Iñaki Dorronsoro.

Gure etorkizunerako geroa

2014ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Zilegi denaren eta nahi denaren artean, nola begitantzen dugu gure etorkizuna? Zein dira euskaldunok ditugun erronka nagusiak belaunaldi batek betetzen duen denbora-tartean? Eta nola aurrera ditzakegu gizarte zibiletik erronka horietarako erantzun eraginkorrak? Galdera horien inguruan lan egin dute ehunka pertsonak azken asteetan Eusko Ikaskuntzaren koordinazioarekin. Haiek emandako erantzunetan, aldaketa sakonak ezaugarri dituen garai bateko parte den adimen kolektiboak dituen kezken argazki interesgarria osa daiteke; erantzun horietan gure arazoak aipatzen dira, baina baita gure indargune nagusienetako zenbait ere.

Lehenik eta behin, gogora dezagun gizarte dinamikoa eta demokratikoki indartsua herritar konprometituak baitaratzen dituena dela, kultura zientifiko eta kritiko handiko herritarrak dituena, interesgarri zaizkien esparru zabaletan gogoeta eta ekintza egiten dutenak bizitza kolektiboak aurrera egin dezan. Horrek guziorrek sozializazio, asoziazio eta iritzirako egiturak dakartza. Egitura horietatik abiatuz erantzun eta konpromiso oso baliagarriak sortzen dira, sarritan mundu ofizialean nagusitzen diren epe laburreko grina, protagonismo antzua eta taktikotasuna gainditzen dituztenak. Industrializazioaren osteko gizarteen eraikuntzan gero eta indar gehiago hartzen ari da herritarren partaidetza, eraldaketa saihetsezina gero eta indar intentsitate handiagoz sustatuko duten erakunde eta sareen bidez. Baskonia moderno eta aurreratu baterako, gogoeta kolektibo eta aktiborako joera ezinbestekoa da.

Hori esanda, Eusko Ikaskuntzak kokapen paregabea duela uste dugu. 1918an sortu zen, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Foru Aldundien ekimenez, Baskoniaren egituraketa kultural eta instituzionala gauzatzeko. Orokorrean egin dituen jarduerekin eta, partikularki, Eusko Ikaskuntzen Kongresuekin euskal gizartearen kezkak alderdi intelektualetik bideratu eta jorratu ditu ia mende oso batez, betiere helburu bikoitza aintzat hartuz, hots, gure izaera kulturala sendotzea eta ibilbide luzeagoa duten erronka ekonomiko, politiko eta sozialei heltzea.

Fundazio-espirituan sakonduz, Denok Gai izendatu dugun prozesuan lurralde, esparru, diziplina, ideologia, genero eta belaunaldi orotariko pertsonak elkartu dira hastapen-deialdietan. Horren ondorioz, eztabaidetan jasotako ekarpenak ugariak, askotarikoak eta aberatsak izan dira, konstante jakin batzuetan uztartzen direnak.

Asko laburbilduz lau esparru handi zedarri ditzakegu, euskal gizartearen etorkizunera so erabakigarriak. Kezka garrantzitsu bat, arras orokorra, gizarte-kohesioari buruzkoa da, Euskal Herriaren proiektuari buruzkoa, kapitalismo digital globalizatuaren lehen krisi handiaren ostean agertzen den eredu sozioekonomiko, politiko eta kultur askotarikoarekin aurrez aurre agertzen zaiguna. Testuinguru horretan, gure norabidea hartu beharko genuke, Herrialde modura birsortu beharko genuke bere izaera sendotzetik abiatuz. Horrekin partzialki lotuta, ezinbestekotzat jotzen da paradigma iraunkorra barneratzea, denboran iraungo duen aurrerapen egiazkoarekin batera.

Balioekin nahiz euskal kulturarekin lotutakoa da identifikatzen den beste gai bat: iraganean gizartea eraldatzeko prozesuak sortzeko baliagarriak izan ziren balio horiek eta, era berean, gaur egungo gizartea ulertzeko baliagarri izan beharko lukete, eta baita denboran eta espazioan gure proiekzioa abiarazteko ere.

Azkenik, gizartearen eremu guztietan euskararen etorkizuna bermatzeko kezka nahikoa orokorra dela dirudi, mundu globalizatu eta ireki batean, gizarte eleaniztun batean eta bizikidetza-esparru egoki batean.

Lau kezka orokor horietatik abiatuz, datozen hilabeteetan horien adar ugariak aztertuko ditugu eta dagozkien eremuetan dagoeneko jardunean diren entitateekin lankidetzan gure lan-programak zein esparrutara bideratuko diren zehaztuko dugu: horrela, azterketa, ikerketa edo gogoetari helduz, koordinazioa bultzatuz edo gaur egun sakabanaturik dauden indarrak batuz masa kritikoa prestatuko dugu. Baina, batez ere, gizarterako erabilgarria izango den ezagutza sortuz, Euskal Herriko txoko guztietara gogoeta eta proposamenak helarazi eta hedatuz. XXI. mendean bizirik dirauten misio horiek guztiek bat egiten dute Eusko Ikaskuntzaren izaerarekin eta ia ehun urteko historiarekin.

Funtsean, arrazoi asko direla medio erabakigarritzat jo dezakegun une batean, derrigorrezkoa zaigu Euskal Komunitate Orokorraren erronkei aurre egiteko, gizarte zibilaren pentsamendua eta ekintza artikulatzeko eta, ahal dugun heinean, aro berriaren aurrean Euskal Herria (Baskonia) kokapen egokian utziko duten birplanteamenduetan laguntzeko gure konpromisoa berritzea. Horrenbestez, gure instituzio beteranoko bazkide garenok norabide horretan lan egingo dugu, euskal gizarte zibilak ahalik eta protagonismo handiena izan dezan guztion etorkizuna baldintzatuko duten gaietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.