Guardia Zibila? Ez, eskerrik asko!

Borja Imaz eta Maitane Intxaurraga
2013ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Berrogeita hamarreko hamarkadatik hona 4.774 torturatu, 22.417 atxilotu baino gehiago, 494 hildako, desagertuak, zauritutakoak... Motibo politikoa erroan. Euskal Herriaz ari gara bai, hiru milioiko biztanleriara iristen ez den herri batez. Milaka historia hauetan Guardia Zibilaren «ekarpena» izugarria izan da, eta hala da oraindik ere.

Sakanan, adibidez, egunero jasan behar ditugu bideetako kontrolak, herritarren joan-etorriak kontrolpean izateko, Guardia Zibilaren patrolak gure paisaiaren parte izatera iristeraino, itolarria sortzeraino. Aurtengo udan, haien funtzioen beste bi adibide argigarri izan ditugu.

2013ko abuztuak 14. Irurtzun. INASA enpresaren desmuntatzea eragotzi eta 110 lanpostu mantentzeko borrokan diharduten langile eta herritarrak lurrean daude, makineria atera asmo duten kamioei bidea ixteko intentzioz. Herritarrak, zibilak, lurrean jarrita. Kolpeak, irainak, mehatxuak, identifikazioak, atxiloketak... Guardia Zibila.

2013ko abuztuak 31. Altsasu. Ospa Eguna ekimen herritarra. Aldarrikapen benetan sentitua eta konpartitua gure aldean. Ekitaldia, manifestuaren aurkezpena, argazki erraldoia, mani-falla, fallak plazan erre... 100 guardia zibiletik gora herria okupatzen, sarrera guztietan kontrolak, helikopteroa zerua urratzen, herritarrak iraindu eta probokatzen, jolasean diharduten haurrak bideoz grabatzen, Intxaurrondora eramatearekin mehatxatzen, atxilotu eta jipoitu bat.... parean, herritar zibilak, zortzikoa dantzan, bertsotan eta herri kiroletan, argazki erraldoian parte hartzen eta duintasuna borborka.

Sakanako herritarrok oso ondo ikasi dugu zein den Guardia Zibilaren egitekoa: aldaketa politiko eta sozial helburu duen edozein ekimen herritarri aurre egitea, eskura dituzten bitarteko guztiak erabiliz: borrak, peloteroak, tortura, guda zikina... eta batzuetan, baita tiro zuzena ere. Familia gutxi egonen dira Sakanan Guardia Zibilaren ankerkeria zuzen-zuzenean ezagutu ez dutenak. Horregatik, garbi daukagu ez dela posible bakean eta demokrazian bizitzeko agertoki bat eraikitzea Guardia Zibilak ez badu gure herrietatik alde egiten. Herri honi egindako kaltearen egia, egia osoa, aitorpena eta erreparazioa zor diote. Baina, bereziki, alde egitea eta bakean uztea da zor digutena. Hauxe zen Ospa Egunak zabaldu nahi zuen mezua.

Zibilak kontrolatu eta indarrez inposatutako arauak bete arazteko gorputz militarra da Guardia Zibila. Militarrak dira, jantzi nabarraren ordez berde ilunez jantzita. Ingurumari hauetan, XXI. mendean, existitzen den indar armaturik atzerakoien eta bortitzena. Estatu faxista baten esentziarik puruena. Estatu kapitalista, zapaltzaile, patriarkal baten ideologiaren erakusle gardena: irain sexualak, bortxaketa mehatxuak, irainak, tortura, jarraipenak, kontrol soziala eta politikoa.... beldurra eragiten espezialistak. Boterearen erabilera ankerraren erakusle. Zigorgabetasunaren harrokeriaz blai.

Nor egoten da gustura Guardia Zibilak kontrol batean gelditzen duenean? Nork hartzen du lasai kafe bat tabernako barran, aldamenean Guardia Zibilaren bikote bat jartzen zaionean? Nork disfrutatzen du mendi irteera batez guardia zibilak inguruan motoz dabiltzanean? Bakarren bat egonen da, ziur, baina gutxiengoaren gutxiengoa dela ere badakigu, badakite. Gutxi dira, Guardia Zibila inguruan ibili eta ziur sentitzen direnak, ziurtasunerako gorputza izanda ere, ofizialki behintzat.

Ez ditugu nahi, ez ditugu behar. Are gehiago, kalte egiten dute, elkarbizitzan, herritarron oinarrizko askatasunen gauzapenean, giza eskubideen garapenean... Osasun mental eta fisikorainoko kaltea eragiten dute herritar askotan. Euskal Herriak desmilitarizazioa behar du, nahi du. Egun Nafarroa Garaian, 1.000 biztanlerentzako 5,4 polizia ditugu (urdinak, gorriak eta berdeak), udaltzainak gehituko bagenitu 8ra igoko litzake polizia dentsitatea. Europan, 3,37, eta gizarte normalizatu batentzako gomendioa, 2 polizia 1000 biztanleko da. Zenbaki horiek ezarrita dagoen boterearen kalitate demokratikoaren erakusleak dira. Konpondu gabeko gatazka politiko, ekonomiko eta sozialen tamaina erakusten dute. Dauden gatazkak modu adostu eta demokratikoan konpontzeko apustua egin beharrean, indarra eta errepresioa erabiliz estali nahi dutenaren seinale. Gure aldetik, berriz, jendarte zibilaren botere-hartze prozesu bat zabaltzeko harriak jartzea da asmoa, zimendu sendoetan eraikitako herri askea eraikitzeko. Errepresiorako aparatuak ez ditu gogoz desegingo Estatuak, beste eremuetan bezala, herri erantzun eta presioak behartuta emanen ditu pausoak.

Herrietan antolatzen hasiak dira herri ekimen ezberdinak, Altsasuko herria kasu, Leitza, Oñati... beste askoren artean. Antolaketaz, ekimen irudimentsuak praktikan jarriz, herritarren nahiekin bat eginez, arrazoiaren indarrez, lortuko dugu behar adina atxikimendu aldaketak eragiteko. Ez dugu zalantzarik ospa egin, eginen dutela, atzerako kontua hasita dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.