Gure esku dago?

2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Nahi duzu Katalunia errepublika erako estatu independentea izatea?» galderari erantzuteko, duela astebete Kataluniaren independentziaren inguruko erreferenduma ospatu zen. Debekua eta mehatxuak gaindituz, adibidez, hauteskunde mahaiko kideei 40.000 eta 300.000 euro arteko isunak jaso ahal zituztela ohartarazi zieten, Estatu espainolak ilegaltzat jotako kontsultan populazioaren %42k parte hartu zuen, baietzak %90 lortu zuelarik. Datu esanguratsua da; kontuan edukitzen badugu Kataluniako autonomia Estatutua onartu zenean, 2006an, parte hartzea 7 puntu gehiagokoa izan zela soilik. Hautesle erroldaren %49,4k parte hartu zuen eta boto-emaile katalanen % 73,9k Estatutu berria babestu zuen.

Nahiz eta partaidetzak % 50a ez gainditu, momentu horretan Generalitateko presidentea zen Maragallen arabera, «erabateko eta apelaezina» izan zen baiezkoaren garaipena. Baina PPk Espainiako Konstituzio Auzitegian salatua zuen adostutako agiria, eta epaileek baliogabe jo zituzten Estatutuaren hamalau artikulu. Kataluniako gizarteak ez zuen begi onez hartu bozkatutako erabakia ezerrespetatzea, eta horrela, Estatu espainolari bizkarra emanez, erabakitzeko eskubidearen aldeko bere bide propioa eraikitzen hasi zen. Horren adibide, estatus politikoari buruzko herri galdeketak aipa ditzakegu: orotara 500 baino gehiago egin dituzte, gaur eguneko egoerara heltzeko bideari hasiera emanez.

Eta zein da gaur eguneko Kataluniaren egoera? Urriaren 1eko kontsulta ospatzen egon ginen euskaldunen artean —iturri batzuen arabera 20.000 euskaldun egon omen ginen begirale, brigadista edo lagun legez herrien arteko elkartasunaren adierazle izaten— argazki fijo baten irudikapena errepikatu da: herri oso bat erresistentzian. Hasteko, adin desberdinetako jendea. Belaunaldi arteko jende multzoa, familia osoak, seme-alabak, guraso eta aitite-amamak asteburu osoa eskolak okupatzen ikusi genituen. Mobilizazioak oso familia girokoak izan dira. Gainera, kalitate zein kantitate aldetik, oso aberatsa den giza kapitalaz osatutako mugimenduarekin topatu ginen, era askotako jendea, ideologikoki eskuinetik ezkerrera kokatzen diren pertsonak, familia ideologiko desberdinak, gaztelaniadunak, katalanadunak... transbertsala guztiz, hots, bide demokratiko eta baketsuak erabiliz erabakitzeko eskubidearen alde dagoen orori irekia dagoen mugimendua.

Gurean bada posible halakorik suertatzea? Albiste ekonomiko eta finantzarioetan espezializatuta dagoen informazio orokorreko Espainiako egunkari digital baten arabera, «El otro 1 de octubre vasco» (beste urriaren 1 euskalduna) azaroaren 5ean ospatuko dugu Euskal Herrian. Posizio liberaletan kokatzen den hedabide honentzat —erabiltzen duen «eragin handiko irakurleen kazeta» eslogana hedabidearen izaeraren adierazlea litzateke, enpresa eta banku zuzendariei zuzendutako egunkaria, alegia— euskal independentistek erreferenduma gauzatuko dute datorren hilabetean. Halako egunkari bateko agenda mediatikoan Gure Esku Dago-k egingo dituen galdeketak agertzea adierazgarria iruditu zaigu, batez ere, kontuan edukita orain arte Euskal Herrian gauzatutako galdeketek oso espazio mediatiko txikia eduki dutela, orokorrean, Espainiako hedabideetan.

Badirudi Gure Esku-ko Prest dokumentuan adierazten duten helburuarekin zerikusia eduki dezakeela. Agiri horretan azaltzen den legez, beraien «helburua ez baita Euskal Herriko herri guztietan galdeketak egitea, baizik eta erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida, pedagogia eta egikaritzea euskal herritarren gehiengoa bizi den guneetara hedatzea». Eta hemen egon daiteke gakoa, azaroan Getxo, Berango, Leioa, Erandio, Mundaka, Galdakao, Areatza, Atxondo, Ibarrangelu eta Elantxobe, Bizkaian eta Andoain eta Beizama, Gipuzkoan egingo baitira galdeketak. Kontuan eduki behar dugu 80.000 biztanle dituen Getxoko udalerria Euskal Herriko seigarren herri populatuena dela, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako hiriburuen eta Barakaldoren ondoren kokatuta. Hortaz, Gure Esku Dago-ko herri galdeketak martxan jarri zirenetik parte hartzen duen biztanle kopuru handiena duen herria litzateke.

Gainera, besteak beste, Getxoko galdeketaren alderdi tekniko eta funtzionalak koordinatuko dituen batzordean Laura Mintegi eta Iñaki Zarraoa daude. Lehenengoa EH Bildu koalizioko lehendakarigaia izan zen 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Bigarrena 1991-1999 bitartean EITBko zuzendaria izan zen, eta ondoren, 1999- 2007 bitartean Getxoko alkatea EAJordezkatuz. Gure Esku Dago-ko idazkaritzan dagoen EAJko kargurik altuena da eta buru-belarri dabil galdeketen aldeko dinamiketan. Honek eragin dezake Getxon parte hartzea handiagotzea, kontuan edukita EAJk Getxon gobernatzen duela? Bestelako herrietan gertatu dena aintzat hartuta, ez dirudi eragin handia eduki dezakeenik. Teorian, EH Bildu, EAJ eta Podemos herri kontsulten alde agertu dira eta orain arte egindako galdeketetan bere boto-emaile gutxi mobilizatu direla esan dezakegu; adibidez, Arrasateko galdeketan %25eko partaidetza izan zen.

Dena den, Gure Esku Dago-ko helburuaren ardatz bat emaitza kualitatiboa kuantitaboaren gainetik lehenestea da. Eta hautaketa hau ez da zorizkoa. Herrialde Katalanetan helburu berberak egungo egoerara eraman ditu. Batez beste, bertan egindako estatus politikoari buruzko herri galdeketen olatuen ehunekoa orain arte Euskal Herrian egon den partaidetzaren antzekoa izan zen. Beraz, badirudi halako eszenatoki batera heltzeko bidea irekita egon daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.