Simone de Beauvoir ez zen feminista. Ez, behintzat, Bigarren sexua idazten hasi zenean, 1947. urtean: ordu arte ez zuen sekula gogoan erabili zer esan nahi zuen emakume izateak. Beraz, feminismoaren obra klasikoetan klasikoa ez da inola ere quod erat demonstrandum idatzitako lan bat, baizik zientzialariaren espirituz egindako ikerlan bat, XX. mendeko pentsalaririk handienetako batek ondua, zer aurkituko duen ez dakien esploratzailearen tankeran jorratua lur labain ezezagun batean. Lur ezezagun batean sartu zen Beauvoir, bai, zeren aldarrikatzea baitzen ordu arte idatzitako obra feminista gehienen xedea, ez esplikatzea: Beauvoirrek, ordea, ulertu egin nahi zuen, analizatu, gauzen ordenaren zergatia azaldu; horregatik, emakumeek egiaz bizi izandakoa aztertu zuen, gizarteak eta kulturak errealitatea nola eraikitzen duten ikertu, eta gero etorri zen aldarria, azterlan hori guztia egin ondotik. Eta, hala, lur labain batean barrendu zen, bai, zeren denok baitugu zerikusia Bigarren sexua-ren ikergaiarekin, aldez edo moldez, nahitaez. Gu guztioi buruz ari da Beauvoir, gu guztioi ari zaigu.
Baina zein gara gu?
Feminismoa iritsi arte, emakumeak ez ziren ez nor, ez inor, ez gu. «Proletarioek gu esaten dute. Beltzek ere bai. Hala, subjektu gisa jarrita, beste bihurtzen dituzte burgesak, zuriak. Emakumeek [...] ez dute esaten gu; gizonek esaten dute emakumeak, eta emakumeek hitz horiek hartzen dituzte beren burua izendatzeko, baina ez dira egiaz Subjektu gisa jartzen. [...] emakumeen ekina [...] ez da sekula izan astintze sinboliko bat besterik; ez dute irabazi gizonek eman nahi izan dietena besterik; ez dute ezer hartu: errezibitu egin dute». Beauvoirrek ederki esplikatzen digu Beste direla proletarioak, beltzak, emakumeak. Are besteago direla emakumeak, Beste Absolutu direla: besteen besteak. Eta horretaz ohartu beharra dagoela subjektu izateko, nor izateko: zapaldurik eta alienaturik egoteari uzteko, behingoz. Proletarioak, beltzak, emakumeak: iraultza guztiak egiteko daude oraindik, eta denak gurutzatzen dira, 1949an bezala orain ere.
Generorik gabeko saiakera bat da Bigarren sexua. Beauvoirrek ez du sekula genero hitza erabiltzen, eta beharrik ere ez, ederki laburtzen baitu pare bat esalditan: «Emakume ez da jaiotzen: egin egiten da. Ezein destino biologikok, psikikok, ekonomikok ez du definitzen gizaki emeak gizartean duen irudia; zibilizazio osoak sortzen du gizonaren eta zikiratuaren tarteko emaitza hori, femeninotzat jotzen den hori». Esentzialismoa da emakumeentzat prestatutako presondegia, eta Beauvoir miaka ari da espetxe horren zoko guztietan, biologiaren eta historiaren datuak emanez, beren hotzean, eta kultur aparatu patriarkalaren amarru guztiak agerian utziz, beren gordinean.
Azken batean, Bigarren sexua-k deseraiki egiten ditu artifizialki eraikitakoa naturaltzat jotzeko argudioak, alper-harri kulturalak. Gizaki emeei inposaturiko egoera bat da «emakume izatea», ez inoren berezko izaera bat, ez jaiotzetiko destino bat, ezpada konstrukto kultural bat, gorputzaren nolakoa kontuan hartuta ezarria. Biologia materialaren interpretazio kulturalak naturara murrizten du emakumea, gizatasuna ukatuz, eta eragotzi egiten dio egoera horretaz harago jotzea. Egoera sortu eta betikotu, izaeratzat jotzeraino.
Beauvoirrek agerian uzten du tranpa: «[...] gizaki bat edo gizaki-talde bat gutxiagotasun-egoera batean atxikia denean, egia da gutxiago dela; baina ados jarri behar genuke zer esan nahi duen izan hitzak; [...] izatea, azken batean, bilakatu ondoren izatea da, ageri den modu horretan egina izatea; bai, emakumeak, talde moduan, gutxiago dira gizonak baino, hau da, beren egoerak aukera gutxiago ematen die: kontua da jakitea ea horrek horrela iraun behar duen». Behar den guztietan, ebidentzien gainetik ere berresten dira emakumeen (eta gizonen) inguruko estereotipoak: «Gizon baten adimena duzu», esaten zion aitak Simone gaztetxoari. «Emakumeak gizaki gisa jokatzen duen aldiro, esaten da gizonarekin identifikatzen dela», idatzi zuen Beauvoirrek urte batzuk geroago. Gaurko munduari buruz idatzia ematen du esaldi horrek bezala liburu osoak.
Egungo borroka feministaren muin-muineko gai gehienak hortxe baitaude, laster baita euskaraz ere, beren gaurkotasun guztiarekin, luze eta zabal landuak: androzentrismoaren kritika, ezkontzaren esklabotza, borroka kolektiboaren beharra... Hortxe dugu, esate baterako, atal oso bat prostituzioari buruzkoa: bigarren sexuko gizaki askoren eguneroko ogia nahiz uztarpea, mugimendu feminista urteetako eztabaida itsu batean kateatu duen gai mingarria. «Gizonak prostituzioaren inguruan duen jarrera da faltsukeria horren erakusgarririk handiena: gizonaren eskaerak berak sortzen du eskaintza [...]; nolanahi ere, perbertsotzat eta lizunzaletzat jotzen dituzte gorputza bizibide duten neskak, eta ez, ordea, neska horietaz baliatzen diren gizasemeak». Beauvoirren analisi hotza argigarria gertatzen da oraingo eztabaida beroetan.
Eta, orpoz orpo, prostituzioaz mintzatzeak askatasuna dakar hizpidera: gaur egun aske ote gara, lehen ez bezala, gizonen neurrira baina emakumeentzat asmaturiko presondegitik ihes egiteko? Munduaren zilbortzat daukagun gure txoko mendebaldar honetan emakumeek ez al dituzte, bada, eskubide zibil eta politiko guztiak? «[Emakume askok] nahi dute eskubide abstraktuak eta posibilitate konkretuak eman diezazkieten behingoz, zeren, horiek biak bateratu ezean, mistifikazio bat baino ez baita askatasuna». Posibilitate konkretuak: horra hor eskubideen mamia, izenkeria engainagarrien gainetik dagoena, erabakiak zinez libreak ote diren kontsideratzeko gakoa, posibilitate konkreturik gabe eskubideak ez baitira engainua besterik. Askatasuna ezinezkoa da zapalkuntza-egoera batean. «Zapalkuntza orok gerra-egoera bat sortzen du». Matxinatzea, hots, taldean matxinatzea da zapalduek askatzeko duten bide bakarra. Feminista ez baita jaiotzen: egin egiten baita.
Gu, emakumeok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu