Antonio Gramsci XX. mendeko teorialari marxista nagusietakoa izan zen. Kartzelan idatzi zituen gogoeta funtsezkoenak, iraultza europarraren atzera-egite eta nazi-faxismoaren aurrerakada une batean. Katakrak argitaletxean haren Kartzelako gutunak euskaraz argitaratu ditugula baliatuz, Gramsciren pentsamenduaren gaurkotasuna eta egokitasuna aldarrikatu nahi ditut hemen, eta gurera ekarri. Haren bizitzan bi aldi nabarmentzen dira: kartzelatu aurrekoa eta kartzelaldikoa.
1916-1926 urteetako Gramsci pamphlétaire bat zen, agitatzaile politiko bat, Italiako Alderdi Komunistaren sortzaile eta buruzagia. Bera izan zen faxismoaren muin berria eta haren arrisku larria hobekien ulertu zuenetakoa. Bere ustez, proletariotza klase buruzagi nagusia izatera irits daiteke, langile populazioaren gehiengoa kapitalismoaren eta Estatu burgesaren kontra mobilizatzea ahalbidetuko dion klase-aliantza sistema bat sortzen duenean soilik. 1924ko apirilean diputatu hautatu zutenean, ohartu zen Mussoliniren faxismoari ez zitzaiola bloke uniforme eta borrokalari gisa aurre egiten, talde bananduen aldizkako elkartze batekin baizik. Gramscik bi ondorio atera zituen: 1) galdutako posizioak berreskuratu behar ziren, ordena burgesa iraultzeko erasora jo aurretik; eta 2) ezinezkoa zen galdutako posizioak berreskuratzea, indar antifaxista guztiekin, burgesak barne, aliantza sistema zabala eratu ezean. Batzuek ez zuten aliantzarik nahi, demokrazia burgesa berrezartzeari uko egiten ziotelako; beren helburu bakarra proletariotzaren diktadura zen, bitarteko faseak gaindituz ezarri beharrekoa. Gramsci, bere heziketa kulturalagatik, beharbada, ez zen formula magikoetan gotortu zale, une historiko guztietan aldaezinak balira bezala. Horregatik onartu zituen Internazionalaren orientabideak: erauntsi erreakzionarioari eutsi eta, ondoren, askatasun burgesen erregimena lorturik, iraultza sozialistaren garaipenerako erasoa prestatu. Horrela, legebiltzarkide komunista guztiek Parlamentuko tribunatik ere borroka antifaxista aurrera eramatea erabaki zuten, ulertuaz legebiltzarrek klase-borrokaren eta nazio gatazkaren antzokiak izaten jarraitzen dutela. Eztabaida horien bueltan atxilotu zuten Gramsci, 1926ko azaroaren 8an.
1926-1937 urteetan kartzelatutako Gramsci teoriara lerratu zen, ezinbestez. Bere koadernoetako oharrak, lehen zirriborroetan jasotako ideiak, bizitza bera ziren harentzat, borroka iraultzailearekin jarraitzeko modua. Koaderno horiek Italiako errealitate konkretuaren ikerlan bat dira. Baina bada ideia nagusi bat horietan guztietan: Gramscirentzat funtsezko auzia weltanschauung proletarioa edo bizi-ikuskera berria sortzea da. Lehen fasean (Estatuaren boterea lortzeko mugimenduan) herritarren kontzientzian sartu behar da hori, aurreko ikuskera ordezka dezan; ondoren, bigarren fasean (eskuratutako boterearen kudeaketan), Estatu proletario berriari atxikimendu zabala berma diezaion. Alegia, langileriak bizi-ikuskera burgesari behar dio kontrajarri beste ikuskera bat, beste moral bat, ideien mundu berri bat, bizitzeko eta pentsatzeko modu berri bat. Horrela baino ez da lortuko herritarren kontsentsuz Estatu sozialista sortzea. Bigarren fasean, boterearen kudeaketan, ordena intelektual eta moral berri bat eraiki behar da, gizarte mota berri bat; eta, horrenbestez, kontzeptu unibertsalagoak landu beharko dira, arma ideologikorik finenak eta erabakigarrienak erabiliz.
