hau betetzean badirudi funtsezko eran hobetu dela lehenbizikoa».
Eta morala, bestetik. Gizakien eta animalien arteko alderik handiena sentimendu moralean dagoela uste zuen Darwinek. Moraltasunari dagokionez, gizakien eta gainerako animalien artean funtsezko aldea dagoela adierazi zuen.
Ezaugarri zerrenda horretan oso bitxiak dira beste batzuk: gu gara begiko zuria daukagun bakarrak, gorritu egiten gara, ez dugu letagin handirik… Baina giza berezitasunak ez dira soilik hautespen naturaletik datozenak. «Gizartearen etsai izaera» eta gizabanakoen arteko lehia ere eboluzioaren eragile garrantzitsuak dira. Gizakia berez da izaki gizartekoia: giza komunitaterik gabe ez gara ezer.
Zein izango da gizakiaren etorkizuna? Giza eboluzioa ez da eten. Bioteknologiak garapen itzela izan du azkenaldian.Gaur egun kontrolatu egin daiteke giza ugalketa. Gure genoma aldatuz, gizakiak a la carta diseina daitezke. Ingeniaritza genetikoa gaixotasunak sendatzeko erabil daiteke, baita seme-alabak genetikoki manipulatzeko ere. Baina etikoki zuzena al da? Zer erabakiko ote dute biharko gizon-emakumeek?
Gure ezaugarri ezabaezina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu