Guggenheim Museoa: merkea eta tentagarria da desberdintasuna

Ane Zelaia Arieta-Araunabeña
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Guggenheim Bilbao Museoko ELAko garbitzaileak greban daude ekainaren 8az geroztik. Bada, epe horretan, museoaren inguruko hainbat berri deigarri izan dira, Guggenheimen ahuleziak eta desberdinkeriak agerian utzi dituztenak.

Batetik, Unai Rementeria Bizkaiko Diputatu Nagusiak esan du Urdaibaien «bai edo bai» egingo dela Guggenheimenaren hedapena, eta, horretarako, Foru Aldundia prest dagoela beharrezko diru-kopurua jartzeko, Europako Funtsak iristen ez badira ere. Megalomaniak alde batera utzita, gogoratu behar zaio Rementeriari zergadunei dagokiela halako ekarpena egin ala ez erabakitzea, alegia, turismo-eredu prekarioa sustatzen den bitartean, Bizkaiko zein Euskal Herriko industria egitura eta politika nola ahultzen doan ikusten duen langile klaseak erabaki beharko luke.

Bestalde, museoko zuzendaritzak harrabots handiz abiarazi du Puppyren barne-egitura zaharberritzeko crowdfunding kanpaina. Ekimen maitagarri eta berritzaile gisa saldu nahi izan digute, baina geure buruari galdetu beharko genioke zein den sostengatzen ari garen museo eredua, zein baldintzatan, eta noren edo zeren lepotik.

Kontua da museo bat ez dela altzairu eta titaniozko egitura huts bat, proiektu megalomanoetan edota dohaintza kanpainetan oinarritzen dena. Museoa bizirik mantentzen dutenak langileak dira. Ordea, Bilboko Guggenheimeko zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak —horiek dira erakundearen patronatukideak, Lehendakaria patronatuaren buru dela etaDiputatu Nagusia exekutiboarena—urteak daramatzate langileei tratu eskasa ematen, batez ere azpikontratazioaren bidez. Eta, orain, jakina, Puppyren antzera, kolokan da oinarria.

Horren adibide dugu Guggenheimeko garbitzaileen egoera. Emakumeek osatutako kolektiboa da, batez ere, eta museoan 20 urte baino gehiago daramatzate lanean. Greba hasi zuten ekainean soldata eta lan baldintza duinen alde, eta soldata-arrakala eta prekaritatea gainditzeko. Izan ere, azpikontratazioak pobreziara daramatza, erabat zaharkituta geratu den lan hitzarmenarekin (bide batez, ez da azken urteetan gatazkara jo duten Guggenheimeko kolektibo bakarra).

Erakundeek, baita museoko patronatukideek ere, ozen aldarrikatzen dute berdintasuna martxoaren 8ro. Hitz eder horiek egunerokora ekarri behar direnean, alabaina, oztopoak besterik ez dute ipintzen, benetako berdintasunak inbertsio publikoa ere eskatzen baitu. Eta soldata arrakala egotea komeni zaie: oso merke ateratzen zaielako. Izan ere, sistemak behar ditu sektore feminizatuak, soldata negargarriak ordain daitezkeelako; emakumeek egindako lanek aitortza askoz kaskarragoa baitute. Eta, beraz, desberdintasuna oso merkea eta tentagarria da.

Datuek hori adierazten dute: garbitzaileen arteko bi azpisektore alderatuz gero, bata, gizonezko gehien biltzen dituen kale garbitzaileena, eta, bestea, erabat feminizatutako eraikinetako garbitzaileena, ikusikodugu urteko soldatan 8.000 bat euroko aldea dagoela -erreferentzia bakartzat hartuz gero oinarrizkosoldatak, hots, plusak alde batera utzita-. Eta kontuan izan behar da Bizkaian garbitzaile baten oinarrizko urteko soldata 16.000 bat eurokoa dela, lanaldi osoa izateko zortea badu. Hortaz, Bizkaiko garbitasunean arrakala %50ekoa da, gutxi gorabehera. Lotsagarria. Eta Guggenheimeko langileen egoera ez da askoz hobea: lanaldi erdiko kontratuak dituzte askok, hilean 900 euro ere jasotzeko nahiko lan, eta lan-karga jasanezinak.

Grebak aurrera jarraitu arren, museoko zuzendaritzak ez du irtenbiderik eskaintzen, eta soldata arrakala dagoela ere ukatzen du. Kontzienteki hartutako erabaki mingarria da, arrakala eta desberdintasunari eustea baita xedea. Ez dauka zerikusirik Rementeria Diputatu Nagusiak Urdaibaiko egoitza berria eraikitzeko erakutsi duen determinazioarekin. Ezta Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariaren jarrerarekin ere, «guztion artean» Jeff Koons eskultorearen Puppy zaharberritzeko gonbita egiten zuenean.

Benetan gizartearentzat premiazkoa da milioika euro Guggenheim Urdaibaira bideratzea, museoko garbitzaileak, ezin hilaren amaiera iritsi, greban daudenean? Inbertsio hori benetan da langile klasearen mesederako? Hobe lukete Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak lehenik konpontzea Guggenheimen barruan dagoen prekaritatea eta desberdinkeria, eta proiektu faraonikoetara bideratutako diruarekin langileak duinki ordaindu. Herri honen beharra ez da, inola ere, turismo eredu prekarioa sustatzea eta desberdinkeria areagotzea. Garbitzaileek aski garbi hori utzi dute agerian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.