Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Guardia Zibilaren aurkako erasoa Altsasun: terrorismoa?

2016ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Nafarroako Altsasu herriko Koxka tabernan zer gertatu zen 2016ko urriaren 15ean? Gertatutakoari buruzko bertsioak oso desberdinak dira. Batzuek baitiote 50 lagunek bi guardia zibil eta haien bikoteen aurka egindako alde bakarreko eraso bortitz bat izan zela; eta beste batzuek diote aldez aurretiko liskarra sortu zela goizeko 05:00etan, eta handik borroka batera iragan zela. Egitateak argi ez direnean, ez da posible azterketa juridiko zehatzik. Baina hasiera batetik argi omen zegoen, erasoa ezin zela terrorismo delitutzat jo, berehala Espainiako Barne Ministroak berak azpimarratu zuen bezala; horren ordez, gorroto-delituaren hipotesia plazaratu zuen.

Esandakoa gorabehera, urriaren 25eko auto baten bitartez, alegia egitateak gertatu eta hamar egunen buruan, Auzitegi Nazionaleko 3. Instrukzio Epaitegi Zentralak, askoren harridurarako, terrorismo delitua izan zitekeelakoan kasuaren konpetentzia bere gain hartzeko eskatu du. Horren argudio nagusiak Covite biktimen elkartearen salaketan jasotzen den bertsio faktikoan oinarria hartzen du: hau da, erasoak ba omen duela zerikusirik Guardia Zibila Nafarroatik botatzeko estrategia eta kanpaina bortitz eta terroristarekin.

Gakoa bada, hortaz, gertatutako erasoa erakunde terrorista batekin harremanetan jartzerik ote dagoen: hau da, «lotura» ezartzerik ote dagoen. Lotura egotea, autoaren esanetan, badirudi erasotzaileen «motibazioarekin» zerikusia duela. Erasotzaileek Guardia Zibilaren aurkako gorrotoz jardun ei zuten, ETAk ziharduen bezala; Guardia zibila eta jende-talde multzo jakin batzuk mehatxatzeko asmoz aritu ei ziren, ETA bezala: hots, erasotzaileek eta ETAk motibazio berbera partekatzen omen dute, eta horrek, antza denez, erakunde terrorista baten barnera sartzen ditu.

Horra hor korapilo etengabekoa sortzen duen kontua: noiz da talde terroristarekin «lotura»? Nola frogatzen da? Nahikoa al da motibazioak partekatzearekin?

Korapiloa askatzeko terrorismoa zergatik hainbeste zigortzen den argitu beharra dago lehenik eta behin. Terrorismoa antolatutako delitugintza mota bat da, larriena hain zuzen ere. Kasuotan delituak egiteko modua antolatuta egonik, ondasun juridikoen aurkako erasoak intentsoagoak dira eta, horren ondorioz, haien jardun kriminala eragingarriagoa izan daiteke, ekintza bakoitza krimen egileen sare oso batean kokatzen den neurrian. Antolaketak, hierarkiak, jarduteko banaketa funtzionalak nolabait justifikatzen du horien aurrean zigorrak handitu behar direla.

Antolakuntza ez ezik, jarduera terrorista helburu jakin batera zuzentzen da, izaera politikoa duen helburura normalean: ordena konstituzionala iraultzera, herri-bakea nahastera, izua sistematikoki zabaltzera, eta abar. Terrorismoak Estatuaren legitimazio politikoaren arloan sartzen da, bete-betean, eta handik ulertzen da Estatuek duten erreakzioa, erantzun penala muturreraino eramanez.

Terrorismoa egoteko, laburbildurik, antolatutako taldeak egon behar du, eta bere jarduna helburu edota «motibazio» jakin batera zuzendu ere. Baina, behin hori egonik, orduan «lotura» frogatu beharra dago, pertsona batek egiten duenaren eta talde terroristaren artean. Eta, horretarako, inolaz ere ez da nahikoa, ez luke nahikoa izan beharko, motibazioa partekatzea. ETAk proposatzen badu euskaraz aritu behar dela, euskaraz aritzeagatik ez da inor etakidea izango, ezta? Helburu politiko hutsak pertsegitzeagatik —nahiz eta ETArenak ere izan- ez da norbait etakide bilakatzen. Lotura motibazioz haratago joan beharra dago: areago molde ideologiko jakin batzuk partekatzeak ez du inongo loturarik sortzen talde terrorista batekin.

«Lotura terroristak», beraz, bi alderdi frogatzea eskatzen du: batetik, jarduera kriminal bat egiten dela larria eta funtzionala dena talde terroristarekiko (osagai objektiboa), eta, gainera, hori antolatutako taldeak bere jardun kriminalarekin batera aritzeko helburuz (osagai teleologikoa: helburua, motibazioa). Norbaitek, esaterako, informazioa ematen dio talde terrorista bati azken horrek pertsona bat hiltzeko: ekarpen objektiboa bada informazio zehatza ematea, eta hori egiten da talde terroristak bere ekintza kriminala aurrera eraman dezan.

Altsasun izandako bertsiorik beltzenean ere non dago lotura? Zein da talde terrorista? Duela bost urte baino gehiago inolako atentaturik egiten ez duen taldea? ETA jada ez da talde terrorista aktiboa, eta horrek zailtzen du lehenik eta behin froga; izan ere, aritzeko ordenak, planak, helburuak gero eta zailago froga daitezke. Baina ETA talde terrorista izanik ere, zein da Altsasuko liskarraren osagai objektiboa: lesio-delitu bat taberna baten barruan goizeko 05:00etan? Eta, azkenik, lesioa ETArekin bat egiteko helburuz egin da? ETAk defendatzen omen dituen ideia lauso eta orokorrekin bat etorriz ala ETAren plan kriminal zehatzekin bat etorriz? Non daude horretarako frogak? Izan ere frogarik ez baita pertsona jakin baten ideologia eta lagunen ideologia.

Ideologia hutsetik abiaturik norbaitek egiten duen jardun guztia terrorismotzat jotzen bada, ideologia hori de facto debekatzen da. Eta hori da, batzuek behin eta berriro darabilten tesia: ETAk independentzia eskatzen duenez edota Guardia Zibila Euskal Herritik kanpora botatzeko eskatzen duenez, helburu politiko horiek «kutsatuta» omen daude, eta, horren ondorioz, datorrena susmagarria da. Ideologia kutsatu hori defendatzeak terrorismo-sarean sartzen zaitu neurri handi batean, egiten dena —ekarpen objektiboa- aztertu gabe. Helburutik dena frogatzen da, eta ez alderantziz. Terrorismoarekin lotura, unerik gogorrenetan, osagai objektiboz hustu eta «helburu» edota «motibazio» hutsarekin frogatutzat ematen zen, epaile eta fiskal gehienek albo batera begiratzen zuten bitartean. Bada garaia, zuzenbide gizalegezkoari helduta, «lotura» edukiz bete eta horren froga estandarra eskatzeko: hori egingo balitz, kasu hau inoiz ez litzateke helduko Auzitegi Nazionalera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.