Krisia hasi denetik erreforma eta murrizketa zerrenda amaigabea izaten ari da. Ezinezkoa da inposatu zaizkigun neurri guztien inguruko aipamen guztiak lerro batzutan laburtzea. Argi dagoena da eredu ekonomiko eta soziala eta lurralde eredua aldatzen ari direla. Eredu kapitalista bortitzena inposatzen ari zaizkigu, eta horren kostu soziala ikaragarria da. Euskal Herrian geneuzkan erabaki ahalmenak —lehendik mugatuak zirenak— ere ezabatzen ari dira. Estatu espainolak erabaki du eredu autonomikoa amaitzeko ordua dela, eta zentralizazio eta uniformizazio prozesuari ekin diote.
Neurri horiek guztiek diktadura ekonomikoa ezartzea dute helburu. Une honetan jokoan dagoena da Euskal Herrian ere diktadura ekonomiko hori inposatuko den ala ez. Erreforma horiek gure etorkizuna, langile moduan eta herri moduan, goitik behera baldintzatuko dutenez, jokoan dago Euskal Herrian aplikatuko diren ala, kontrara, bide propio bat egiten hasiko garen. 1977an bezala, une erabakigarriak bizitzen ari gara, aldaketa sakonak izaten ari dira eta izango dira, kontua da aldaketa horien norantza. Bidegurutze horretan bi aukera daude: espainiar Estatuaren eta autonomismoaren aldetik orduko iruzurra errepikatu eta elite ekonomikoaren interesak bermatzeko jokaldia errepikatu ala burujabetzaren bidea jorratzea.
Uztailean, irailaren 26rako greba orokorrera deitu genuenean, bi mugarri nagusi genituen: finantza sistemaren erreskatea eta «aurrekontu egonkortasuna sustatzeko neurriei buruzko Errege Lege Dekretua». Bankuak erreskatatzeko, diru publikotik, herritarron dirutik, 100.000 miloi euro desbideratzea erabaki zuten; ez zen lehen aldia halakorik gertatzen zena. Ondorioz, diru gutxiago dago, edo batere ez, hazkunde ekonomikoa sustatzeko, sektore publiko indartsu bat edukitzeko, enplegua sortuko duten enplegu politikak egiteko edota zerbitzu publikoak garatzeko.
Handik hilabete eskasera estatu eredua aldatzeko dekretua etorri da: langabe kolektiboaren babes sozialerako eskubideari erasotzen zaio, BEZa igo, sektore publikoa, menpekotasuna duten langileak babesik gabe uzten dira, sektore publikoko langileei Gabonetako paga kentzen zaie...
Aipamen berezia merezi du langabeen egoerak. Behin-behinekotasun eta prekarietate testuinguruan, Hego Euskal Herrian 208.774 pertsona enplegurako eskubiderik gabe dira, langabezi babesaren narriadura sistematikoa pairatzen ari dira. Azken batean, kolektibo hori zigortzen duten neurriak hartzen ari dira, langabeei jazarri eta kriminalizatzeraino iritsiz.
Eta egoerak ez du hobera egiteko zantzurik. Bankuei urteetan nahi duten guztia egiten utzi izan zaie, eta, orain, espekulazioan oinarritu eta pilatu dituzten «aktibo toxikoen» ondorioak, banku txarraren sorrerarekin, herritarrok paira ditzagun nahi dute. Bestalde, estatuaren erreskate edo interbentzioaren terminoak adosten ari dira. Estatu espainolean eraso berriak martxan daude, eta frantziar Estatuan ere bide bera jorratuko dutela erabaki dute. Hasiak dira horretan, defizita betetzeko hainbat murrizketa egin behar dituztela-eta, gastu publikoa laburtu eta lan merkatua ukituko dutela iragarri dute han ere, besteak beste.
Bankuak babesteko erabaki politikoa hartzen da, eta jendartea, berriz, langabezia eta pobreziara kondenatzen da. Hemen, Euskal Herrian, orain arteko lau greba orokorren bidez eta etengabeko mobilizazioekin argi utzi dugu ez gaudela hori horrela izan dadin onartzeko prest, eta gure eskubideak defendatzea gero eta zailagoa izan dezagun bitartekoak kentzen dizkigute erreformaz erreforma.
Langileen soldata eta lan baldintzen defentsa egiteko ezinbestekoa den negoziazio kolektiborako eskubidea ezerezean utzi dute, bai eremu pribatuan eta baita publikoan ere. Negoziazio eremuak Madrilera eramanez eta administrazioari eta patronalari aldebakarrez adostutakoa ez betetzeko aukerak emanez.
Zer da bada gertatzen ari den guztia, diktadura ekonomiko bat ez bada? Inposatzen ari diren eredu ekonomiko eta soziala elite txiki baten mesedetan da, ez ekonomiaren eta hazkunde ekonomikoaren mesedetan, horrela sinestarazi nahi diguten arren.
Gezurra da lan harremanen eredu desarautu batekin edota sektore publiko ahul batekin hazkunde ekonomikoa bermatzen denik. Azken urte hauetan hainbat murrizketa egin dituzte norabide horretan, eta langabeziak igotzen jarraitzen du, ez dago hazkunde ekonomikorik, desberdintasun sozialak areagotzen ari dira, pobrezia gero eta hedatuago dago, baina aberatsak gero eta aberatsago dira.
Alternatiba badago, beste eredu sozial eta ekonomiko bat eraikitzea: aberatsen eta behartsuen arteko desberdintasunak murriztu eta aberastasun banaketa justuago bat posible egingo duena, parte hartze sozialean oinarrituko dena, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna bermatuko duena, lan produktiboa eta erreproduktiboa zuzen banatuko duena, babes soziala bermatuko duena eta abar. Azken finean, pertsonen zerbitzura —ez merkatuen zerbitzura— egongo den eredua. Hori gauzatzeko bide bakarra burujabetza prozesu bat abiaraztea da.
Horretarako, borondate politikoa behar da, eta, noski, enpresariak (Confebask, CEN) ez daude euren pribilegioei uko egin eta bide horretan inplikatzeko prest. Borondate hori ez da berez sortuko, gehiengo sozial batek derrigortu beharko ditu horretara. Beraz, orain arte egin dugunari segida emanez, mobilizatzen eta borrokan jarraitu behar dugu lantokietan eta kalean alternatiba hori eraikitzeko borondate hori gauzatu arte.
Irailaren 26an kaleak betetzera deitzen zaituztegu bi aldarrikapen nagusirekin:
Batetik, murrizketen aurka gaudela argi uzteko. Hemengo instituzioei Madriletik datozen inposizioak ez aplikatzeko eta gure esparruan egiten diren politika publikoen norabidea behingoz aldatzeko exijitzeko.
Eta bestetik, hitza eta erabakia Euskal Herrian dagoela aldarrikatzeko. Greba honek erakutsi behar du euskal gehiengo soziala osatzen dugun herritarrok, langileok, bide propio bat egitea eskatzen dugula. Irailaren 26an, beraz, kalean ikusiko dugu elkar!
Greba diktadura ekonomikoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu