Madrilgo lagun baten mezuan notizia ikusi nuenean (irailaren 21ean), harritu egin nintzen: Felipe VI.ak irailaren 11n egundoko kasketa hartu omen zuen Zarzuelan. Hasieran, Diadarekin lotu nuen, baina bai zera! Kontxako Banderarekin zuen zerikusia. Elcano itsasontzian —berak eta frankistek maitea duten ontzi militarrean— eman nahi zion Gorka Aranberriri bandera preziatua, militar jantziarekin eta militarrez inguratua. Orduan, Donostiako estropaden bi jardunaldietan ikusitakoa gogoratu nuen: estropada eremuko kanpoko balizetan Guardia Zibilaren hiru ontzi handi zeuden Ertzaintzaren beste hirurekin batera (horiek askoz txikiagoak). Txandetako azken luzeetan gure arraunlarien atzetik segimendua egiten zuten, eta txanden arteko tartean, bost zodiak ibili ziren eremuan, bat Guardia Zibilarena eta beste lau Ertzaintzarenak edo Gurutze Gorrikoenak, bereizgarri bezala bandera hori-gorria bakarrik zutela. Horrez gain, Pasealeku Berrian, suhiltzaileen postuan, guardia zibilak ikusi genituen Nissan ibilgailu batean.
Gutako askori iraingarria eta umiliagarria iruditu zitzaigun indar erakustaldi hori, eta, orain dela 45 urte «que se vayan» ozenki oihukatu genuen bezala, batzuok berriro oihukatu genuen «alde hemendik», Guardia Zibilaren itsasontziak tribunaren aurretik pasatzen zirenean.
Nire ustez, presentzia hori bazen gure ikurrei eta transferentziei dagokienez inboluzio baten beste seinale bat, eta, hori horrela ulertzeko, 1975. urtera zuzendu behar dugu begirada.
Dakizuenez, 1964tik aurrera, diktadorea Donostiara etortzen hasi zen, eta Azor ontzian ematen zuten Kontxako bandera, baina traineruen azken luzearen segimendua arrantzale eta arraunzale euskaldunek egiten zuten, garai hartako prentsa argazkietan agertzen den bezala. 1975eko uda bortizkeria handikoa izan zen. Jon Paredes Txiki eta Anjel Otaegi ETAko militanteen eta Xose Humberto Baena, Ramon Garcia eta Jose Luis Sanchez FRAPeko kideen heriotza-zigorrak jakinarazi zituzten abuztuaren 23an, eta, hilaren 26an, terrorismoaren kontrako lege bortitza sartu zen indarrean. Diktadorea ez zen etorri, eta bandera udaletxean eman zuten.
1976an, Udal Liburutegian Pedreñak bandera jaso zuenean, etengabeak izan ziren Espainiako Banderaren aurkako oihuak. Kontxan Espainiako koloreak zeramatzan azken bandera izan zen, eta Pedreñako patroia —oker ez banago, Ruben Laso—, ez zen ausartu jende aurrean astintzera; tolestu eta gorde egin zuen. Urte horretako irailaren 8an hil zuen Guardia Zibilak Hondarribian Josu Zabala gaztea, eta Kontxako bigarren jardunaldia bertan behera gelditzear egon zen. Estropaden historian aurreneko aldiz, Santurtzi, Orio, Donostia eta Kaikuko ontziek Amnistia leloa zeramaten pankartak zabaldu zituzten.
Kontxako historian 2022an ikusi duguna oso-oso gutxitan gertatu da; ia anekdotikoa izan baita Espainiako armadaren presentzia badian. Nire datuen arabera, 1975etik 1989ra antolatzaileek lehorretik koordinatzen zituzten estropada eremua zaintzeko zortzi ontziak, lau albo bakoitzean, eta, horrez gain, baita balizetan zeudenak ere. 1989. urtean, Eusko Jaurlaritzaren Magnum 760 ontziak hasi ziren zaintzako lanetan. Geroztik, kirol proba horren zaintza eta segurtasuna ziurtatzeko lanean Ertzaintza jardun da etenik gabe. 2022ko denboraldian, gertatu da Guardia Zibilaren presentzia beste eremuetan ere: Gipuzkoako txapelketan (Hondarribian) eta zenbait Eusko Label eta Euskotren estropadetan: Donostian, Hondarribian, Ondarroan...
Zergatik eten du aurten Guardia Zibilak hainbeste urtean estropaden antolatzaileek eta Ertzaintzak eremuak babesteko garatu duten ibilbide luzea?
Batzuek pentsatzen dute Euskadin Guardia Zibilak normalizatzeko estrategia baten barruan dagoela; orain dela urte batzuk eta gaur egun Espainiako banderarekin gertatu den eta gertatzen ari den bezalaxe. Beste batzuentzat hori gertatzen ari da transferentziak gauzatzen ez direlako edo lortutakoak nahi dutenean bete gabe uzten dituztelako.
Badira pentsatzen dutenak Elkanoren mundu-birarekin erlazionatuta dagoela—Donostiako Udalak aitorpen berezia egin baitio 500. urteurrenean— eta estrategia horrekin gure herria aztoratu eta lotsarazteaz gain euskal abertzaletasuna ahularazi nahi dutela. Auskalo, agian entsegu bat izan da, eta, gure erreakzio epela ikusita, beldur naiz Felipe VI.ak 2023an bere ametsa beteko duen.
Guardia Zibila eta Kontxako Bandera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu