Esan dezadan hasieratik jopuntuan ez ditudala doktore guztiak jartzen. Baina bada bereziki doktore sorta bat, gehienak bertako unibertsitateetan irakasle, egunero ekarpenak egiten dituena Euskal Herrian eraginik handiena duen egunkarian. Ez da alperrik interes finantzario eta politiko indartsuenen propietate.
Azkenaldian ozen esan dute —agian ikastetxeetan haurren matrikulak egiteko garaia delako— gaztelerazko irakaskuntza bakarrik dela ikasketa on bat bermatzen duena, gehienen ama hizkuntza delako eta gizartean pisu handiena duena delako. Beraz, ama hizkuntzak izan behar du ikas prozesuko oinarria EAEn, hala egiten ez bada ere. Hortik gure eskola porrota.
Egunkari horretan Hezkuntzaz arduratzen denak honela zioen berriki: «Lehen Hezkuntzako Matematiketan emaitzarik onenak ama hizkuntzan ikasten dutenak ateratzen dituzte». Zertan oinarritzen da horren esaldi borobila? Beti izaten da eskura informeren bat. Berak erabili duenak hau dio: A/B ereduko ikasleek Matematiketan 251 puntu ateratzen dituzte Lehen Hezkuntzaren amaiera, D eredukoek baino lau puntu gehiago.
Datu hori aintzat hartuta ere, hona galdera: kopuru hori gogoan hartuta lau punturen aldea aski da egiten duzun baieztapena egiteko? Aldea ez al da hutsaren parekoa? Baina irakurleen buruan mezu txar bat eragin dute. Eta handiagoa balitz ere, seguru zaude ama hizkuntzaren eraginez dela. A/B eredua gehienbat itunpeko ikastetxeetan ematen da, hau da, gizartean ekonomiaz eta baliabidez maila bat edo gehiago goragoko familietako haurrak dituztenetan. Aldiz, D ereduak familia apalagoetan jaiotako haurrentzat ere ateak zabalik dauzka. Gure doktoreak ez dira ohartu datu horretaz ala gorde egin dute hala komeni zaielako? Izan ere, gaur egun gure Hezkuntza sistemako profesionalen artean dagoen kexarik handiena horixe da: itunpeko ikastetxeetan ateak ixten zaizkiela haur zaurgarriei. Eta nora joango dira?
Baina ez da hori, ez da A/B edo D ereduaren kontua bakarrik. 500 urte pasa daramatzagu gure hizkeragatik erasoak jasaten: lehenbizi, debekua eta zigor bortitza izan zen. Gero haurren eskolak hedatzen hasi zirenean gaztelerazko eskola eta erdal irakasleen inposaketa gehitu zitzaion aurrekoari; frankismoak aurreko guztiarekin aski ez eta mespretxu soziala eta espainiar pentsaera ezarri zitzaigun modurik basatienean, eta orain, XXI. mendean sartuta, gure doktoreen txanda etorri da: gurasoen sentsibilitateaz baliatzen dira gaztelerazkoa ez den ikaskuntzak ondorio txarrak dituela predikatzeko.
Azkeneko 60 urteotan herri honetan inork espero ez zuen aldaketa eman da, eta batzuek ahaztu nahi badute ere, aldaketa hori batez ere herritar xumeen lanaren emaitza izan da, ezina ekinez egina gauzatu dutenak, ez erakundeena, baliabideak poliki-poliki gehitzen joan badira ere. Joan Mari Torrealdaik esango lukeen bezala, euskal hezkuntzaren sendotzea «gizarte zibilaren arrakasta» izan zen.
Horrek asaldatu ditu bazterrak, eta eraso bortitza jarri dute abian, tarteka epaileek jotzen dituzten kolpeak baino larriagoa. Izen handiko filosofo bat hasi zen: «Nik ez dut euskara ikasiko inposatu egiten zaidan bitartean». Hari inork ez dio sekula inposatu euskara, gezur hutsa dio. Eta badaki gezurra diola. Baina zoritxarrez, eskura dauzkan bitartekoez baliatuz salaketa hori olioa bezala hedatzen joan da eta orain hitzetik hortzera darabilte. Dagoeneko filosofoa ez den horrek oso ongi daki 500 urteotan zeinek inposatu dion zeini bere hizkuntza. Oso ongi daki euskaldunok onartu ez genuen Konstituzioak gaztelera bakarrik inposatzen digula.
Eta are maltzurragoa beste doktore baten erasoa: «Euskarak arazo larriak sortzen dizkie ikasleei beren ikasketetan; batez ere Lehen Hezkuntzan ama hizkuntzan ikasi behar lukete». Bai, ama hizkuntzan ikastea zorte handitzat daukat. Baina gure artean gutxiengoa da lehen hitz goxoak euskaraz entzun dituena. Orain ama hizkuntza goresten dutenek, mundu zabalean ehunka milioi gizon-emakumeri, neurririk gabeko bortizkeria bitarteko, kendu egin zizkieten ama hizkuntza, kultura, ohiturak eta lurrak. Eta haien enborrekoak orain Euskal Herrian ama hizkuntza aipatzen dutenean gaztelera esan nahi dute. Laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik gaur arte, eztabaidatu ezin den errealitate bat dago: umeei, dena denagatik, hizkuntza bezala euskara eman ez badie ere, gure artean gehiengo handia da haientzat euskara nahi dutenak ikaskuntzarako.
Eta gure doktoreen artean, batzuk behintzat ergelkeria hutsean erori dira. Irri egin nahi digute: «Euskara gure altxorra da, euskara gure ondarea da, euskara gure aberastasun preziatuena da, euskara nazioaren arima da. Horrelako gauzekin aspertzen gaituzte. Ez dakite metafora hutsak direla eta diotena gezur hutsa dela». Berak erabilitako hitzez baliatuz, «afirma algo que literalmente es falso de toda falsedad. Todo eso no existe. Son puras construcciones verbales. Son tontadas de toda tonteria».
Gisa horretan idatzi du aipatu egunkarian doktore horietako batek. Ez da ohartu euskaldunok gauza horiek kopiatu egin ditugula. Gaztelerari buruz mila bider entzun ditugu gauza berak.
Honela bukatzen du gure doktoreak: «Se mueren las personas, se mueren los hablantes, las lenguas no fallecen ni sufren. Simplemente evolucionan».