Gu, aldiz, zein 'ondo' bizi garen...

2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Erlazioak. Pertsona adina erlazio mota. Bakoitza bere kolore eta matizekin. Baina denak bildu eta bi multzo handitan banatzeko aukera legoke: erlazio kaltegarriak (toxikoak) eta onuradunak (sanoak).

Bi multzoak oso bereiziak egon arren, batzuetan ez gara jabetzen gure erlazioa zein multzotakoa den: Garapena-deuseztea, maitasuna-gorrotoa, errespetua-errespetu eza, elkarrizketa-bortizkeria... jarrera kontrajarriak erabiltzen diren arren.

Ditugun erlazioetan, ezegokiak diren jarrera eta ekintzaknormalizatzen hasten garenean, bi ertzak banatzen dituen tartea gutxitzen joaten da, fusionatzera iritsi arte. Ardatz erreferentzialak diluituz, anormalitatea normaltzat hartuz... Egoera hau pertsona ororen momenturik kritikoenetariko bat izan daitekeelakoan nago. Pertsonaren autodeskonexioa. Etena. Zuloa. Baina, egoera horretan ere, ustezko zoriontasunean bizi garenaren ideia bera ere izan genezake. Horregatik komeni da, noizbehinka barrura begiratzea, gure ardatz eta erreferentziak, gure izanaren zutabe diren baloreak, non kokatzen diren ohartzeko.

Eta herri moduan? Erlazioak-politika eta politika-erlazio uztarri berdinetik badoaz, zein da euskal gizartean barneratua dagoen sentsazio, irudi edo ideia? Sentsazio ezberdinen artean ageri da egoera «on» edo «oso on» batean bizi garenarena. Ditugun baliabide eta eskumen «pribilegiatuei» esker, Europan «onenen» pare egotearen sentsazioa daukagu. Parekorik, munduan nekez aurkitu daitekeela esaten duenik ere badago. Eta zein ote da ba sekretua? Ba... gure «berezko» izaera eta jokaerez gain, estatuarekin (Espainiarrari bergira jarriak) adostutako paktu edo ituna daukagu fenomeno honen ikurretako bat.

350 diputatuz osatutako Espainiako kongresuan, bertan gure herriaren ordezkaritza dozena bat izatera juxtuiristen den arren, Estatu mailako politikan eraginkorrak, eta batzuetan erabakiorrak garenaren ideia ere oso barneratua daukagu.

Baina gure gizartea, geruza kapamoduan «babestu» duten horrelako ideiek, lurra «ozono kaparen» gisara, zulatzen hasi denaren sentsazioa daukat. Distantziak perspektiba hobea eskaintzen duelako edo, Kataluniako auziarekin, Estatu Espainiarrak erakutsitako berezko aurpegiakgure gizartearengan eragina izan duela iruditzen zait (desiotik gehiago izan dezake agian...).

Kataluniako gizartea demokraziaren uretan murgilduz. Demokrazian eta demokraziaz ikasiz. Demokrazia ehuntzen duten baloreak barneratuz, modu eredugarri batean, herritarrei etorkizun politikoaren inguruan erreferendum batean erabakitzeko tresnak eta aukera eskainiz. Beste aldean, aldiz, Estatu Espainiarrak, faxismoaren baloreetan oinarritutako jarrera, errepresio, totalitarismo, zigor, kartzela, mehatxu, gorroto, mendeku eta bortizkeria erakutsi ditu.

Zurrunbilotik kanpo egoteakargiago ikusten laguntzen du maiz. Ahaztuta zutenek, nola ikusi nahi ez zutenek, ikusteko moduko aurpegia erakutsi die Estatu Espainiarrak.

Horrelako jarrera matxista eta kaltegarria duen estatu batekin hitzartutako konpromisoek zein berme eskaintzen digute? Demokrazia gehiagoren eskarien aurrean faxismoaren tresnekin erantzuten duenarekin zein etorkizun daukagu? Gure herriak, horrelako jarrerak dituen estatuarekin duen erlazio mota zein multzotan sartuko genuke? Bai, Euskal Herriak Espainiako Estatuarekin duen erlazioari erlazio toxikoa deitzen zaio. Eta hori gutxi balitz, euskal herritarrak ondo bizi garen eta estatu mailako politiketan eraginkorrak garen ustea dugu. Atzo arte, PSOE honek gobernu progresista bat zuzendu zezakeela sinestarazi nahian zebiltzan-eta... Normala, eredugarria eta osasuntsua ez den egoera bat normaltzat hartu dugu.

Badakigu ez dela erraza, horrelako erlazio kaltegarri batean murgilduta egon ondoren, eten eta norberaren bideari ekitea. Ausardia haundia behar da. Baina batez ere norberaren buruarekiko errespetua, maitasuna, sinesmena eta duintasuna. Askatasuna lortzeko, kateak apurtu behar dira. Baina, kate fisikoengandik askatu aurretik, baditugu apurtu beharreko kate gogorragoak: kate psikologikoak.

Azken urte hauetan, pausoak eman ahala, ikusi ahala, sentitu ahala, jarrera bat barneratu dute kataluniar asko eta askok: Etorkizuneko protagonistak herritarrak beraiek direla. Beraien etorkizuna beraiek erabakiko dutela. Ahaldundu dira. Benetako heldutasun politikoaren gunera iritsi dira.

Eskoziako lehendakari ohiak, Alex Salmondek, zioen belaunaldi bakoitzak izan beharko lukeela estatus politikoaren inguruko erreferendum batean erabakitzeko aukera. Gure herrian, orain 40 urte adostutako ituna bete eta osatu gabe egoteaz gain, ditugun eskumenei indarra kenduz dihardute, eta erabat deusesteko mehatxuak ditugu noiznahi.Hori gutxi balitz, bermerik gabeko egoera politiko eskas honetatik, Kataluniari heldutasun politikoaz aritzeko mezu eta gomendioak entzutera ere iristen gara.

Herri gisa, egoera oso kritiko batean gaudela adierazten diguten seinale eta sintoma asko daude, ikusi nahi duenarentzat. Ezin dugu, egoera anormal hau makilatzen eta normalizatzen segi. Kultura demokratiko oso eskaseko lokatzetan nahastu gara gu ere. Eta oinarri hauekin ezinezkoa da harro egon gintezkeen ezer eraikitzea.

Baina egoeraren larritasunak aukerak ere eskaintzen dizkigu. Beti ere, lehendabizi, gauden egoeraren irakurketa zintzo bat egin eta denok egoeraren kontzientzia hartzen badugu. Balore demokratikoetan sakonduz gure herriko zimenduak garbitu eta osatuz. Herri honek badu nahikoa esperientzia, irudimen, jakituria, gaitasun eta gihar sozial, herri interes komunen norabidean eraikitzen hasteko. Gure herriak izan behar duen garapen politiko sozialaren ardura guztiona da. Eta herritarrak gara horretarako ezinbesteko aktiboak. Gure herriaren bermerik indartsuena herritarrak gara. Herritarren jarrera eta ahalduntzea.

Herri gisa, gure buruarekiko nahikoa errespetu, maitasun, sinesmen eta duintasun dugunean, guk ere gure bidea egitea erabakiko dugu.

Bitartean... ondo biziko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.