Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kidea

Guggenheim Urdaibai: hausnarketa gutxi, ekintza gehiegi

Eider Gotxi Aurtenetxea
2025eko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun

Urteurrenek garrantzi handia dute gure gizartean, bai memoria indibidualetan, baita kolektiboetan ere. Gaur dela urtebete, 2024ko urtarrilaren 22an, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazpen gogoangarriak egin zituzten Gasteizen: «Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bi urteko epea hartuko dute Guggenheim Urdaibai proiektuarekin aurrera egingo duten pentsatzeko». Kazetari batek egitasmoaren xehetasunen inguruan galdetu zion lehendakariari, eta haren erantzuna harrigarria bezain argigarria izan zen: «Proiektua eta kudeaketa ezagutu gabe, ez da erraza jarrera zehatz bat izatea».

Hiru hilabete aurretik, 2023ko urrian, proiektu hori egiteko ezinbestekoak diren bi urrats egin zituzten administrazioek: batetik, Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak onartu zuen Kosta Legearen babes-zortasuna 100 metrotik 20ra murriztea Muruetako Astilleroa dagoen lursailaren M-87 eta M-124 erpinen artean; bestetik, Muruetako Udalak HAPO berriaren aurrerapena aurkeztu zuen, non proposatzen baitzen lursail horren kalifikazioa industrialetik ekipamentalera aldatzea. Esan bezala, bi aldaketa horiek nahitaezkoak ziren museoa eremu horretan kokatzeko. Testuinguru horretan, gutxik espero zuten Urkullu lehendakariaren ahotik halakorik entzutea!

Hainbat hitzarmen jada sinatuta zeudela jakinda ere, berri ona zirudien Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan hausnartzeko bidea zabaltzeak. Benetako gogoeta batek proiektua bertan behera gelditzea ekarriko zuela uste genuen, eta uste dugu, oraindik.

Errealitatea bestelakoa da, ordea. Adierazpenok egin eta hurrengo urte osoan zehar noranzko bereko berba asko entzun ditugu, baina baita kontrako noranzkoko ekintza ugari ikusi ere:

• Martxoaren 19an, ontziolak okupatzen dituen lurrak erosteko negoziazioetan zebiltzala esan zigun Carlos Alzagak Batzar Nagusietan. Herritarron diruarekin, noski.

• Apirilaren 30ean, helegitea aurkeztu genion Kosta Legearen inguruan Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak hartutako erabakiari. Guk hori egin eta berehala, naturaren babesaren kontra doan ebazpenaren defentsan agertu ziren BFA, Muruetako Udala eta Astilleros de Murueta SA, eta, horretarako, guztion diruarekin ordaindutako abokatu saldo bat jarri zuten lanean bi administrazioek.

• Ekainaren 13an, Gernikako Dalia lantegi zaharra eraisteari ekin zioten, lurren eta akuiferoaren deskutsatzeak aitzakia moduan jarrita eta proiektu museistikoaren bi egoitzetako bat bertan kokatzeko helburu irmoarekin.

• Abuztuaren 8an, bi ebazpen garrantzitsu publikatu ziren Espainiako BOEn: museoaren bi egoitzak lotzeko ezinbestean atondu beharreko bide berdearen parte izango litzatekeen palafitoa eraikitzeko behar diren lurrak okupatzeko Espainako Gobernuari eskatutako emakidaren onarpena; bestetik, palafitoaren lizitazioa. Ganora gutxirekin eta presa handiarekin emandako urratsak biak, eta halakoetan ez da arraroa izaten estropezu egitea: irailean, bertan behera geratu ziren bi ebazpenok.

• Iraila eta urria bitartean, Etxanobe, Andueza eta Bengoetxearekin bildu ginen. Bilera antzuak guztiak, lasai-lasai esaten baitute ez dutela proiektua ezagutzen. Bistan denez, Bilboko Guggenheim Museoko patronatuaren esku utzi dute administrazioek Busturialdearen etorkizuna.

• Abenduaren 16an, litoralaren kudeaketa eta antolaketari dagokion konpetentziaren traspasoa ere etorri zen Madriletik Gasteizera. Hori ere presaz eta helburu konkretuarekin: Loiolako kuartelen lurrak eta GU proiektua injerentzia barik aurrera eramatea.

• Abenduaren 19an Urdaibaiko Patronatuak ere izan du berea; izan ere, Nikolas Garcia Borreguero zuzendaria Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioko zuzendari izendatu dute. Ezagutu nahi genituzke horren arrazoiak...

EAJ alderdiaren barnean egin diren mugimenduek ere ez diete jarraitu hausnarketaren bideari. Urkulluk beti erakutsi izan du zuhurtzia proiektu honen aurrean, eta asko zaindu du Eusko Jaurlaritzaren jarrera. Ez, ordea, Imanol Pradalesek. Hark argi erakutsi zuen aldundiko azpiegituren ardura postutik, proiektua bultzatzeko asmoa. Eta, hara! Urkullu historia da gaur, eta Pradales lehendakaria.

Komunikazio aldetik bai, aldaketa bat egon da. Baina zer helbururekin? Alde batera utzi dute lehenagoko inposizio tonua, Etxanoberen «bai edo bai» famatua, eta, horren ordez, gobernantza eredu demokratikoarekin bat datozen berbak erabiltzen hasi dira: «entzute aktiboa», «foro partizipatiboa», «herritarrekin batera marra gorriak ezartzea»... Egia esan, horixe izan da aldatu duten bakarra: komunikazioa. Baina berba hutsak baino ez dira izan, oraindik ez ditugu eta praktikan ezagutu.

Urte amaieran, foro ustez partizipatibo bat jarri zuten martxan eskualdearen plan estrategiko sozioekonomiko instituzionala egiteko, eta lau haizeetara eta harro zabaldu zuten ekimena. Baina izen ponpoxo horren atzean ideia zaparrada bat baino ez zen ezkutatzen, eta ondotxo dakigu hori, gure plataformak ere pantomima instituzional hartan parte hartu baitzuen, zerbait gehiago izango zen itxaropen ez oso betean. Eskualdea salbatuko zuen egitasmo estrategikotzat saldu ziguten Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan, ostera, ez da izan ez fororik ez entzute aktiborik.

Eta halaxe iritsi gara Etxanoberen eta Urkulluren adierazpen ezagun haien lehen urteurrenera, zalapartaka iragarritako hausnarketaren zain. Zer ekarriko digu bigarren urteak?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.