Greba orokorraz

2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Martxoaren 29ko Greba Orokorra handia izan da. Espainiako Gobernuako azken Lan Erreformari emandako erantzuna erabatekoa izan da Euskal Herrian, eta handia Espainiako Estatuaren menpeko eta ukaturiko gainontzeko Nazioetan, baita Espainiako nazio hankapetuan ere. Grebaren planteamenduetan desberdintasun nabarmenak izanda ere, grebarako baldintzak eta aurreesperientziak desberdinak izanda ere, egun berean batera egin izana poztekoa da, eta arrakastaren tamainaren faktore garrantzitsua.

Oraingo krisi hau hasi zenetik erasoka ari da kapitala. Erasotzaile bera izanik (Espainiako Gobernua eta bere babesle politikoak eta Europako Batasuna gidatzen duen Troika), eta horiekin bateginik CEOE eta Confebask eta CEN direlarik, langileek etaherritar xumeek elkarrekin erasoaren aurka jotzea onuragarria da denontzat. Garai batean hizkuntza guztietan kantatzen genuen bezala, «hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan, ikusiko dek nola nola...». Greba egun berean egina izana ere,ez dut uste kasualitatea izan denik. Erasoen larritasunakbatasunaren premia areagotzen du.

Arnasa hartu nuen CCOOk eta UGTk euskal sindikatuek jarritako greba eguna bera aukeratu zutenean. Poztu nintzen hainbat naziotako sindikatuek deialdi komuna egin zutela jakin izan nuenean. Gauzatu den posibilitatea, dudarik ez, mugatua izan da. Baina gertatu dena aipatzea eta goraipatzea, eta horri fruituak ateraraztea garrantzitsua iruditzen zait.

Nazio eta nazioetako herrialde bakoitzean azken mugimendu politiko eta sozialek (orain arteko egindako Greba Orokorrak, sindikatuek izandako jarrerak, M15 mugimendua, Boloniaren aurkako mobilizazioak, Irakaskuntza eta Osasungintzako borrokak, Memoria Historikoaren mugimenduak, Askapen Nazionalaren edukiak eta indarrak, emaitza elektoralak —desberdina da Amaiurren arrakasta edota PP/UPNren nagusigoa bizitzea—) izan dute eragina eta isla Greba Orokorrean. Planteamenduetan desberdintasun nabariak badira, eta desadostasun puntuak garrantzitsuak dira: nola eta zein norabidetan aurre egin kapitalaren erasoari (sistemaren erreforma edota sistema aldaketa), zein leku duen borroka honetan nazio ukatuen defentsak eta hizkuntzen erabilerak.

Eta badira oraindik esperimentatzen ari garen begirada, ikuspegi berriak: gauden krisi ekologiko honetan produkzioari eta kontsumoari buruzko zein alternatiba altxa; merkatuetatik kanpo dagoen, eta gehienbat emakumeen eskutan dagoen lan erreproduktiboaren eta zaintzaren krisiari nola aurre egin.

Ez naiz eroso sentitu kaleetan Espainia es nuestra ruina. Independentzia kartelak ikusi ditudanean. Nik uste dut Espainiako Gobernuak eta patronalak krisi ekonomikoari ematen dion erantzunak, langileria guztiz menpekoa sorrarazteaz gain, baduelaestatupeko nazioei egindako kontzesio autonomistak estekatzeko asmoa ere. Konstituzioaren azken erreformak (defizitari muga zurruna ezarriz konstituzioan) eredu ekonomiko-sozialaren aldaketarako edozein pauso posible baldintzatzen du, eta kate bat gehiago jartzen du. Horregatik, guztiz egokia iruditzen zait Greba Orokorrean nazio askearen defentsa aldarrikatzea.

Baina Espainia ez da ente monolitiko bat (Europa ez den bezala, eta Euskal Herria ere ez den bezala). Bi Espainia daude: gaur egun Espainiako Parlamentuan islatzen dena eta Greba Orokorrean saiatu dena. Greban ahalegindu diren milioika espainolak ez dira gure hondamena. Aitzitik, Espainian ere greba arrakastatsua izatea, geuretzat, hemengo langileentzat eta gure nazioarentzat, onuragarria da. Bestalde, ezin dugu ahaztu hondamendira garamatzan Erreforma Laboralarekin (eta aurreko erreforma eta neurri guztiekin eta Troikarekin) guztiz poztu direla bertako patronalak (Confebask eta CEN) eta jokoan dabilela EAJ. Espainiako (boterea) gure «ruina» bada, ezin dugu ukatu Espainiako (boterea) espainolen hondamena ere badela. Muinean horixe da M15 mugimenduaren esan nahia: «Hau ez da demokrazia» eta «ez gara merkantziak». Gure nazioaren askatasun nazionala eta emantzipazio soziala espainolen gehiengoarentzat onuragarria da. Eta horren aurka altxatzen den gotorlekua Espainiako Estatuaren eta gaurko Europako Batasunaren botereak dira. Horiek pitzatzea ezinbestekoa da, eta, horrela bada, Estatu horren menpeko eta zapaldu guztien artean aliantzak lantzeak berebiziko garrantzia du. Oreretan greba egunean arratsaldean egin zen manifestazioaren ondoren, hizlari ofizialetatik inork ez zuen aipatu ere egin Katalunian, Galizian eta Espainian ere greba arrakastatsua izan zenik. Auzi honetan (krisiaren aurrean gobernuek hartzen ari diren neurriei dagozkienetan) borroka bera dugu hemengo, Madrileko, Parisko eta Greziako langileek. Espainiako eta Frantziako estatuen eta gaur egungo Europako Batasunaren boterearen egonkortasuna pitzatzea, horien menpeko guztien interesa komuna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.