Alvaro García Linerarentzat hegemonia da Gramsci eta gero Lenin eta gero berriz Gramsci. Hegemonia borroka kulturala da, sinboloen borroka, identitateen borroka, eraikuntza kognitiboen borroka; indar-ideien borroka da, gizartearen baitan. Bildu, trinkotu, aurre egin eta arerioa porrotera eraman. Eta hori eta berehala, borroka kulturala berriro, garaipen hori finkatu eta berma dadin, arerioa osatu egingo delako eta garaitu egin beharko dugulako kulturalki, etikoki eta politikoki, eremu kulturalean aurrera egiten jarraitzeko.
Gramscik jarduera kulturalaren eta iraultzaren arteko ezinbesteko harremana azpimarratu zuen, iraultza guztien aurretik lan kritiko handia egin delako beti. Gramsciren helburua kultura jakin bat zabaltzea zen, hori gabe langileriak ezingo duelako inoiz bere funtzio historikoaren kontzientziarik hartu. Euskal Herriak ere behar du bere berpizkunde kulturala, inoiz izan zuena eta egungo bide berrian ere egiten ari garena, herria bere zeregin historikoaren jabe izan dadin eta askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokan gidaritza har dezan. Joxe Azurmendi, Txillardegi eta beste hainbat eta hainbat euskal herritarren jarduera kultural eta politikoa nabarmentzekoa da ildo horretan, euskal zentzu komun bat eraikitzen lagundu digutelako: euskalduntasunaren ideia partekatu bat.
Kontua ez da Gramsciren teoriak zuzen-zorrotzen nork interpretatzen dituen ebaztea, baizik eta, batez ere, haren indar-ideiak gure errealitatean txertaturik praktikan jartzea. Eta, zentzu horretan, ezker independentistari Gramsciren filosofia politikoa eta tresneria kontzeptuala oso baliagarriak izaten ari zaizkio. Goizago ala beranduago indar hegemoniko bihurtzeko ahalmena du. Oinarri soziala zabaltzen eta aliantza zabalak bilatzen dituen neurrian, marjinazioa ez eta hegemonia bilatzen ari delako. Borondate kolektibo nazional-herritarra mugimendu heterogeneo asko bateratzearen ondorioz sortzen delako. Eta bloke historiko horren egitura diskurtsiboa subiranismoa eta Euskal Errepublika izatea erabaki duelako.
Ezker independentistak botere bokazioa du, gobernatzeko gauza dela erakutsi du eta Estatu kontzeptu baten inkarnazio bihurtu da: esaten duena egiten du eta egiten duena esaten; parte hartzen duen erakundeetan herri sektore eta langileriaren eskubide eta askatasunen aldeko kudeaketa ona eta eraginkorra egiten du; parekoen Euskal Errepublika eraikitzeko gaitasun teoriko eta teknikoa du; bere barneko pluralismoa errespetuz kudeatzen daki eta, horrexegatik, euskal jendartearen gidaritza bere gain har dezake, haren aniztasun eta konplexutasun osoan. Eta, gainera, herri-mobilizazio jendetsuak egiteko gauza da. Borroka eta politika egiten dakiela erakutsi du. Ez da oposizioko eragile hutsa, kontra-botere bokazio soileko.
Ezker independentista 60 urteko borroka esperientziak eman dion ondaretik aurrera zabaldu da eta areago zabalduko da oraindik, gizartearen baitan buruzagitza moral eta kulturala handituz joango den heinean. Hori da gure apustua, borondatea eta konpromisoa. Orain, eta betidanik. Gugan bego Gramsci.
Gramsci gurean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu