Guatemala: militarrak eta transnazionalak

2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Totonicapan, Guatemala, 2012ko urriaren 4a. Armadak zortzi pertsona erail ditu, beste bat desagertu da, eta balaz eta arma zuriz 48 kantoietako hainbat emakume eta gizon zauritu ditu. Arrazoia: besteak beste, elektrizitatearen gehiegizko prezioak salatzeko eta kalitatezko hezkuntza publikoaren defentsan eginiko mobilizazio baketsuak.

2012ko maiatzak 1, Santa Cruz de Barillas, Guatemala. Pertsona bat hil eta matxinada eta terrorismoa leporatuta beste 10 lagunek espetxean diraute, 50 urteko zigorraldiei aurre eginda. Arrazoia: udalerriko komunitateen gehiengoaren jarrera zentral hidroelektriko bat eraikitzeko erabakiaren aurka, nazioarteko legeak urratzen dituena (OITren 169. hitzarmena), ez baitu herriak egindako kontsulta errespetatzen, gehiengoak proiektuaren kontra bozkatu baitzuen.

Guatemalako sektore herritarrek pairatzen dituzten eraso anitzen adibide bi baino ez dira. Zoritxarrez, zerrenda luzea da, eta erasoen aldizkotasuna, iraunkorra: Polochic, San Juan Sacatepecez, Uspantan eta abar kasu larrien adibideak baino ez dira. Horren aurrean, pentsa genezake gertaera isolatuak direla. Edo, agian, Guatemalako historiak iragan mendeko 60ko hamarkadatik hona bizi izan duen bortizkeriaren segida bailitzan ere har genezakeen.

Tamalez, ez dugu uste hala denik, kontrakoa baizik. Indarkeria politikoaren gorakada eredu sozial baztertzaile eta antidemokratiko baten entsegua dela uste dugu, non gobernu zibil-militar berriak ezartzeko aukerak egon daitezkeen. Hala, horiek izango lirateke zibilizazio krisi honetan proiektu neoliberala areagotzeko bide politiko bakarra. Zentzu horretan, gaur egungo gobernua, Perez Molinak zuzendutakoa (1960-1996 bitarteko gatazka armatuan gertatutako genozidioan parte hartu zuen militarra), militarismo neoliberalarentzako estrategian pauso bat gehiago litzateke.

Hona ailegatuta, garrantzitsua da azpimarratzea eredu berri hori ez dagokiola bakarrik Guatemalari, mundu osoan eragina baitu. Gauzak horrela, eta ez Guatemalan bakarrik, kapitalismoa eta demokrazia kontraesan sakonago batean ari dira murgiltzen, gaur egun intentsitate gutxiko demokrazia hegemonikoa dela dakigun arren. Bizi dugun krisialdiaren aurrean, eredu kapitalista irabaziak handitzeko edozer egiteko prest dago. Eta bere zilegitasun gabeziaren jakitun izan arren, sistema honen babesleek —enpresa transnazional eta bertako oligarkiak— progresiboki maskara demokratikoa kendu eta indarkeriara eta zapalkuntzara jotzen dute beren proiektu bidegabea garatzeko. Beti egin izan dute, hori jakin badakigu. Baina orain inoiz baino agerikoagoa da, eta ezkutatu gabe egiten dute gainera. Eta esperientzia frogagarriak behar dituzte horretarako: Guatemala horren adierazgarri da.

Hau litzateke, beraz, Guatemalan egiten den proposamen politikoa: enpresa transnazionalak; merkatu globalekin bat egin duten oligarkiak; polizia eta armada errepresio orokorrarentzako elementu bezala; helburu eta demokrazia gutxiko gobernuak, boterea bidegabeki dutenen beharren zerbitzura.

Hala, herriak pairatzen duen bortizkeria politikoa, proiektu militarista neoliberal hau martxan jartzearen helburu bezala uler dezakegu. Horrela, eta gizartearen erantzuna eten nahian, indarkeriaz jositako bide batetik joko duen gobernua eraikitzen ari dira. Aurretik aipatutako kasuetara bueltatuz, Perez Molina militarraren gobernuak eta Espainiako Enbaxadak Barillas-eko zentral hidroelektrikoaren eraikuntza modu agerian babesten dute. Ez da arraroa, beraz, eraikuntza enpresa Galiziako Hidralia Energia izatea, Bankiaren kredituen laguntza ere jaso duena. Antza, eta komunitateko iturrien arabera, ustezko hiltzailea enpresa horren filialaren parte da, Hidro Santa Cruz, hain zuzen.

Horrez gain, Totonicapaneko armadak 8 pertsona akabatzearen arrazoiak ere hobeto ulertzen ditugu orain: argi elektrikoaren igoera itzelak sektorearen pribatizazioan —Fenosaren eskuetatik enpresa kolonbiar batera pasa dena— du jatorria. Ez da harritzekoa, beraz, bi enpresek argiaren prezioa igo zutela asmatzea, baina betiere, komunitateekin negoziaziorik egin gabe.

Baina badago gehiago. Pobrezia gorrian bizi den herrialde honetan, eta hau guztia gertatzen zen bitartean, Guatemalako gobernuak radar bereziak dituzten sei hegazkin militar erosi ditu, antza, altxamenduak eragozteko asmoz. Erosketa horren ordainketa BrasilgoBNDES eta BBVAk eskainitako kreditu itzelekin egin da.

Hartara, alde batetik, Galiziako enpresak, espainiarrak, kolonbiarrak, armada, segurtasun pribatua, oligarkiak, Guatemalako gobernua eta enbaxadak ditugu. Bestetik, herritarrak eta gizarte sektoreak. Soka tenkatzen hasi da.

Hitz batez, asko dira Guatemalako egoeraren inguruan egin beharreko gogoetak: lehenik eta behin, kapitalismo basati hau geldiarazteko erantzun sozialak gogorra, sendoa eta erabatekoa izan behar duela. Guatemalako mugimendu sozialak eta komunitarioak horretan ari dira. Hemendik gure esker ona. Bigarrenik, momentu honetan elkartasun internazionalistak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, egoera salatzeaz aparte Guatemalako proiektu kapitalistetan sartuta daudenei aurre egitea erabaki duelako. Halere, ardura globala eta partekatua izan behar duela aditzera eman du. Hirugarrenik, beste herrialdeetara, Europa barne, zabaldu daitekeen joera bat dela gogoratu nahi dugu. Orain arte neurri estrukturalak herrialde pobreetara bakarrik mugatzen zirela uste izan dugu, baina hara non, orain gainean ditugun gu birrintzen.

Guatemala gure etorkizunaren isla izaterik nahi dugu? Geldiarazi dezagun orain, haiengatik, baina guregatik ere bai.

Ekin, salatu eta sor ditzagun aliantzak eta konfiantzak. Gure elkartasun osoa, beraz, Guatemalako herriarekin dago. Eta horregatik, gogor salatzen ditugu Europako enpresa transnazionalak. Guztion etorkizuna delako, guztion borroka delako.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.