Gure esperantza, mobilizazioa

2013ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Gobernuak, patronala eta erakunde sasi-neutral batzuk (LHK...) lanean ari dira gizartean gatazkarik senti ez dadin, azken 40 urteotan langile-klaseari egindako erasorik gogorrenak egiten ari direnean. «Legeari» —bidegabea izanagatik ere— men egin behar omen diogu. Etengabe errepikatzen digute guk ere gure ekarpena egin behar dugula, «guztiok ontzi berean» goazela. Hots «arduraz jokatzeko» eta «bake soziala» sinatu behar dugula. Baina ELAk ez dio bide horri jarraituko.

Laster garrantzi handiko hiru gauza gerta litezke euskal esparru politiko, sozial eta sindikalean. Lehena, Aburto sailburuak iragarri duen Elkarrizketa Sozialeko Mahaia. Bigarrena, patronalarekin itxitako balizko Lanbidearteko Akordio bat. Eta hirugarrena, berriz, greba orokor bat.

Soziala den guztia txikitzeko operazio honi «elkarrizketa sozial» deitzea zentzugabekeria bat da. Zein izan dira Lopezekin, Barcinarekin eta Zapaterorekin lortu diren emaitzak? Langabezia, txirotasuna eta desberdintasuna areagotzea. Murrizketa sozialak, erreforma latza, zerga-politika injustua, egoera laboral gero eta okerragoa, arlo publikoko negoziazio kolektiboa bertan behera uztea... Zer geratzen da elkarrizketa sozialetik hori guztia kenduz gero? Ezer ez. Hortaz, zein da mahai horien inguruan esertzeko arrazoia? Partaideen finantzaketa. Gauza bat nabarmena da: kapitalak eta gobernuek langile klaseari axola zaion guztia mahai horietatik kanpo erabakitzen dute.

Gobernuek badakite hainbat erakunde sozial eta sindikatu batzuk aurrekontu publikoetatik bizi direla, eta ahulezia estruktural horretaz baliatzen dira haien babesa lortzeko. Aburtok esan du elkarrizketa sozialeko «mahaietara nahi duena joango» dela. Sailburuari zuzenketa bat egin behar zaio: ez da elkarrizketa sozialik izango, mahai horiek bildu aurretik dena erabakita baitago. Jaurlaritzak mahai horiekin aurrera egin nahiaren gakoa bere politikak ezartzeko babes sindikalaren beharra da, eta hau gutxiengo sindikalak ematen dio; baina gutxiengoa legitimatuz gobernuak joko-arau demokratikoak urratzen ditu.

Bigarrena, Lanbidearteko Akordioa (LA). 2012ko otsaileko saioak porrot egin zuen. Nonbait alde sindikalak ez zuen onartzen patronalak ezarri nahi zuen «derrigorrezko arbitrajea». Urtebete geroago, Rajoyk horixe eman dio patronalari. Azken erreforman «derrigorrezko arbitrajea» ez zen oso argi definitu: autonomia erkidegoei zegokien hitzarmen kolektiboak aplikatzen ez diren kasuak ebazteko batzordea eratzea. Orain, berriz, PPk Pentsioen Erreformarako Dekretuan agintzen du autonomia erkidegoek batzorde hori hiru hilabeteko epean arautu ezean Madrilek erabakiko duela hitzarmenen inaplikazioa. Confebask pozarren dago.

ELAk ez zuen LA haren negoziazioan parte hartu, eta azaldu zuen zergatik. Patronalari esan genion Rajoy prestatzen ari zen erreformak goitik behera aldatuko zuela ordu arte ezagututako negoziazio kolektiboa eta demagogia merkea zela ezer hitzartzea, gero erreformak hustu egingo baitzuen. Esan bezala gertatu zen; erreforma oso gogorra egin zuten. Arbitrajeari dagokionez, patronalak LA saio hartan sindikatuei irabazi ez ziena gobernutik jaso du orain.

Zer egingo du Eusko Jaurlaritzak PPren aldaketa honen ostean? Nahiago ote du arbitrajeak Madrilek erabakitzea, Nafarroan gertatzen den moduan? Oztoporik jarriko al du euskal hitzarmenak desagertzea galarazteko? Hitzarmenen inaplikazioei buruzko «euskal» batzorde bat eratzeak, Madrilgo ereduari jarraitzekotan, ez dauka zerikusirik Lan Harremanetako eta Babes Sozialeko Euskal Esparruarekin. Aburtok derrigorrezko arbitrajeari benetako oztopoak jarriz gero, ordea, ELAk aintzat hartuko du.

Orain, erreformaren ostean, esatea LA batek hitzarmen sektoriala «blinda» dezakeela ez da egia. Egia ez den bezala sektoreko hitzarmenak enpresetan aplikatzeko derrigorrezko minimoa izango direla. ELAri aurpegiratzea «langile asko hitzarmenik gabe» uzten dituela tentelkeria da. 2012ko martxoko greba orokorra ez al genuen, bada, erreforma laboralaren aurka egin, bere xedea jende asko hitzarmenen babesik gabe uztea zelako?

Beraz, erreformak enplegua erraz eta merke suntsitzeko egin dira, soldatak jaitsarazteko eta gure defentsa kolektiboa ahultzeko. Gainera, CEOE beste erreforma baten eskean dabil, azkenekoa «eskas geratu» zelako. Eta Bruselako ultrek erreformak beste koska bat estutzea nahi dute. Kontuz, gero. Grezian negoziazio kolektiboko eskubidea bera deuseztatu dute. Zer dio ELAk? Negoziazio kolektiboa indar-erlazioaren arabera bilakatuko dela, lantoki bakoitzean iristen den sindikalizazio mailaren arabera, alegia. Beste herrialdeetako erreformak ikusirik, ELAk ondorio bat atera du: gure klasearentzat baliagarri izan nahi badugu, lehentasun bat daukagu: antolakuntza. Langileak lantoki eta enpresa bakoitzean antolatzea ezinbesteko oinarria da ekintza sindikalerako. Ezin da jokatu azken erreformak egin ez balituzte bezala.

Hirugarrena, maiatzaren 30eko greba orokorra. Gure esperantza gizartearen mobilizazioan dago jarrita. Mobilizaziorik gabe ez dugu ezer lortzen. Izatekotan, politika horrela etorriko da bere onera. Inposizioei etsipenez eta jarrera akritikoaz amore emanez gero, ondorio bakarra totalitarismoa izan liteke. Mobilizazioa eta antolakuntza uztartu behar dira gure botere-egiturak sendotzeko. Sindikatua kontrabotere tresna gisa indartu beharra dago. Gero eta hedatuago dagoen prekarietatearen eta pobreziaren interesak gureganatu eta defenditu behar ditugu. Greba orokorra baliagarria da, oso baliagarria. Klase-borroka da, izan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.