Kirmen Uribe.

Goxoki baina ziur

2017ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren bizitzak arakatzen ari nintzela Elkarrekin esnatzeko ordua nobelarako, egindako hamaika elkarrizketen artean, ondo gogoan dut Bilbon Manu Sotaren iloba bati eginikoa. Manu bera eta Karmele eta Txominen belaunaldiaz, hots, gerra eta erbeste latza bizi izan zuen belaunaldiari buruz, kontatu zidan bazutela haiek Jose Antonio Agirreren gobernuak luzatutako pasaporte antzeko zerbait. Pasaporte horren izena, Igarobidea zen. Txomin Letamendik bazuen halako bat, eta baita Karmele Urrestik ere. Eta horiek bezala, Euskal Herritik erbestera joandako milaka euskaldunek bazuten euskal pasaportea. Igarobideak, berez, ez zuen balio diplomatikorik, izan ere, garaiko euskal gobernua ez zen legezko gobernua nazioarteko estatuen artean. Ala bai.

Esan behar dut, alegiazko pasaporte horrekin, euskaldunak ibili ahal izan zirela hala Frantzian barrena nola Argentina hurrenean ere, bazuen eta nolabaiteko balioa herrialde horietan. Argentinarrentzat, hortaz, Agirreren gobernuko pasaporte hura baliagarria zen, eta igarobidea zutenei mugak zabaltzen zizkieten, beste edozein estatuko kide balira bezala. Espainia edo Estatu Batuarrentzat, aldiz, paper zati bat baino ez zen gure garaiko pasaportea.

Zalantzarik ez da, belaunaldi hartako euskaldunei balizko pasaporte hura izateak kemen ikaragarria ematen ziela, hainbeste ezen uste baitzuten euskaldunok estatu bat genuela, edo behintzat estatua izateko eskubidea. Sotaren ilobaren elkarrizketa honelaxe bukatu zen: «belaunaldi hura ez zegoen gelditzerik, zergatik, pasaportea ere bazutelako».

Nahiz eta kontrakoa pentsatu, ekintza sinbolikoek berebiziko garrantzia dute. Egia da, igarobideak, salbuespenak salbuespen, balio erreal handirik ez izan arren, sinbolo hark, aurrera egiteko indar handia eman ziela Agirre eta bere garaikideei. Gerora, ondo dakigun bezala, Agirreren amets hura erabat zapuztu zen eta ahaztu egin genituen (bai, guk ere bai) igarobidea eta halaxe belaunaldi osoa ere.

Alta, badiot nik, ezer ez dela erabat alferrik izaten. Nahiz eta une batean pentsatu dena galdu dugula, borroka hark jarraipena izan lezake etorkizunean. Bizirik irautea da askotan garaipenik handiena, belaunaldiz belaunaldi eustea euskaldun bezala elkarrekin bizitzeko gogo horri. Eskubide zibilen aurrerapena borroka galduez beterik dago, sufragistek, afroamerikarrek, natura edo sexu-askapenari lotutako borrokak porrotez josita daude, pauso bat aurrera eta bi atzera emanez, baina ezin da uka, urteen poderioz eta behin amets batean sinetsi zuen ekin etengabearen ondorioz, gure gizartea hoberantz aldatu dela.

Datorren igandean, gure herriaren etorkizunaz bozka egiteko aukera izango dugu eskualdean. Batzuk pentsatuko dute bozketa horiek ez dutela ezertarako balio, ez dutelako oinarri juridikorik, hots, igarobide izeneko pasaporte haren balio bera dutela, deus ez. Baina hori pentsatzea errazena da, joan gaitezen urrunago. Beste batzuk, ordea, balio sinboliko handia emango diote bozketari eta, igarobide hura zuten haiek legez, kemena hartuko dute etorkizunari gogotsu begiratzeko. Nahiz eta eman bozak ez duela ezertarako balio, inoiz ez da pentsatu behar porrotean. Itxura batean galera izan litekeen horretan erebadago eta garaipena. Aurrera jarraitzea da kontua, elkarrekin bizi nahia, nor bere burua euskaldun sentitzea.

Mundu guztiak du gizatalde bateko kide sentitzeko eskubidea. Hori ere ezin digute uka. Txikiak garela? Berdin da. Hil berri den Zigmund Bauman pentsalariak esaten zuen gizarte txikiak askoz ere gizatiarragoak direla, komunitate zentzu handiagoa dutelako, eta horrela, esate baterako, hobeto hartzen dituzte kanpotik datozenak.

Sarako idazleen biltzarrean egon nintzen pazko astelehenean. Han, gauza asko ikasi nituen eta baita esaldi hau ere, «goxoki baina ziur». Horrela egiten omen dituzte gauzak Lapurdiko herri ederrean, goxoki, inor behartu gabe, jendea elkartuz, baina ziur, beti bidean aurrera eginez, bidean eta ametsean. Beharbada, egun, euskaldun guztiok erabili ahal dugu Sarako herritarren esaldia, eta aurrera egin, hori bai, goxoki baina ziur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.