Institutuetako jarduna uztekotan dabilen lagun batek gozogintzaren perbertsio hutsa deritzo bigarren hezkuntzan aritzeari: zuk ahalik eta pastelik ederrenak egin, bezeroari oparitu, eta hark, pastelak gozatu ordez, zuri bueltan aurpegira jaurti.
Konparazioaren negatibotasunak, orokorkeriak eta gehiegikeriak iradoki bezala, deprimituta dabil laguna, maiz jarrera-arazoak dituzten 25 neraberekin kanpoko presio handienpean lan egiten duen beste hamaika profesionalen antzera. Valentziako CSIFek 2009an argitaratutako txosten baten arabera, depresioak eragindako baja kopurua gainerako ogibideetan baino hiru aldiz handiagoa zen irakaskuntzan. Datua errazago uler liteke ogibiderik etsigarrienen sailkapenetako hurrengo postuetan psikologoena eta poliziena azaldu ohi direla jakinda, irakasle askok, euren espezialitatea irakatsi ordez, arlo horietako langileena egiten ematen baitu bere lanaldiaren zati handi bat. Egoerarik gogorrenak ziurrenik DBHko hormona saltsan gertatzen diren arren, gainerako irakasle kolektiboek ere badute erretzeko eta lurra jotzeko arrazoi franko. Izan ere, ikasgela gainpopulatuetan derrigorrean eskolatutako bezeroak ez dira hezkuntza publikoko pastel jaurtitzaile bakarra. Ironikoki, potrozorri handiena patroia bera izaten da askotan, bai figuratiboki, bai literalki. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, odola xurgatzen iaio-iaioa izan daitekeela aski frogatu du: Lopez eta urkullutarren murrizketarik ezak sei urteko glaziazioa ekarri zien soldatei, ordezkoak zentroetara bidaltzea atzeratu du, behin-behinekotasuna handitzen utzi du eta langileen erretiroa zaildu. Gainera, inor deprimi ez dadin-edo, baja hartzen duenari ordaina jaitsi dio.
Krisiaren aitzakiaz egindako eraso horietan eta, oro har, azken hamarkadan ongizate estatua eraisteko egin diren abiada handiko urratsetan zibilizazio industrialaren kolapsoaren zantzuak ikusi dituen analistarik ez da falta. Autoritarismo eta miseriazko etorkizun bat nahi ez badugu, eliteek energia eskasiaren aroan egingo dituzten zapalketa eta harrapaketa saio gupidagabeek ezin gaituzte Telecinco edo Liga Santander ikusten harrapatu; bizimolde berriak eraikitzeko eta, bitartean, daukagun apurretik ahalik eta gutxien lapurtu diezaguten, klase herritarrok ezinbestekoa dugu elkarrekin borroka egiten berrikastea. Martxoaren 22an gihar atrofiatuak entrenatu eta, bide batez, ikasleei pastelik elikagarriena oparitzeko aukera dugu hezkuntzako langileok, etorkizunerako benetan prestatuko baditugu, borrokarako ereduak ematea baita helarazi diezaiekegun irakaspenik eraginkorrena. Lastima, berriro ere astebeteko epean greba deialdi bi egotea. Hurrengoan sindikatuei desobeditu eta lanuztea hirugarren data batean egin beharko genukeela dio gure lagun gozogile etsituak.
Gozogile etsituaren dilemak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu