Mendebaldeko Sahararen hegoaldeko krisiak, Guergueratekoak, NBEren eraginkortasun falta erakutsi du, eta agerian geratu da Minursoren behatzaile soila baino ez dela —Mendebaldeko Saharan erreferenduma egiteko NBEren programa da Minurso—.
2016ko abuztuaren 11n, harresitik kanpo Maroko errepide asfaltatua eraikitzen hasi zenean, bazekien 1991n Fronte Polisarioarekin izenpetutako su-eteneko akordioa urratzen ari zela. Akordio horrek behartzen zituen bi aldeak beren armadak gutxienez bost kilometroko distantziarekin aldenduta egotera. Fronte Polisarioak salatu zuen akordioaren urraketa NBEn, eta Minursok ez zuen geratu legez kanpoko errepidea egitea. Marokok bere kamioien irisgarritasuna erraztu nahi zuen errepide horrekin, Afrika mendebaldeko herrialdeetara fruta, berdura eta bestelako produktuak eramateko.
NBE ez zen gai izan 1991n adostutakoa Marokori betearazteko. Egoera ez zen aldatu, eta sahararrak behartutako ikusi zuten euren burua errepidea egitea geratzeko bere armada hara bidaltzera. Erantzun hori zilegi zela ulertu zen, NBEren bitartekaritzarekin 1991n adostutakoari begiratuz gero.
Marokok, orduan, Errege Jendarmeriaren unitateak igorri zituen, eta 120 metroko distantzian egon ziren bi aldeak. Egoera tenkatuegia zen, eta su-etena apurtzeko mehatxua zegoen. Gainera, errepide hartatik pasatzen ziren kamioizaleak legez kanpoko mapak ipintzen hasi ziren kamioietan, zeintzuetan Mendebaldeko Sahara Marokoko erreinuko parte gisa ageri baitzen. Sahararrak, tamainako probokazioaren aurrean haserre, oztopatu egin zuten legez kanpoko mapa eramaten zuten kamioiak pasatzea.
Egoera tenkatu joan zen. Iragan otsailaren 24an Marokoko errege Mohamed VI.ak NBEko idazkari nagusiari deitu zion, Antonio Guterresi, eta adierazi zion Mendebaldeko Saharatik aterako zirela bere militarrak. Erabaki hori txalotu zuten Frantziako eta Espainiako gobernuek.
NBEko idazkari nagusiak, Antonio Guterresek, Marokoren erabakia txalotu zuen, eta Fronte Polisarioak ere bere militarrak erretira zitzan dei egin zuen, eremu hartako tentsioa indargabetzeko.
Krisi honek erakusten duena da NBEk ez duela autoritaterik Mendebaldeko Sahararen eremu ez-autonomoan, gaur egun arte baimendu baitu giza eskubideak urratzea, baliabide naturalen ustiatzea eta erreferenduma ez egitea.
Non egon dira mugaldetik joateagatik Maroko zoriontzen duten gobernuak, Gdeim Izikeko kanpamentua erre izana erretzea salatzeko, eta, gainera, garai haietan Mexikoren eskutik aurkeztu zen salaketarako ebazpena blokeatu zuten nazioarteko organo gorenaren aurrean. NBEk indarkeria deitoratu zuen, baina inola ere ez protesta baketsu batean zibilen aurka izan zen erasoa.
Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusi ohiak Mendebaldeko Sahararen okupazioa aitortuz sahararren errefuxiatu kanpalekuetara egindako bisitak eragin zuen Marokok Minursoko zenbait kide kanporatzea, eta debekatu egin zion Christopher Ross ordezkari bereziari Mendebaldeko Saharan sartzea. NBEko kideen itzulera blokeatzea eta negoziazioak berriz hasteari uko egitea da, gaur egun, Marokoko diplomaziaren erantzuna.
Ez dute uzten giza eskubideen behatzaileak Mendebaldeko Saharan sar daitezen, eta herri sahararren autodeterminazio eskubidearen aldeko edozein manifestazio debekatua dago, nahiz eta NBEko Segurtasun Kontseiluak berak batzar orokorrean onartu zuen 1960an, 1514. ebazpenaren bitartez. Hori da NBEk konplitzeko daukan benetako auzia, eta sahararrekiko duten zor morala. Ulertu egin behar da Fronte Polisarioak zilegitasuna daukala Mauritaniako mugan kontrol postu bat jartzeko, eta NBEri dei egiteko lurralde guztiaren deskolonizaziorako. Are gehiago, Marokok bete ez dituenen zerrenda luzea aintzat hartuta, 1991ko plana eta geroko 2003ko Baker plana barne, biak aho batez onartuak Segurtasun Kontseiluan.
Fronte Polisarioa behartuta dago blokeatutako gatazka bati irtenbidea ematera. Marokok uko egiten dio irtenbide bat emateari, eta presio egiten dio Batasun Afrikanoari protagonismoa kentzeko auzi honetan, azken hori organizazio kontinentalera batu denean. Bestalde, Marokok Europari egiten dio mehatxu, tratatu komertzialak haustearekin, edo immigrazio eta segurtasun itunak apurtzearekin Mendebaldeko Sahara ez bada bere lurraldeko eremu gisa onartzen.
Une erabakigarria iritsi da NBEra. Seigarren kapituluaren esparruan egiten zen negoziazio estrategia amaituta dago. Idazkari nagusiaren ordezkari berezia zen Christopher Rossen dimisioa erronka handia da irtenbidea ezarri nahi duen NBErentzat, gatazka ainguratuta geratu baita Mendebaldeko Saharako hareetan. Egoera honek eragin dezakeen egonkortasun eta segurtasun falta mehatxu bat izan liteke Afrika Iparraldeko eskualde guztiarentzat eta Europa hegoaldearentzat. Gatazka Tindufen dauden milaka errefuxiatu sahararretara murriztea huts larri bat da, eta oso epe motzeko ikuspegikoa. Jokaleku ezezagun batera eramango gaitu horrek, eta dena erabakitzeko dago.
( Erredakzioan itzulia )
Guerguerateko krisia eta Sahararen etorkizuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu