Europar Batasuneko edozein herrialdetako hezkuntza sistema eratzea zaila bada, hainbat eragileren menpe baitago eredu horren eraikuntza, are zailago izango dugu estaturik gabeko nazioetan. Duela gutxi ikusi genuen nola Katalunian murgiltze eredua Espainiako Auzitegi Gorenak baldintzatzen duela, ordezko arrotza inposatuz, Kataluniako instituzioen, familien eta irakasleen nahien gainetik. Hau horrela izanik, oraindik zailagoa egingo da nazio eredu komuna egitea, estatu eta administrazio autonomiko desberdinetan banatuta badago. Horrek etorkizuneko proposamenak eta estrategiak eskatuko ditu, baina, era berean, egungo errealitateari egokitutako proposamenak ere bai. Derrigortuta dugun banaketa administratibo-politikoak horretara behartzen gaitu, baina, betiere, estrategia komun baten eta Euskal Herrirako hezkuntza eredu baten ikuspegitik.
Horrez gain, hezkuntza eredua baldintzatuta egongo da instituzio publikoen politiken norabideekin eta jendartearen garaian garaiko egoera soziopolitikoekin. Hego Euskal Herrian ederki dakigu zer den eredu nacional-católico baten menpeko hezkuntza sisteman bizitzea, non sistema horrek berak diktaduraren ereduari jarraitzen zion. Zorionez, beste arlotan bezala, diktaduraren kontrako mugimenduak eta borrokak hezkuntzan ere izan ziren. Euskaraz ikasteko eskubidearen ukazioari aurre egin zion ikastolen mugimendu herritarra eratu zen; askotan erdi klandestinitatean arituz eta euskaraz ikasteko ahaleginak praktikan jarriz. Bestalde, eskola publiko berri baten aldeko mugimendua gero eta indar handiagoa hartzen hasi zen, eskola publikoa, kalitatezkoa, laikoa eta euskalduna aldarrikatuz. Trantsizioa deitu zitzaion garaian, irakasleak, guraso elkarteak, auzo elkarteak... hezkuntzaz harago zihoan mugimendua eratu zen, hezkuntzarekin batera bestelako jendartea aldarrikatuz; biek elkarri eragiten baitiote.
Jendarte baten eraikuntzan eta bilakaeran, gertakari historikoek, eta horien kudeaketak, garrantzi nabarmena dute beti hezkuntza sisteman. Euskal esaerak dioen moduan, aurreak erakusten du atzea nola dantzatu. Hezkuntzaren auzian ez dira falta izan gorabeherak, desadostasunak, istiluak eta eredu desberdinen arteko tirabirak. EAEn, 1993ko legeak ekarri zuen, beste gai desberdinen artean, ikastolei publifikatzeko aukera ematea, aldarrikapen historikoa bestalde. Ordutik hona, urte eta aldaketa ugari pasa dira, bai hezkuntzan bai euskal jendartean, eta badirudi lege berrirako bidean jarri dela Eusko Jaurlaritza. Horrek, jakina, eskatzen du orain martxan dagoen legearen balioaz gogoeta egitea, eta etorkizunari begira ze hezkuntza eredu nahi dugun, horren gaineko proposamenak aztertzea.
Hasteko, planteatzen den edozein hezkuntza ereduk sistema publikoa izan behar du ardatz. Azkenaldian, eztabaida piztu da sistema edo eskola publikoaren gaineko definizioaz. Guk argi dugu, eskola publikoa da administrazio publikoaren kudeaketa, ardura eta titulartasuna duena. Zerbitzu publikoaren eta eredu publikoaren arteko definizio eztabaidak, edo hezkuntzan publiko/pribatuaren arteko bereizketa zaharkitua dagoela esateak, eskola pribatu/itunduen estrategien interesei baino ez dio erantzuten. Administrazio publikoak bere titulartasunaren peko ikastetxeen bitartez eskaintzen duen hezkuntza ereduak sistemaren oinarri behar du izan; izan ere, administrazio publikoari dagokio, hezkuntza komunitatearekin batera, eredu berritua, hobetua eta kalitatezkoa garatzea, horretarako bere sarean beharrezko baliabide ekonomiko eta bestelakoak jarriz.
Kalitatezko eskola publikoa, behetik gora eraikia, herritarren artean bereizketarik egiten ez duena, ez arrazoi ekonomiko, jatorrizko edo bestelakoagatik; Euskal Herritik mundura zabaltzen dena; euskara ardatz izanik, eleaniztuna. Laikoa, feminista eta doakoa. Ez dira aldarrikapen berriak, aitzitik, herri mugimenduek aspalditik helburu izan dituzte. Alternatiban ere gure egiten dugu Euskal Eskola publikoaren aldeko aldarrikapena eta, EH Bildun garatzen ari den eztabaidan, beste militante askorekin batera, hori defendatzen ari gara. Konbentzituak gaude EH Bildu ezinbesteko aldaketa-tresna politiko eta soziala dela, eta espero dugu egingo duen ekarpenak planteamendu hauek jasoko dituela. Guztion eskola, inor bazterrean utziko ez duena. Eskola publikoa. Gure eskola.
Gure eskola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu