Guk ere 'etxeu nahi!'

Jokin Revilla Gonzalez eta Itziar Fernandez Mendizabal
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Joan zen asteburuan jende-olde baten bisitaldia izan zuen Getariak (Gipuzkoakoak). Horietako askok belaontzi ikusgarriari ikustaldia egin nahi zioten, Juan Sebastian Elkano militarren eskola-ontziari, espainiarren armada zenik ohartu gabe seguruenik, ondoren hurbil zegoen UPVEHUko El saltillo belaontzia ikusten jarraitzen zuten, euskal diru publikoaz finantzatutakoa, baita beste hainbat luxuzko belaontzi ere. Aldi berean, ehunka getariarrek, Ongi Etorri Errefuxiatukoekin batera (OEE), gerrak eta armagintza salatzen genituen. Argi eta ozen esan genien: Etxeu nahi!

Nola isildu itsaso eta lurreko mugak itxi egiten zaizkiela, milaka pertsona itotzen utziz. Jende horrek askatasunez zirkulatzeko eskubidea urratzen du, besterik gabe, Europar Batasunak, Giza Eskubideen Kartak eta Itsas Salbamenduari buruzko nazioarteko lege eta itun guztiak urratuz. Arrazoi desberdinengatik Europara etorri nahi dutenen kontrako genozidioa onartzen eta baimentzen dute.

Kriminalizatu egiten dituzte, gainera, bizitza horiek salbatzera joaten diren pertsonak. Adibide ugari ditugu. Besteak beste, Carola Rackete, Sea Watch3-ko kapitainak Mediterraneoan itotzetik erreskatatu zituen pertsonak lurreratu zituen, Salvini eta lagunen aginduei uko eginaz. Inputatu egin dute, hala ere. Europar Batasuneko estatu bat bera ere ez da altxatu Racketen inputazio horren aurka. Baina nola egingo dute aurka migrazio eta babes gaietan eskuin muturrak ezarritako bidea jarraitzen badute? See Watch3-ren bidea jarraitzeagatik, Open Arms-i mehatxua eta debekua besterik ez diote ipini Sanchezek eta haren gobernuak. Aita Mari, aldiz, geldiarazi egin dute, itsasoratzea debekatuz. Horregatik guztiagatik bat egin dugu SEEBRÜKCK erakundeak Alemaniatik bultzatu dituen salaketekin eta ekintzekin. Egun hauetan ehun ekintza baino gehiago egin dira Europako herri eta hiri askotan. Muga itxien politika horiek salatzen ditugu. Europa, Espainia baita Euskal Herriko boteredun erakundeei egungo genozidioari erantzun bat emateko eskatzen diegu. Pertsona horien bizitzak salbatzeko baliabideak ipini ditzaten edo, gutxienez, herritarrek bere sumindura solidarioaren bidez egin nahi dutena eragotzi ez dezaten eskatzen dugu.

Eta Getarian egin genuen, hain zuzen, gerran eta armagintzan diharduten erakundeak goresten ari direlako, gutxi batzuen onurarako eta gehiengoaren sufrimendurako. EAE da Espainiako Estatuko arma ekoizlerik handiena. Arma horiek zuzenean doaz Yemengo, Sudango edo Afrikako beste herrialde askotara, baina migratzaile eta errefuxiatuei mugak ixten dizkiete. Transnazionalak haien baliabideak ustiatzen dihardugu, ondoren gure armekin hiltzen ditugu, han eta hemen gerrak sortuz. Zirkulazio askea eta migrazioa giza eskubideak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.