Gure duintasunaren deia: independentzia

2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Gure ukaturiko eta ahuldutako Aberriak jokoan du bere etorkizuna hurrengo urteetan. Jokaleku berriaren aurrean —ETAren jarduera amaituta— independentziarako bidean estrategia berri bat jorratu behar da. Premiazko gaia da, Euskal Herria nazio gisa larrialdi egoera batean baitago: aurrera egin ezean, atzera goaz, moteltasunak Herri bezala desagertzera garamatza, gure nortasun nazionala diluituz frantses zein espainol itsaso handietan. Mehatxua benetakoa da, ez da abertzale ero baten irudimena soilik: egun, dudarik gabe, ez gara duela 150 urte bezain euskaldunak, askoz espainol edo frantsesagoak baizik. Horrela jarraituz gero, Euskal Herririk egongo al da 200 urteren buruan?

Politikakeriak baztertu behar dira, Politikari —letra larriz— ekiteko; “mitxelinak— zokoratu behar dira, benetako abertzaleei lekua egiteko; norberaren interesak alboratu behar dira, Herriarenak eta Aberriarenak lehenesteko.

Gure duintasun nazionalaren berreskurapena

Independentziarako bidea ez da laburra eta erosoa izango; zenbat eta lehenago abiatu, beraz, hobe. Estrategia argiak eta zehatzak izan beharko du gure iparrorratza.

Izen hori merezi duen edozein abertzalek ezin du beste alde batera begiratu gure duintasun nazionalak jasaten dituen etengabeko bidegabekerien aurrean: alde batetik, frantses jakobinismoaren aldetik, “liberté, egalité et fraternité— lemapean gure Herriko iparraldean euskal nortasunaren aztarnak deuseztatu nahi dituena. Galiar txobinistek azken 200 urteetan oso ongi planifikatu duten hizkuntz-genozidioari gutxi falta zaio bere lana borobiltzeko: gauzak aldatu ezean, bi belaunalditan —askoz jota— euskalduntasunaren azken arrastoak oroitzapen urrunak besterik ez dira izanen Bidasoako iparraldean.

Hegoaldeko euskaldunok, aldiz, ez dugu inongo etorkizunik Espainiako monarkia bananero honetan, asimilazioa eta deseuskaldunizazioa izan ezik.Sendo eta harro dagoen espainiar nazionalismoaren aurrean, gainera, euskaldunok beti gutxiengo bat izango gara. Hori dela eta, haien Parlamentuan gure erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea, edota haien Konstituzioak gure autodeterminazio-eskubidea jaso nahi izatea alfer-alferreko lana da. Herri gisa dugun duintasuna eta autoestimua ez da bat etortzen Madrili ogi papurrak eskatzearekin. Soilik Euskal Gobernu adoretsu eta ausartak, zeharo abertzale eta subiranistak, konplexurik gabekoak eta duintasun nazionalaren jabeak agonia-egoera tamalgarri honi irtenbidea eman diezaioke, askatasun esparru berri bat irekiz gure Herriarentzat.

Fronte abertzale baten osaketa

Urte luzeetan borroka armatuak indarra eta hauspoa eman dio unionismoari, eta abertzale subiranisten arteko batasuna oztopatu egin du. Behin gaindituta, ez dago aitzakiarik indar subiranisten pilaketa ez gauzatzeko. Batasun hori independentziarako bidearen abiapuntua da, eta Gobernu subiranista baten eraketa helburutzat hartu behar du. Gobernu hori lortzeko, hauteskundeetan irabazi eta Legebiltzarra diputatu independentisten gehiengo batez bete behar da.

Independentiston indar-pilaketak hautestontzietan irabaziko balu, Gobernu subiranista osatuko litzateke. Gobernu horren zeregin nagusiak, edozein gauzaren gainetik, gure Nazioaren independentzia lehenbailehen lortzea izan beharko luke.

Egin beharreko urratsak

Argi edukiz gobernu espainol batek sekula ez duela konstituzio-baimenik emango, eta independentziarako bidea ez dela eroso eta samurra izango, Gobernu subiranista ausart batek, independentzia aldarrikatu aurretik, autodeterminazio erreferendum baten burutzapena bultzatu beharko luke, iritzi publiko eta nazioarteko komunitatearen aurrean Euskal Estatu baten eraketa legezkotzat jotzeko. Izan ere, gaur egun independentziaren aldebakarreko aldarrikapenak, bulego edo balkoi batetik eginak, ez du nazioarteko onespena lortzen erreferenduma izan ezean. Espainiako unionistek ere, erreferendum garbi baten emaitzaren aurrean, demokrazia ala indarraren artean erabaki beharko lukete: armada eta tankeen aldeko aukera eginez gero, nekez lortuko lukete nazioarteko oniritzia, beraiek hainbeste urtean errepikatutako leloa—hots, gaurko Europan ez dagoela tokirik indarkeriarako— haien aurka itzuliko baitzen.

Erreferenduma iragarri eta burutu izateak garaipentzat jo liteke ia, baita galduko balitz ere. Garaipena posiblea da, baina lanari ekin behar zaio. Gakoa zalantzak dituzten gizabanakoen multzo handia gureganatzean dago, multzo horrek —balizko independentistena— hautesle-erroldaren herena baino gehiago osatzen baitu.

Erreferendumairabaziko genuke?

Inkestek diotenez independentziaren aurkakoen multzoa gutxiengoa da gure Herrian. Independentista garbien eta zalantzan daudenen batuketak hautesle-erroldaren bi herenak osatzen du. Erreferenduma irabazteko independentziaren aldeko argudioak era garbian azaldu behar dira, ez soilik ikuspuntu abertzale batetik, bizi-mailari lotutako onurak ere azpimarratuz. Horren haritik, deuseztatu egin behar da unionistek hedatu duten argudio ekonomikoa, Euskal Herri independentea ekonomikoki ez zela bideragarria izango aipatzen duena. Gu baino askoz txiroagoa den Espainia bideragarria bada, nola arraio ez gara gu bideragarriak izango Europan? Espainiarik gabe askoz hobeto biziko ginateke, baita arlo ekonomikoan ere.

Hipotesi txarrenak ere, subiraniston porrotarenak, ez du gure etorkizuna hipotekatu behar. Aurrekaria jarrita, Quebec-en antzera, erreferenduma egin liteke berriz egoera aldekoa denean. Luzea izan arren, bideak saria ekarriko du azkenean. Euskal Herriak beste argi bat piztuko baitu nazio askeen ortzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.