Guggenheim Urdaibai proiektua: kostaldean atzapar pelagikorik ez

Amaia Astobiza Uriarte
2023ko urriaren 25a
14:07
Entzun

2023-2027ko Agintaldi Plana izeneko dokumentuan, Bizkaiko Foru Aldundiak epe horretarako ezarritako lehentasunezko jarduerak jasotzen dira. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak sarreran dioenez, «[Jarduketa] Horien bidez Bizkaiko herritarrekin dugun konpromisoari erantzuna eman nahi diegu, lan egin nahi dugu pertsona guztiok senti dezagun lurralde hau leku ona dela bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko».

Egitasmo horretan 120 jarduera jasotzen dira, sei ardatzetan banatuta. Laugarren ardatzak Berezko nortasuna duen Bizkaia izena du, eta balio hauekin lotu dute: 1.- Bizkaia gure kulturarekin; 2.-Bizkaia euskalduna; 3.- Balio solido propioak dituen Bizkaia.

Ardatz horretako 15. jarduerak honela dio: «Guggenheim Urdaibai proiektua garatzea, beste erakunde batzuekin lankidetzan». Eta jarduera hori honela dago deskribatuta: «Beste erakunde batzuekin batera, Guggenheim Urdaibai Museoa bultzatzea, Guggenheim Bilbao Museoaren egungo erakusketa-, kultura- eta hezkuntza-funtzionamendua hedatzeko, integrazio-eredu berritzaile baten bidez, ekoizpen artistikoa, ekologia, teknologia, konektibitate soziala eta ikerketa uztartuz. Hori guztia Biosfera Erreserbaren kontserbazio-printzipioa eta museo berriaren inguruko ingurumen-babesa errespetatuz. Museoak bereziki lagunduko die sortzaile gazteei [sic], eta Bizkaia munduko abangoardia kulturalean kokatu duen Guggenheim Bilbao marka indartzen lagunduko du. Lehenengo fasean, Museoa kokatuko den espazioei erabilera berriak emateko beharrezkoak diren hirigintza-izapideak egingo dira, ideien nazioarteko lehiaketa bat abiaraziko da eta lurzoruak deskontaminatuko dira».

Urdaibaiko Biosfera Erreserba Bizkaiko Busturialdean kokatuta dago, eta Guggenheim Urdaibai egitasmoa eskualdearen suspertze ekonomikorako ezinbestekotzat jo izan dute behin eta berriro EAJ alderdiko kideek, bai aurtengo bi hauteskunde-kanpainetan, bai gerora han eta hemen egin dituzten adierazpenetan. Gainera, ustez arrazoi horretan oinarrituta, egitasmoa «bai ala bai» gauzatuko dela esan dute, argi eta garbi esan ere. Alabaina, egitasmoaren deskribapenean ez da behin ere ageri eskualdearen egoera ekonomiko larriari buruzko aipamenik, eta ez da inon ere azaltzen nola lagundu ahal izango dion egitasmo horrek tokiko ekonomiari.

Une honetan, Guggenheim Fundazioak museoari eskainitako hiru eraikin ditu munduan: New Yorken, Venezian eta Bilbon. Gehiago ere izan ditu beste herrialde batzuetan, baina itxi egin dituzte, behar besteko etekin ekonomikorik ematen ez zutelako. Orain, biltegietan gordeta dituzten artelanei toki duin bat bilatzeko, beste bi egoitza eraiki nahi dituzte paraje ezin hobeagoan, hau da, Euskal Herriko bi biosfera-erreserbetako batean, EAEko bakarrean. Gainera, Guggenheim Fundazioaren behar hori bat dator Guggenheim Bilbao museoaren premiekin, zeren, hango zuzendari nagusi Bidartek esan bezala, «Urdaibaira zabaltzearena museoaren barne-beharrizan bat da, museoak etengabe egon behar baitu asmakizun-prozesuan, garrantzi internazionaleko kultura-erakunde bat izaten jarraitzeko».

Itzul gaitezen laugarren ardatzarekin lotu dituzten balioetara, eta ikus dezagun ea 15. jarduera honek haiekin zerikusirik duen. Lehenengo balioa «Bizkaia gure kulturarekin» izendatu dute, baina jada mende laurdeneko ibilbidea duen Bilboko museoak argi eta garbi erakutsi du ez duela Euskal Herriko kulturarekiko ezelango interesik. Bigarren balioa: «Bizkaia euskalduna»; bada, Busturialdean azken urteotan bultzatzen ari diren turismo-ereduak berarekin ekarri du bai seinaletikaren parte handi bat ingelesez jartzea, hizkuntza-paisaia erabat arroztuz, bai martxan jartzen duten proiektu oro ingelesez izendatzea, berez euskaldun guztiona den Basque izendapena Euskal Autonomia Erkidegoaren interes ekonomikoetarako lotsagabeki erabiliz. Hirugarren balioa: «Balio solido propioak dituen Bizkaia»; baina zer balio bultzatu edo sendotzea espero dute, kontuan hartuta egitasmoak aurrera egiteko ezinbestekoa dela kokalekuak berezkoa duen natura-balio aberatsetan aberatsena erabat eta betiko suntsitzea, hura babesten duten lege ugariak (EAEkoak, espainiar estatukoak, Europakoak eta mundu mailakoak) aldaraziz edo haien interpretazio erabat interesatua eginez?

Hori guztia nahikoa ez eta, egitasmoa Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agenda ebazpenean ezarritako bost Garapen Jasangarrirako Helbururekin lotu dute: 8.- Lan duina eta hazkunde ekonomikoa (lanpostu prekario eta neurri handiz feminizatuak urtean hiru hilabetez); 9.- Industria, berrikuntza eta azpiegitura (atzerrian diseinatuko diren azpiegitura zapaltzaileez gain, eskualdea 130 milioi —eta etorriko direnak— inbertitu aurretik zegoen bezala geratuko da... tira, okerrago); 11.- Hiri eta komunitate jasangarriak (ene badatxue, ea nork azaltzen dien Busturialdeko 45.000 biztanleei urtero hiru hilabetez 140.000 bisitarirentzat lekua egin beharko dutela haien ohiko atsedenlekuetan, errepide eta aparkalekuetan, ur-deposituetan...); 13.- Klimaren aldeko ekintza (ondo hasi gara, kostaldearen babesa 100 metrotik 20 metrora jaisteko eskaera eginda eta «sasiak garbitzeko lan administratiboa egiten», Bidartek esan bezala); eta 18.- Hizkuntza eta Kultura Aniztasuna (no comment).

Etxanobe andrea: egitasmo honek aurrera egiten badu, eskualdean eta inguruetan lan egin nahi dugun pertsonok ez dugu ezelan bere sentituko lurralde hau leku ona denik bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko, ze konturatu orduko etxebizitzarik gabe, lan duinerako itxaropenik gabe eta aisialdirako espaziorik gabe geratuko gara. Guggenheim Urdaibai Stop!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.