Zenbat zarauztarrek dakite gaur Aberri Eguna dela? Zenbat zarauztarrek dakite Aberri Eguna zer den eta noiz ospatzen den? Zenbat zarauztarrek dakite Aberri Eguna noiztik eta zergatik ospatzen den? Erantzuna jakiteaz, beldur gara...
Urte asko igaro dira lehen Aberri Eguna ospatu zenetik, 1932. urtetik, aurreneko Euskal Aberriaren ospakizun nazionaletik; baina orduantxe bezala, egun bestelako erronka eta oztopoen aurrean egonda ere, lanean tinko diraugu herri honen askatasun nazionalerako bidean.
Gertaera ugari bizi izan ditugu ordutik: Lizarrako Estatutua, Guda Zibila, Francoren diktadura, Agirre lehendakariaren heriotza, ETAren sorrera, espainiarrek trantsiziotzat duten monarkiarako jauzia Hegoaldean, sasi-demokrazia, Gernikako Estatutua, industriaren birmoldaketa, Francisco Javier Lopez Alvarez espainiarraren inposizioa, ETA talde terroristaren derrota, Iparraldeko Elkargoaren sorrera, 4.0 industria... eta, azkena, 2020. urteko munduko pandemia.
Une latzak igarotzen ari gara, bai herri bezala, bai herritar bezala. Maite duguna zaintzeko, maite dugunez urruntzea eskatu zaigu; eta egin dugu. Baina ez da erraza, eta euzkotar asko laguntza beharrean aurkitzen direla jakitun gara. Erakundeetatik horretarako neurri eta laguntza egokiak eskaintzen eta ematen ari diren arren, elkar lagundu behar dugu; guztiok egin behar dugu arraun norabide berean. Eta gaurkoan hori ere aldarrikatzea beharrezkotzat ikusten dugu, nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza txanpon bereko bi aldeak baitira.
Aurrekoarekin nahikoa ez bagenu, krisi ekonomiko honetan, zenbait alderdi politikok gure erakundeenganako sinesgarritasuna galduarazi nahian diharduten honetan, egungo euskal osasun, hezkuntza eta industria sistemek argi erakutsi dute herri hau eraikitzen orain arte bakarrik aritu garenon ibilbidea egokia izan dela.
Euskal Nazioaren eraikuntzaren alde egin behar dugu lan, orain, inoiz baino gehiago. Pandemiak erakutsi digu Euzkadi aske batean biziko bagina gauzak oso bestelakoak izango liratekeela, neurri guztiak hemen bertatik hartuko genituzkeelako, eta ez ginelako inoren menpeko izango. Aukera bakarra, independentzia da; eta ozen aldarrikatzen dugu.
Horregatik guztiagatik, balioetan sendoa den Euzkadi aske bat nahi dugu, munduari eta globalizazioari irekia, errealitate plural bat integratzeko gai dena. Aldi berean, gure sustraiak eta kultura propioa sendotu behar ditugu, bereziki euskara, euskal herri gisa existitzeko dugun eskubidea erabiliz.
Guk, 40 urte hauetan erakutsi dugun bezala, ekintza eta proiektuak garatuko dituen gobernu on eta egonkorraren aldeko apustua egiten dugu; gardentasunaren eta eraginkortasunaren alde egiten dugu; kultura politiko berri baten alde egiten dugu, non lankidetza nagusituko den zatiketaren gainetik; eta, batez ere, politika herritarrengandik, gu guztiongandik, hurbilago egon dadin lan egingo dugu.
Horrela, bada, pandemia egoeran bizitzea egokitzen zaigun bigarren Aberri Egunean, nola egin abertzaletasun indar batuketa hori gauzatu eta plazara ateratzeko? Irudi bateratu baten beharra nahitaezkoa da; eta balkoietako ikurrinak horren erakusgarri dira. Baina, ez ote gaitu atzoko ditxosozko futbol txapelketako finalak elkar gehiago bereizi? Batzen gaituenari tinko eutsi behar diogu; eta, beharbada elkar nahastu ez arren, bizikidetza eta askatasunaren alde elkarrekin egin behar dugu lan.
Aurten ere, zarauztar asko jabetuko dira Garagardo Azoka ezin izan dela ospatu; eta, zarauztar horiek, Aberri Eguna ospatzeaz gogoratuko al dira? Datorren urtean, Zarautzen, Aberri Egun bateratua ospatzeko gai izango ote gara?
«Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko» dio kantuak. Sinesten dugulako, herri honek behar duelako, guk abesten jarraituko dugu: «Gora, gora, gora Sabino Arana. Gora, gora Euzkadi askatuta!».