Idazki hau sinatzen dugunak laikoak gara, emakumeak eta gizonak, urtetan Gipuzkoak Elizarekin konprometituta gauden kristauak. Harri eta zur geratu gara irakurri dugunean Donostiako Gotzaindegiak 26 apartamentu turistiko egingo dituela bere egoitzetako batean eta Groseko Zabaleta 5.eko «eraikina» aparthotel bihurtuko dela. Eraikin hau ez da edozein leku, Gotzaindegia da, Donostiako Elizbarrutiko gobernuaren egoitza, alajaina. Ebanjelioa iparrorratz hartuta, eliza Gipuzkoako kristau elkarte eta gizartearen zerbitzura antolatzeko tokia, adibidez, espetxe pastoraltzan, etorkin, kristau ikasbide, liturgia eta otoitza, erlijiosen elkarte eta gainerako arloetan... Erreferentziazko gune hau hotel eta diru-iturri bihurtuko da gotzainaren erabakiz. Halako lotsagarrikeriarik! Suminduta gaude.
Hau, ordea, ez da gertaera bakandu bat. Gure iritziz, hemen izan dugun Eliza eta oraindik badena, kuria honek aurka diharduen arren suntsitzeko pentsatutako plan zabal baten barruko urratsa da, hamarkadetan zehar milaka laiko gipuzkoarren parte hartzeaz eratutako Ebanjelioaren zerbitzuko Eliza desegiteko. Munilla eta dira eginahalean; orain ondarea ere hondatzen. Ez dira alokatu edota saltzeko asmotan dabiltzanaren nagusi baina elizbarrutia beren mendekoa balitz bezala jokatzen dute. Eramanezina da kontzientzia ebanjelikotik begiratuta eta onartezina gizarte demokratiko heldu baten ikuspegitik. Berriz ere ikusten dugu Munilla Gotzainak, bere gobernu taldearen babesarekin, mespretxu egiten diola Gipuzkoako parrokietako mila apaiz eta pastoralgile laikok apirilean esan ziotenari, hots, ez ibiltzeko Elizbarrutiari bizkarra emanez. Egiazko datuak azalduz eta kanpoko auditoria batez Elizbarrutiko egoera ekonomikoa argitzeko eskaria aintzat hartu ez ezik, berea egingo du, itxura denez. Halakoxea da bere estiloa: entzun ez, informazioa ezkutatu, manipulatu, inposatu.
Munilla Gotzaina eta bere laguntzaileak elizbarruti-nortasuna eratu duen Eliza bat ari dira galbidean jartzen. Eliz identitate jakin hari esker hasi ginen Jesu Kristori jarraitzen belaunaldi desberdineko makina bat gizon-emakume, Gipuzkoa gizakoi eta bidezkoago bat egiteko gizartearekin batera lan egin duen Elizan. Gure ustez, Eliza egiteko era jakin bat alferrik galdu nahi dute eta, hala, Kontzilioaren araberako Eliza honi aurka egiten zaiolakoan gaude, erasopean dagoela pentsatzen dugu. Hau dena Ebanjelioaren aurkakotzat daukagu, kristau testigantzaren ukaziotzat. Eta gainera, Aita Santu honi beste zangotraba bat iruditzen zaigu. Izan ere, Frantzisko hor ari da elkartasunezko hitz eta keinu indartsuak egiten gehien sufritzen dutenen eta behartsuenen alde eta ausardiaz salatzen injustizia eta axolagabekeria; eten gabe eskatzen dio Elizari bihozberritzeko eta entzuteko adi Ebanjelioaren deia azkeneko baztertuengana zabaltzeko, etorkin eta errefuxiatuengana, zahar, langabe, preso eta prostituziora behartutako emakume eta umeengana… Bere ahotsak, ordea, esan liteke frontoi paretarekin tupust egiten duela hemen eta Munilla hesia daukala aurrez aurre. Frantzisko Aita Santuaren ahotsa ez litzateke iritsiko gure parrokietara, apaiz eta kristau batzuk ez baleude kontzientzia bizikoak eta erneak, eta komunikabiderik eta internetik ez balitz. Hau da hau aldea: Frantzisko Aita Santua, Jesusen espirituaz, pobreak Elizaren lehen tokian ipintzen eta kristauak arrasto horretan barrena gidatzen, Pobreen Munduko Egunean bezala, aurreko igandean, Vatikanon jangela erraldoi bat egokitu eta 3.000 behartsurekin bazkalduz; Munilla Gotzaina, ostera, tenpluko merkatarien eta diruzalekeriaren espirituaz, Elizbarrutia euroen eromenera eramaten. Hau da hau Elizaren izen ona galtzea, a zer burla Elizbarruti honi, bere sinesgarritasunerako kinka larria eraginez hala nola fedea eta Ebanjelioa eskaintzeko.
Gipuzkoako parrokietako kristau izanik diogu: eskandalizatuta gaude eta haserre bizian halako botere abusuagatik, eta baita elizan bertan dauden axolagabeengatik ere, ematen baitu eroso egon nahiago dutela bidegabekeria honen gurutzea hartu eta salatu ordez. Ez gaude prest besoak tolestuta geratzeko. Ahotsa altxa eta protestatu besterik ezin dugu egin. Ez gehiago gotzainaren abusurik. Ez gure izenean.
GIPUZKOAKO PARROKIETAKO 44 LAIKO PASTORALGILEEK SINATZEN DUTE: Inma Urrestarazu Karrera, Juan Antonio Zabala Maiz, Josu Estibariz Aristi, Iñaki Iraola Artola, Bittori Tapia Garmendia, Marixabel Otaño Agirre, Inmaculada Elizalde Ara (eta beste 33 sinadura).
Gotzaindegia hotel: ebanjelioaren kontrako lotsagabekeria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu