«Gu, nazkagarriok»

2023ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Politika, bere egikeran eta bereizmenean, botereen erabilera da, eta irainez eta laidoz beteriko hitzak barra-barra jaurtitzen direnean, agerikoa da, errealitatea den bezalakoa dela eta ez dutela onartu nahi.

Argi dago errealitatea, pentsaeren araberakoa ere izan daitekeela. Eta ariketa mentala egin guran eta gizakion pentsaerak aztertu nahian, neure iritzien aurkako buruetan jartzea ere atsegin dudanez, agian era bateko morboarengatik edo, zer iritzi darabiltzaten halako buruetan aztertzeko solasaldiak entzuten jardun naiz.

Eta hala ba, eskumakoen programa batean sartu naiz eta beste garai eta espazio batera naramate bertan entzundakoek: «ERC, Bildu, EAJ, Junts... alderdi eztabaidagarriak dira, Espainiaren eta 1978ko konstituzioaren arerioak. Eta Sanchezek egingo ez duena da politiko zintzo eta zuzen batek egingo lukeena; hau da, printzipio eta ezelako irizpide eta eskrupulu gabekoa den Sanchez, pertsona nazkagarria dugu».

«Eta gehiago diot», baieztatzen du tertuliakideak: «Bilduri bozkatzea nazkagarria da eta euskal gizartearen zati handi bat nazkagarria da, zeren, hauteskundeen saria, erailtzen zutenengana badoa, hori berezko gaixotasuna duten balore gabeko gizakia dela diot, eta moralik ez duten arazoa dutela; haserretzen badira ere, berriro diot, euskal gizartea, gizaki gaixoa da».

«Zuk diozuna astakeria da», diotso tertuliakide batek, baina programa horretako aurkezle-moderatzaileak, ezelako eragozpenik gabe, bere gain hartzen eta onartzen ditu lehenengo hark esandako hitzak.

Erresuminez beteriko gizaki hauen eta beren pentsaeren arazoa zera da, ezin ulertu izana eguneroko demokraziaren funtsa, zentzua eta egikera. Eta Espainiako eskumakoek bizi ez dugun errealitate bati heltzen diote, bizi dugun unea ahazten dute eta, behin eta berriz, probetxu gehiago ematen zieten garai historiko latzetara eraman nahi gaituzte.

Aipamen tristea beraiena, zeren, bidaltzen dizkiguten hitz iraingarriek, ezelako proiektu gabeko ahultasuna erakusten dute. Pentsaera bakarreko uniformetasuna maite dute, hizkuntza eta zentralizatzaile bakarreko kultura, periferia gogaitzen dute eta kultura desberdinek min ematen diete. Plurinazional kontzeptua onartu ezin duten eta existitzen ez den ameskeria da. Hori bai, den-dena itxurazko eginbide moral eta etiko batetik begiztatuta, zeren, nazkagarria desberdin pentsatzea baita.

Honek guztiak neure kantagintzaren hasierako garaiak dakarzkit gogora, gobernu zibilera eraman behar izaten genituen kantatu beharreko letrak eta beraien irizpidearen kontrako zer edo zer aurkitzen bazuten, mentalitate uniforme eta uniformatuan ez bazeunden, ba, bekatuzko bizitzan zeunden, beraz, aitorpen argia zeneukan: «denegado», «una, grande y libre» ideia sakrosantu hartarako desegokia zen eta.

Baina, neure senean, uste nuen hori aspaldi joan zela, zorigaiztoko garai hartako gauza zela, non pentsatzen genuena ezin izaten genuen libreki kantatu ezta adierazi ere, baina ez, garai hauetan ere gertatzen da. Desberdina den oro gogaitzen dute eta zentsura eta gaitzespena areagotu eta errepikatzen da.

Eta beraien porrotaren errudunak garenez, amorrazioz beteriko ideia horietatik desberdin pentsatzen dugun tertuliakide horri zera diotsot, maltzurkeria politikoen atzaparretan eta joko narraskerietan ibiltzeak, guganako deskalifikazioak jaurtitzeak, aipatzen duten irizpide etiko moralak, pentsaera zaharkitu eta zaharmindu horietatik urrun daudela, eta ez zaiela batere onuragarri izango ez eta errentagarri ere. Badakigu bizikidetzari ez diela onik egiten, baina, hala ere, zorionez, gorrotoz beteriko akusazio horiek ez dute izan gehiengoen adostasunik.

«Honen guztiaren erruduna Sanchez dugu», dio tertuliakideak, «non eta Euskal Herrian, Sanchezekin Bilduk oso gora egin du». Ba, halaxe da, Euskal Herrian, ultraeskuinerantz eskoratutako politikekin, EH Bilduk mugagabeko gorako bidea du, eta neure zentzu demokratiko heterogeneotik, tertuliakide «dezente» honen iritzian, «nazkagarria» naizela onarturik, nire «huskeria moraletik», ez dut besterik, uste osoz eta konbikzioz «boto nazkagarriz» kontzientzia goratu eta piztu dutenei, zoriontzea baino, errotik moztu dituztelako beraien buruetan darabiltzaten «pentsaera eta politika dezente» horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.